Giro paregabean ari dira ospatzen Arabako ikastolen jaia
Egitarau zabalak, gune paregabeak eta eguraldi dotoreak milaka ikastolazale ekarri dituzte, gaur, Olarizura, Araba Euskaraz ospatzera. Aurtengo leloak dioen moduan, mugaezin nahi dugu euskara, eta egiazki, gaur, euskaran eta euskal kulturaren adierazpen askotarikoan murgildu dira gasteiztarrak eta arabarrak bezala, Euskal Herriko lurralde desberdinetatik etorri diren herritarrak. Eguzkia lagun dugu aurtengo ekitaldian, eta egiten duen giroak naturaz eta Arabako ikastolek prestatu dituzten hiru guneetako eskaintzaz gozatzeko aukera ederra ematen du. Arabako ikastoletako gaztetxo eta gazteak ere gogo biziz ari dira parte hartzen Erronkan.
Goizeko hamarretan ekin zaio Araba Euskaraz jaiari, hasiera ekitaldiarekin. Ikastoletako ordezkarien eta agintarien diskurtsoekin batera, Maider Lasa Santamariaren abestiak eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleen dantza bat ere izan dira entzungai eta ikusgai.
Hirugarren urtez jarraian, Arabako zortzi ikastolen artean antolatu dute gaurko eguna eta urtean zehar Araba Euskarazen baitan egin diren beste hainbat kultur eta kirol adierazpen ere. Gaur bildutako dirua, berriz, Oiongo San Bizente ikastolarentzat izango da. Ikastola guztien elkarlana goraipatu du Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek, eta baita San Bizente ikastola eta Arabar Errioxako beste bi ikastolak (Bastidak eta Assak) kuadrilla horretan euskara biziberritzeko egiten ari diren lana ere. Berrogei urtean, Arabar Errioxan euskara hiztunak %4 izatetik euskara hiztunak edo ulertzen dutenak %40 izatera igaro baitira.
Mendizabalek, aipatu du, dena den, hori ez dela ikastolengatik bakarrik izan. Aitzitik, norbanako, bestelako hezkuntza-eragile, eragile kultural zein politiko eta instituzionalen inplikazioa eta elkarlana abiaraztea ere ezinbestekoa izan dela esan du.
Horietako eragile bat Arabar Errioxako IKA Euskaltegia izan da. Eta kasik San Bizente ikastolarekin batera bidea hasi zuen euskaltegi hauxe izan da aurten Araba Euskarazek omendu duen erakundea.
Goizean jada jendea bazegoen arren, eguerditik aurrera hasi da jendetza iristen. Orduak pasa ahala bero handiagoa egiten duen arren, Olarizun dauden zuhaitzek gerizpe ederra eskaintzen dute, jendea zenbait momentutan eguzkitik babestu ahal izateko.
Esan behar da, herritar askok egin diotela kasu Araba Euskarazen antolakuntzatik duela egun batzuk egindako deiari, eta Gasteizko herritarrak oinez eta bizikletan etorri dira nagusiki. Bizikletentzat egokitutako aparkalekua lepo bete da.
Arratsaldeko 19:00ak arte, askotariko ikuskizun, musika talde, dantza eta bestelako kultur adierazpidez beteriko egitaraua dago, eta ikusten da jendeak ez duela presarik Olarizutik mugitzeko. Aitzitik, egun pasa egitera etorri dira hona hurbildu diren milaka lagunetatik gehienak.