Ikastolen Zazpigarren Batzarra, biharko Euskal Herria hezkuntzatik eraikitzeko

Ikastolen Zazpigarren Batzarra, biharko Euskal Herria hezkuntzatik eraikitzeko

 

 

Ikastolak bete-betean murgilduta daude Zazpigarren Batzarrean. Eztabaidatzen eta erabakitzen ari direna: Biharko Euskal Herriak behar duen ikastola eredua

·

Hezkuntza eta Kultura, Euskal Curriculuma eta materialgintza, Burujabetza digitala, Hezkuntza Marko Orokorraren beharra, erronka soziodemografikoa eta gizartearen eraldaketa eta arrisku eta aukera berriak izan dituzte aztergai.

·

“Garai berri batean sartzen ari gara. Ezagutzen ez genituen errealitate eta erronka berriak ditugu. Herrigintzatik eta hezkuntzatik, erronka horiei erantzun nahi diegu, Ikastola ereduan sakondu eta biharko Euskal Herrian gizartearen eta herritarren tokia aldarrikatu nahi ditugu”, adierazi du Agurne Barruso Ikastolen Zuzendari Nagusiak.

·

 

Iruñeko Baluarten elkartuko dira, ekainaren 22an, euskal lurralde guztietako 114 ikastola, eztabaida segida baten emaitza den ponentzia bozkatu eta erabakitzeko. Bidean, mila ekarpen eta emendakin baino gehiago jaso dituzte.

------------------------------------------------------------------------------

Ikastolok gure Zazpigarren Batzarrari begira lanean ari gara buru-belarri. Ekainaren 22an ospatuko da, Iruñean. Milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar biharko hezkuntzari, biharko ikastolei eta biharko Euskal Herriari egin nahi diegun ekarpenaz hausnartzen eta erabakitzen ari gara. Geuretik onena emanez, geuk dakigun modura: behetik gora, ikastolaz ikastola, herriz herri, izaten eta egiten. Biharko ikastolak irudikatu eta eraikitzen, biharko Euskal Herria eraikitzeko.

Hiru dokumentu landu dira 7. Batzarrari begira: Ikastolen Seigarren Batzarretik hona egindako ibilbidea jasotzen duen txostena da lehenbizikoa; ikastolei eta hezkuntza-sektoreari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnosia jasotzen du bigarren txostenak; eta zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusi nahi ditugun eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituen txostena da hirugarrena.

Ildo horietan biltzen ditugu gizarteak egiten dizkigun eskaerei eta egun ditugun erronka nagusiei erantzuteko proposamenak: erronka demografikoari (jaiotzaren jaitsiera eta kanpotik gero eta jende gehiagoren etorrera), erronka sozioekonomikoei, euskararen biziberritzeari… erantzuten diegu. Baina erronka horiei guztiei gure eredutik, Ikastola eredutik, erantzun nahi diegu. Horregatik, lehenik eta behin, gure ereduaren oinarriak sendotuko ditugu, baita gaurkotu ere. Gure erakundetzea eta saretzea ere indartuko ditugu. Gure hezkuntza proiektuak pertsonak izango ditu erdigunean, eta Hezkuntza Marko Orokorrean definitu dugun pertsona eredua
izango dugu ipar, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ardatz izango duen estrategia ideologiko-pedagogikoarekin.

“Oso pozik gaude ikastoletatik jaso dugun erantzunarekin. Otsailaren 26an eskualdeka hasi genituen bileretan ikusi genuen interes handia erakutsi zutela ikastolek gure zazpigarren batzarrari begira. Bilera horietan ere luze hitz egin genuen etorkizunaz eta planteatzen ditugun proposamenez. Aberasgarria izan zen ikastolen pultsua hartzea, eta orduan ere gogoeta interesgarri eta mamitsuak bildu genituen”, adierazi du Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Agurne Barrusok.

“Nabaritu dugu ikastola bakoitzean ere gogoeta sakonak egin dituztela planteatu ditugun hiru txostenen gainean. Adierazgarria izan da zenbat ekarpen eta emendakin egin dizkieten dokumentu horiei”, gaineratu du Barrusok. Emendakinak aztertu eta zeintzuk onartzen diren eta zeintzuk bozkara bideratzen diren ebazteko Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluaren lana handitu egin du jasotako kopuruak, baina epeen barruan sartu dira. “Emendakin batzuk bere  horretan onartu ditugu, beste batzuk partzialki. Ikastola zenbaitek gai beraren inguruan antzeko emendakinak sartu dituztenez, guztiekin sintesi bat ere egin dugu. Egia esan behar badugu, hasierako proposamena aberastu eta zehaztu egin dute emendakinok. Testuan onartu ez ditugun emendakinak ikastolei itzuli dizkiegu, zergatik onartu ez ditugun adieraziz, eta haien esku geratuko da emendakin horiei eutsi eta batzarrera bozkatzera eramatea, edo erretiratzea”, azaldu du Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak.

Ekarpenei dagokienean ere ugari eta askotarikoak egin dituzte ikastolek: “Gehien gehienak oso baliagarriak iruditu zaizkigu. Gogoeta sakonak dira asko, Batzarrerako dokumentuetara eraman ezin direnak, dokumentuok orokorragoak direlako eta ekarpenak zehatzagoak. Baina aintzat hartuko ditugu, hartuko ditugunez, Zazpigarren Batzarretik aurrera egingo ditugun plan estrategikoetan”.

Ikastoletan eman diren eztabaida saioetan nabari  agertu dira kezka sakonak eragiten dituzten gaiak. Alde batetik, hizkuntz normalizazioari dagozkionak daude; euskararen egoeran eman diren atzerapausoak, euskara ofiziala ez den eremuetako egoera, turistifikazioaren eragina… Pedagogia alorrekoak ere badira: digitalizazioa eta burujabetza teknologikoa, berrikuntza pedagogikoa... Demografiaren bilakaeraren eta egoera sozioekonomikoaren ondorioak ere badira kezka iturri.

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak mugimendua osatzen duten 114 ikastolak zoriondu ditu egin duten lanarengatik. “Erronka handiak ditugu etorkizunari erantzuteko. Baina prozesu honek erakutsi digu ikastolak sendo eta indartsu gaudela. Eztabaida eta gogoeta sakon eta emankorra izaten ari dira. Auzi garrantzitsuak ditugu esku artean, Euskal Hezkuntzarentzat, eta gizarteko auzi garrantzitsuei erantzun nahi diegu hezkuntzatik, ikastoletatik. Hau guzti hau ezin dugu bakarrik egin. Herrigintza dugu oinarri, eta herrigintzari  atxikirik jarraitu behar dugu, gainerako hezkuntza eragileekin, euskalgintzako eragileekin, gizarteko eragileekin eta erakundeekin. Baina guk egiteko handia dugu. Ez da gutxi orain arte egin duguna, baina gehiago dugu egiteko”.