Euskararen mareak blaitu du Orereta-Errenteria

Amaiera paregabea eman diogu urte osoko lanari, Errenterian jende ugari bildu duen Kilometroak jaian. Eguraldia lagun, hitzordu parte-hartzaile, anitz eta alaia bizi izan dugu herriko kaleetan. Aurtengo jaiaren aurkezpenean zehaztutako helburuak, euskara eta euskal kultura, komunitatea eta eskertza, bete dira gaurko ospakizunean. Urte osoko lanari jarraituz, gaurkoa ere auzolanaren eta herrigintzaren indar erakustaldia izan da.

Hasiera ekitaldi berritzaile eta hunkigarriarekin abiatu dugu eguna. Ibiltaria izan da, bizia eta jendetsua. Bertan parte hartu dute Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak; Nekane Artola Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak; Jose Luis Sukia, Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak; Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak; Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak; Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak; eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak. Horiekin batera, herriko hainbat elkarte eta eragile izan dira. Ekitaldia aurrera eramaten lagundu dute Udal Txistulari Bandak, Kukai Dantzak, Ereintza Dantza Taldeak, Xenpelar Bertso Eskolak, Esti eta Mikel Markez musikariek, eta Batukada Feministak. Ikastolako komunitateak ere parte hartu soka dantzan, Txarangillan eta Erriola koreografian.

Marea bizien antzera, jendea aurrera eta atzera ibili da gunez gune herrigunean zehar, eskaintza anitz eta oparoaz gozatzen. Guztira, 1.200 boluntario ibili dira lanean Erriolan, auzolanean. Ikastolako komunitateak garena erakutsi dugu, jai giroan gozatuz eta gozaraziz.

Jaiak aldarrikapenari ere lekua egin dio. Horren adibide, aurki onartzekoa den EAEko Hezkuntza Legeari egindako aipamenak, hizkuntza eredu bakarraren aldeko aldarria,  edota Etxepare Lizeoko txarangak, kamiseta berdeak soinean, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu izana.

Parte hartzailea izan da, era berean, ikastolen jaietan klasiko bihurtzear den Erronka. Guztira, 20 ikastoletako DBHko 280 ikaslek proba ikusgarriak egin dituzte errioaren inguruan. Guztien artean, Legazpiko Haztegi ikastolako taldea izan da garailea.

“Ederra izan da”, aipatu du Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak; “oso positiboa izan da, bai eguna, bai azken asteetako lana.  Ilusioz aritu gara, eta gozatu dugu. Oso pozik gaude erakutsi dugulako ikastolaren ezaugarriak zein diren, eta gaurko eguna izan delako urte osoan egin den lanaren isla”. Lan horrek balioko du aurtengo jaiaren helburuak gauzatzeko: euskararen erabilera herrian sustatzeko egitasmoak martxan jarri, Zubiak Eraikiz egitasmoa (Hendaia, Ziburu, Urruña eta Biriatuko ikastolekin egiten dena, eta gehiagotara zabaldu nahi dena) indartu, eta Añabitarteko ingurua eraberritu.

Euskararen mareak busti du Errenteria; jarrai dezala blaitzen hemendik aurrera ere. Euskararen uholdea jasotzeko prest gaude!

Orereta ikastolaren eta Kilometorak Kultur Elkartearen izenean biziki eskertu nahi ditugu aurtengo Kilometroak jaia aurrera ateratzeko lanean aritu diren 1.200 boluntarioak, bai eta urte osoan lanean aritu diren guztiak. Era berean eskerrak eman nahi dizkiegu babesle, eragile eta modu batera edo bestera ikastolen jai handi hau arrakastatsua izan zedin beren alea jarri duten gutiei.