Prentsa oharra: martrikulazio prozesuaren balorazioa

Ikastolen Etxean, 2023ko maiatzaren 4an.

Ikastolek segregazioari aurre egiteko hartu duten konpromisoari jarraituz, hezkuntza sailak ezarritako ikasle fluxua onartuko dute mugimendua modu orekatuan egin den lekuetan. Prozesuan irregulartasunak eta desorekak antzeman dituzten eremuetan ordea, ez dute hezkuntza sailaren proposamena onetsiko.

Ikastoletan emandako ikasle fluxua desorekatua izan da hein handi batean eta Ikastoletatik irten diren ikasleak jaso direnak baino gehiago izan direla ziurtatu dezakegu. 96 ikasle ez zaurgarri bideratu dira beste ikastetxe batzuetara eta momentuz 49 ikasle zaurgarri besterik ez dizkiete itzuli.

Atzo, maiatzaren 4a, Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin zuen EAEko Ikastola guztiekin, egungo hezkuntza-testuinguruan eta aurrematrikulazio prozesuan eman diren mugimenduak aztertu eta prozesua amaitzear dagoen honetan erabaki irmo bat hartze aldera.

Idatzi honen helburua Ikastolen Elkartea osatzen dugun kide guztion balorazioa jasotzea da, aldez aurretik eta martxoaren 30ean helarazi genuen moduan Ikastolen Elkarteak Hezkuntza akordioarekiko eta onarpen aginduarekiko izan duen jarrera eraikitzailea azpimarratuz. Ez hori bakarrik, argi utzi nahi dugu hasiera-hasieratik ikastolok gure adostasuna eta konpromisoa adierazi dugula Hezkuntza Sailak Onarpen aginduan jasotako printzipio orokor eta helburuekin.

 

AURREMATRIKULAZIO PROZESUAREKIKO IKASTOLEN JARRERA

•    Segregazioaren aurkako itun baten aurrean eragile aktibo izaten jarraituko dugu eta sistema bezala hartzen diren neurri orekatu eta integralak onartu eta gauzatuko ditugu. Ikastolen Elkartea eta ikastola mugimendua kontziente dira arazo handi baten aurrean gaudela eta horregatik sentsibilitate bereziarekin lantzen ari gara gai honi dagozkionak, guzti honen atzean pertsonak daudela kontuan izanda.
•    Segregazioarekin herri mailako arazo baten aurrean gaude, ez da familia kalteberei dagokien gai bat bakarrik. Horregatik, neurriak ez dira familia zaurgarrien banaketan bakarrik oinarritu behar, kalteberak ez direnak ere bertan jaso behar ditugu.
•    Zaurgarritasun tasa finkatzeko prozesuaren gardentasun falta azpimarratu nahi dugu. Oraindik ez ditugu ezagutzen:
             o    Ikastola bakoitzaren eragin eremuko beste ikastetxeen zaurgarritasun tasak.
             o    Ikastetxe bakoitzean (ikastola saretik kanpo) barematu beharreko ikasle edo familia kopurua.
             o    Familiek aurrematrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko erabili dituzten irizpideak. Hau da, familia zaurgarri eta ez zaurgarriak identifikatzeko baliatu den prozeduraren                               inguruan ez dugu berririk.
•    Familien fluxua ez da kasu guztietan modu orekatuan egiten ari. Arazoari aurre egiteko proposatu zen estrategia eta prozedura ez da adostu bezala gauzatu. Zaurgarritasun indizea orekatzeko, familia zaurgarri eta ez zaurgarrien arteko fluxu orekatua ez da kasu guztietan gauzatu. Desoreka horren adibide dira prentsa ohar honen hasieran aipatutako datuak. 96 ikasle ez zaurgarri bideratu dira beste ikastetxe batzuetara eta momentuz 49 ikasle zaurgarri besterik ez dizkiete itzuli.

Horren guztiaren aurrean honako hauek dira ikastolok une honetan hartuko ditugun neurriak:

1.    Behin eta berriz adierazi dugu Ikastolen Elkarteak segregazioari aurre egiteko estrategia partekatu baten aldeko konpromisoa duela. Horregatik zaurgarritasun tasa herriko edo eremuko zaurgarritasun tasarekin parekatzeko, familia zaurgarri eta ez zaurgarrien arteko fluxu orekatua egin den ikastoletan, ikasleen mugimendu hori onartuko dugu.

2.    Baina hainbat ikastolatan banaketa hori ez da modu orekatuan gauzatu eta ondorioz, eremu horietako Ikastolek honako jarrera hartuko dute:
           o Familia kaltetuek helegiteak aurkeztuko dituzte prozesuaren gardentasun falta salatuz eta Hezkuntza Sailari prozedura errepikatu dezala eskatuz. Prozedura berri horretan datuak publikoki               argitaratzeko eskatuko zaie. Zehazki:
                                      - Zaurgarritasun tasa kalkulatzeko erabili den baremazio zehatza plazaratzea. Alegia, familia guztiek eskubidea izan behar dute erantzun duten galdera bakoitzari egokitu zaion                                             puntuazioa jakiteko.
                                       - Eremu bakoitzean eman den ikasleen fluxu zehatzaren datuak argitaratzea. Hau da, eremu bakoitzeko familiak nola banatu diren.
           o Helegite hauen erantzuna jaso eta eskaerak argitzen diren bitartean, prozesua geldiarazteko eskatuko zaio Hezkuntza Sailari.

3.    Familien fluxua gertatzen den garaian, gure ikastoletan ikaspostuak libre geratuko balira, ikaspostu horiei eusteko konpromisoa hartzen dugu. Eta horretarako gure esku dauden baliabide eta prozedura guztiak erabiliko ditugu.