Milaka lagunek Errenteria, Pasaia eta Donostia batu dituzte “Batasunaren bidean” giza katean
Giza kate alai eta koloretsu batek Errenteria, Pasaia eta Donostia elkartu ditu, gaur, “Batasunaren bidean” ekimenarekin. Euskal Herriko ikastoletatik hurreratutako zazpi mila ikaslek eta haiei batu zaizkien ehunka euskaltzalek osatu dute euskara batuari gorazarre egiteko 8.226 metroko soka luzea.
Orereta ikastolak sustatu eta ikastolen jai guztiek osatzen duten “Ikastolak Herriari” egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da, eta euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak omentzeko egin da, eta transmisioa eta jarraitutasuna irudikatu nahi izan da giza katearen bitartez.
Goizeko 10:45etan hasi da ekitaldia Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, eta 11:00etan eman zaio hasiera giza kateari. Ordu erdiz lotuta egon dira Errenteria, Pasaia eta Donostia, eta horren ostean, giza katean parte hartu dutenak ibilbidean prestatuta zeuden bost guneetara hurbildu dira, goizeko saioari amaiera emateko jaian parte hartzera.
Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izan ditu protagonista. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera adierazi zaizkie, giza katearen amaieran eginiko ekitaldietan ikasleetako batzuek irakurri duten idazkiaren bitartez eta egunotan ikastoletan euskara batuaren inguruan egin den lanketaren bitartez .
Giza katearen protagonista nagusiak ikasleak izanik, izaera koloretsu eta baikorra eman zaio ekitaldiari. Gazteek eurek transmititutako pozarekin batera, ekitaldiaren amaieran musikak eta dantzak hartu dute protagonismoa, eta konfeti erauntsi batekin amaitu dute ekitaldia. Giza katearen hasieran parte hartzaileen artean banatu diren zapiek ere lagundu dute ekitaldiari kolorea ematen.
Euskararen batasunaren bidean itzal handia izan duten hamabost bidegile ere omendu dira, eta horretarako prestatutako bost guneetan haien berri eman da panel batzuen bitartez. Hurreratutako guztiek jaso dute, beraz, Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean- Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k egindako ekarpenaren berri, eta hamaseigarren bat ere aipatu da: euskaldun guztiak: “Euskaraz mintzatuz, entzunez, irakurriz, idatziz, ikasiz, lan eginez, abestuz, jolastuz… egunetik egunera, euskara biziberritzen dugulako” .
Arratsaldean, berriz, ekitaldi instituzionala egingo da Errenteriako udaletxeko Areto Nagusian. Udalerriko alkate Aizpea Otaegik, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak, eta Orereta ikastolako ikasle ohi Helene Mendizabalek hartuko dute hitza ekitaldian; azken honek ordezkatuko du ekitaldian omendutako hamaseigarren figura: euskaldun guztiak. Era berean, aitormena adieraziko zaie “Batasunaren bidean” ekitaldiak omendu dituen hamabost bidegileei; horietatik Xabier Kintana bertan egongo da, eta baita omendutako beste askoren ordezkariak ere. Arantxa Urretabizkaiak eta Jean-Louis Davantek adierazi dute ezin izango dutela ekitaldira hurreratu.