Kilometroak 23 jaiak aurtengo egitaraua aurkeztu du
Kilometroak 23 jaiak, urriko lehen igandean egingo den jaiaren aurretik, ekitaldi ugari eta askotarikoak izango ditu, Euskal Herri osora begirakoak horietako hainbat; BERRIArekin elkarlanean, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxieraren 20. Urtemuga oroituko da, eta Euskaltzaindiarekin batera euskara batuaren sortzaileei egingo zaie gorazarre. Gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua, Errenterian bertan, Lekuona fabrikan.
Ikastolen aldeko hatsa, egiteko modua, urte osoan bizirik izango duten ekitaldiak sustatu nahi dira orain Kilometroak jaiaren barruan, Euskal Herri osora begirako ekitaldiei ere tokia eginda. Egiteko modu berri hori gogoan hartuta antolatu du Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak jaiaren urteko egitaraua, ‘Erriola’ leloak zedarritutako bideetan, eta lanerako hiru zutoin nagusi hartuta: “Komunitatea, euskara, eta errelatoaren bidez egindako eskertza”. Gaur egin dute urteko egitarauaren aurkezpena, Orereta-Errenterian bertan, Lekuona fabrikan.
Itziar Navarro Orereta ikastolako lehendakariak hartu du aurrena hitza. “Azaroaren 4an aurkeztu genuen hemen bertan 2023ko Kilometroak jaiaren leloa eta logoa. Gaur, urriaren lehenengora arteko ekimenen mugarri nagusiak aurkeztu nahi dizkizuegu, bakoitzaren inguruko bi-hiru zertzelada izan ditzazuen. Mugarri nagusiak esan dugu, gaur aurkeztuko duguna ez baita egitarau itxi bat; aitzitik, egitarau irekia eta bizia da, eragileekin elkarlanean osatzen joango garena, bereziki herriko eragileekin”, nabarmendu du.
Jaia egituratzeko hautatu diren ardatzen inguruan solastatu da, horien zergatiaz: “Ekimen horiek Kilometroak urterako Orereta Ikastolak hautatu dituen hiru zutoinen inguruan egituratzen dira: Orereta Ikastola 1963an sortu zen, 60 urte bete ditu aurten, beraz, 60 urte hauetan bidelagun izan ditugunei eskerrak emateko erabili nahi ditugu ekimenetako batzuk. Eta eskerrak etorriko direnei ere, euskaratik eta euskaraz. Horri jarraiki, euskara eta euskal kultura gure ekimenen erdi-erdian jarri nahi dugu, euskarak, euskal kulturak, Euskal Herriak ematen baitiote zentzua egiten dugun guztiari. Eta, azkenik, hirugarren zutoina komunitatea da, leloan bertan esaten genuen bezala: erriola, errioaren magaleko faktoria. Uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea”.
Nabarmendu nahi izan du zer erabilera izango duten lortuko diren etekinek ere: “Herriko eragileekin elkarlanean herrian euskara eta euskal kultura sustatzeko proiektu bat abian jartzeko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako hainbat ikastolekin abian dugun Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzeko, eta Orereta Ikastolako ikur den Añabitarte baserria eta inguruak biziberritzeko erabiliko dira”.
Aurkezpen jendetsua izan da gaurkoa, Kilometroak 23 jaiaren inguruan elkarlanerako egin den ahaleginaren erakusgarri. Ikastolen mugimenduko ordezkariak izan dira: Kilometroak kultur elkarteko ordezkari Nekane Artola eta Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga, esaterako. Kontseiluaren ordezkari gisara Paul Bilbao eta Idurre Eskisabel agertu dira. Berria-‘Euskaldunon Egunkaria’-ren izenean, Xabier Oleaga, Joxemari Sors, Mikel Azkune eta Martxelo Otamendi. Propio Kilometroak 23rako sortuko den ‘Adaxka berriak’ ikuskizunaren harira, Landarbaso abasbatzako zuzendari Iñaki Tolaretxipi, EresbilMusikaren Euskal Artxiboko zuzendari Pello Leiñena eta Ainhoa Larrañaga kantaria. Urmugaren izenean, Felipe Uriarte. OreretaErrenteriako Udalak ere babesa erakutsi nahi izan du: Aizpea Otaegi alkatea eta Maite Gartzia kultura-zinegotzia agerraldian izan dira.
Orereta-Errenteriako hainbat elkartetako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean. Jaiarekin bat egiteko proposamena jaso dute guztiek, Kilometroak 23 prozesu bizia delako, eta elkarlanaren bidez egitaraua aberasteko era egongo delako. Antolatzaileek argazki batean batu dituzte agerraldian parte hartu duten ordezkari guztiak.
‘Eukaldunon Egunkaria’-ren itxieraren 20. urtemuga gogoan hartuta
“Eskertzaren” helburuari atxikita, euskalgintzan eta euskararen garapenean funtsezkoak izan diren gertaerak oroitu nahi dira. Eta aurten, urteurrenei begiratuta, badira horretarako helduleku aski sendoak. Esaterako, 2003ko otsailaren 20an itxi zuen guardia zibilak, epaile baten aginduz, ‘Euskaldunon Egunkaria’. Gogora ekarriko da Kilometroak 23rako antolatu den egitarauaren barruan gertaera hura, eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna.
Otsailaren 20an bertan, ‘Egunero behar genuen’ liburuaren aurkezpena egingo da Lekuona fabrikan. Imanol Muria Uria kazetariak idatzi du; ‘Euskaldunon egunkaria’ itxi eta ‘Berria’ egunkaria argitaratzen hasi bitartean argitaratu zen ‘Egunero’ egunkariaren gaineko xehetasunak fin aletu ditu liburuan. BERRIArekin batera antolatutako ekitaldia izango da.
Otsailaren 21ean ikastolako ikasleek hartuko dute lekukoa; DBHko 2. mailako eta Batxilegoko ikasleek propio aztertu dute euskarazko egunkari bakarraren itxiera zer izan zen, euskal prentsak zer garrantzi duen, eta horien berri emanez ‘Egun oro’ argitalpena argitara emango dute, gaiari buruz ikasi eta hausnartutakoak jasota. 5.000 ale inguru banatuko dituzte, BERRIArekin elkarlanean.
Otsailaren 22an, Niessen auditorioan, ‘Euskaldunon egunkaria’-ren itxierari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da: ‘Paperezko hegoak’. Emanaldi hau Ozzinema elkartearekin elkarlanean antolatuko da.
Otsailaren 23an, gaiarekin egindako lanketa osatzeko, herriko hiru txokotan, gaiaz era “artistiko” batean ariko dira diziplina hainbatetako artistak; sorkuntzarekin jantziko dituzte egunkariaren itxierari buruzko gogoetak.
Ekitaldi sorta hori amaituko da otsailaren 24an ‘Kantu bat gara’ emanaldiarekin. Lekuona fabrikan izango da. Jon Maia bertsolariaren ikuskizuna da; urteotan hainbat talde eta abeslariren letragilea izan da, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen du. Euskal kulturaren, historiaren, eta identitatearen ikuspegi berezi bat bilatzen du aurkezten duen kantutegiarekin. Kilometroak 23k landuko dituen hainbat gaiari propio erreparatuko dio Jon Maiak ikuskizunean, eta aparteko izaera emango dio horrek emanaldiari.
Euskaltzaindiarekin batera
“Eskertzaren” helburua gogoan, Euskal Herri osora begira egingo den beste ekitaldietako bat, horra: ‘Milimetroak: Batasunaren bidea’. Elkarlanaren emaitza izango da hau ere, besteak beste, Euskaltzaindiarekin antolatuko baita. Euskara batuak euskararen bilakaeran iragan hamarraldietan izan duen garrantzia nabarmentze aldera, “batasunaren bidean” ekarpena egin zuten hamabost lagunen lana goraipatuko da, eta omenaldia egingo zaie. Zentzuz betetako ekitaldia da. 1963an urrats erabakigarriak egin ziren Baionan euskara batuaren oinarriak jartze aldera; justu urte horretan hasi zuen bidea Orereta ikastolak ere: 60. urteurrena du aurten. Ordutik prozesu jarrai bat izan da euskara batuarena, eta bide osoari erreparatu nahi zaio omenaldi ekitaldi honetan.
Horra, lurraldez lurralde, zein omenduko diren. Araba: Raimundo Olabide eta Henrike Knörr. Bizkaia: Resurrección Maria de Azkue, Luis Villasante, Julia Berrojalbiz, Gabriel Aresti eta Xabier Kintana. Gipuzkoa: Julene Azpeitia, Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Arantxa Urretabizkaia. Lapurdi: Pierre Broussain. Zuberoa: Jean-Louis Davant. Nafarroa: Arturo Campion, Jose Maria Satrustegi.
Martxoaren 24an izango da omenaldia. Giza kate bat egingo da: Orereta-Errenterian Zumarditik abiatu, eta Donostiara helduko da, Parte Zaharrera. 8.000 lagun inguruk bat egingo dute bidea osatzeko. Era berean, egun horretan bertan Orereta-Errenteriako udaletxean egingo du Euskaltzaindiako zuzendaritzak bilera. Arratsaldean ekitaldi instituzional bat egingo da; batasunaren bidean nabarmendutako hamabost pertsonak omentzeko izango da, bereziki. Hilda daude horietako asko, eta haien familiei adieraziko zaie esker ona.
Ikastolen Elkartearen izenean, Nekane Artola mintzatu da ekimenari buruz. “Euskara batuak herri honi egin dion ekarpenaren neurria hartzea ez da erraza: garenaren zati bat zor diogu, garenaren zati bat zor diegu euskara batua sortzeko lanean aritu ziren guztiei. Hezkuntza sistema baterako, euskal komunikazio esparru baterako, hitz batean, herri kohesiorako tresna ezinbestekoa dugu euskara batua”, azaldu du. “Ikastolen mugimendua bera ere ez litzateke berdina, zalantzarik gabe, euskara baturik sortu izan ez balitz”.
Nabarmendu du “gorazarrea” elkarlanaren fruitua izango dela: “Orereta Ikastolatik sortu den ideia honetan Euskal Herriko ikastolen aldeko bost jaialdiek hartuko dugu parte antolakuntzan, Ikastolak Herriari izeneko ideiaren baitan. Eskerrak eman nahi dizkiogu Euskaltzaindiari ekimena gurekin elkarlanean antolatzeagatik, baita gaur hemen gurekin ditugun Euskararen Kontseilua eta AEKri ere, beren inplikazioarengatik”.
Askotariko ekitaldiak
Beste ekitaldi asko ere izango dira. Horratx kronologikoki zerrendatuta urriaren 1ean Kilometroak 23 jaia egin aurretik zer datorren:
Maiatzaren 6an arteari eta sorkuntzari irekiko zaie atea: ’12 orduko ikuskizuna’ egingo da. Herriko artistei, musikan zein beste arte plastiko eta edo dramatikoetan ari direnei, hamabi orduz oholtza eskainiko zaie.
Maiatzaren 19an eta maiatzaren 20an ‘Adaxka berriak’ ikuskizuna taularatuko da. Lehen emanaldia Hendaian izango da; bigarrena, Orereta-Errenterian. Kilometroak 23k propio ekoiztutako ikuskizun bat da, eta Musikasteren egitarauaren barruan aurkeztuko da. Landarbaso Abesbatzak eta Euskal Kultur Erakundeak batera ondu dute eta Orereta ikastolako ikasleek ez ezik, Hendaiako eta Ziburuko ikastoletako ikasleek parte hartuko dute. Ildo horretan, ikuskizunak guztiz bat egiten du ‘Zubiak eraikiz’ egitasmoarekin, banaketa “administratiboez” harago, Euskal Herria jostea baitu helburu. “Gure kulturan, senean, enborrean ditugun sei doinu eta abestien moldaketa berriak egingo ditugu. Egungo gazteentzat erakargarriak izango direnak, hurbilago sentituko dituztenak”, aurreratu dute ikuskizunaren sustatzaileek. Ikasleez aparte, ikuskizunean parte hartuko dute Ainhoa Larrañaga eta Thierry Biscary kantariek ere.
Uztailean kontzertu bat egingo da Urmuga proposamenaren barruan. Kultura beste espazio batzuetara eramanez, berrikuntza eta euskal kultura lantzeko asmoz egiten da Urmuga, eta Kilometroak 23ren xedeen barruan guztiz txertatzeko modukoa dela uste dute antolatzaileek. Zehazteko dago eguna, eta tokia.
Urriaren 1ean izango da Kilometroak jaia bera. Eguna hurbildu ahala, jakinaraziko da ordurako egitaraua.
Beste ekitaldi gehiago ere badira martxan. Realarekin harremanak hasita daude partida bat antolatzeko, Oiartzun errioa garbitzeko proposamen bat zehazten ari dira, eta sorkuntzarekin lotutako hainbat tailer eta proiektu egingo dira. Ekitaldi gehiago ere sortuko dira akaso, prozesu dinamikoa baita Kilometroak 23, bizia. Horien guztien egitarauak eta ezaugarriak findu ahala, publikoki aurkeztuko dira.
‘Euskararen errioa’
Kilometroak 23ko beste berezitasun bat Euskararen errioa izango da. Txanponak biltzea izango da egitasmoaren helburua. Kalkulua egin dute antolatzaileek; kilometro batean, euro bateko 50.000 txanpon sartzen dira… Erronka izango da, beraz, txanpon horiek guztiak biltzea, gero horiek euskararen sustapenerako egitasmoetarako bideratzeko.
Kutxa antzeko bat prestatu dute propio diru bilketa egiteko; txanponak sartzeko prestatuta dago, eta herrenkadan hartzen ditu aurrena txanponak; bete ahala, txanponak erori egiten dira: gero eta handiagoa den “errio” bat dira. Herritarren artean “erronkaren” gaineko ilusioa piztu nahi dute antolatzaileek, ahalik eta txanpon gehien lortze aldera. Ahal dela, Guiness Liburura ere eraman nahi dute erronka.
Ibiltaria izango da txanponak jasotzeko prestatu duten kutxa, eta erronkaren gaineko informazio eguneratua emango dute antolatzaileek datozen hilabeteetan zehar.