Europar STEM Labela lau ikastolentzat
Scientix-ek eskala txikiko proiektu pilotuak antolatu ditu Europako sei herrialdetan, STEM labela hedatzeko. Lau ikastolak parte hartu dute, eta emaitza bikaina lortu dute.
STEM School Labela (ikastetxeetako zientzia-teknologia ikasarloen gaitasun-zigilua) European Schoolnet-en baitako Scientix-en ekimena da. Hain zuzen, STEM gaietan Europako ikastetxeen lan pedagogikoa diagnostikatzen laguntzeko, aitortzeko eta bikaintasuna bultzatzeko ekimena da berau.
Ekimena Europako sei lurraldetan gauzatu da, Euskal Herria barne. Bertan, Bruselako lan-taldearen koordinazioarekin, hiru Scientix enbaxadorek (Arantzazu Fernandez de Arroiabe Idigorasek, Karmele Blanco Etxeberriak eta Erramun Martiarena Sarasolak) beren ikastetxeen ziurtapen/zertifikazio prozesua gidatu dute, eta STEM Eskola Labelaren prozesuan trebatu nahi zuten sareko beste ikastetxe batzuei ere tutoretza eman diete, 2022ko udaberrian eta udan.
Irakasleek eta ikastoletako gainontzeko langileek ahalegin bikaina egin dutela esan daiteke, emaitzen arrakasta aztertzen badugu: Haurtzaro Ikastolak Proficient mailako gaitasun labela lortu du, eta Lautada, Kurutziaga eta Iñigo Aritza ikastolek Competent mailakoa, teknozientzia arloen hezkuntzan egiten duten lana aztertuta.
Euskal Herrian, Irlandan, Kroazian, Letonian, Maltan eta Txekiar Errepublikan, 16 Scientix enbaxadoreren gidaritzarekin, guztira 37 ikastetxek lortu dute oraingo txandan Competent mailarainoko labela, eta bi ikastetxek, berriz, Proficient goi-mailako etiketa.
Euskal Herrian, beste bost ikastetxek lortu dute Competent gaitasun labela.