Euskal Herriko Eskolarteko Finala, larunbat honetan, Orion
Gaur aurkeztu da Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketako Finala. Orion izango da, larunbat honetan, bertako kiroldegian. Eskolartekoaren finalarekin batera Euskal Herriko bertso-eskolen festa ere izango da. Hala, Orio bertsolari gazteen topaleku paregabe bihurtuko da ekainaren 21ean.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu dute aurtengo Eskolartekoaren Finala eta Euskal Herriko Bertso-eskolen Eguna. Bertan izan dira Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu, Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Murua eta Orioko alkate Beñat Solaberrieta.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatu dute aurtengo Eskolartekoa, eta formatu desberdin batean osatu da txapelketa. Herrialdekako finalak, herrialdekako bertso-eskolen egunean egin dira, eta halaxe izango da Euskal Herriko Eskolartekoaren finala, Euskal Herriko bertso-eskolen egunean egingo baita.
Aurtengoan kanporaketa saioak herrialdeka egin dira, formatu goxoan: bertso afariak zein bertso merenduak eginez, edo saioak eskainiz areto txikietan. Guztira 14 kanporaketa saio antolatu dira, eta horietan 15-18 urteko 132 bertsolarik jardun dute bat-batean. Ekimenean 37 bertso-eskolak hartu dute parte.
Hauek izango dira aurtengo Eskolartekoaren Finalean parte hartuko duten bertsolari gazteak:
- Arabatik Peru Abarrategi (1997, Aramaio) eta Maddalen Arrausi (1997, Gasteiz)
- Bizkaitik Asier Galarza (1996, Muxika) eta Aitor Bizkarra (1996, Abadiño)
- Gipuzkoatik Maider Arregi (1996, Oñati) eta Iñigo Ibañez (1997, Azpeitia)
- Lapurditik Aitor Servier (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco (1998, Lekuine)
- Nafarroatik Mikel Lasarte (1996, Barañain) eta Maddalen Lopez (1997, Lesaka)
- Zuberoatik Ibai Capot (1997, Zalgize)
Hauxe da egitaraua:
Euskal Herriko XXVI. Eskolarteko Finala eta Festa
Ekainak 21, Orion
* 11:00etan bat-bateko txapelketa finala
Tokia: Orioko Karela Kiroldegia.
Bertsolariak: 15-18 urteko gazteak.
Saioaren aurkezlea: Beñat Gaztelumendi.
Txapeldunari Maialen Lujanbiok jantziko dio txapela.
* 14:00etan bazkaria, plazan
Euskal Herriko produktu ekologikoekin egindako bazkaria izango da.
Menua: paella, postrea, kafea, edariak (bazkari txartelak erosteko epea agortu da).
Bazkaria etxetik dakartenentzat mahaiak eta aulkiak egongo dira.
* Bazkalostean bertso-eskolen emanaldiak eta erromeria, plazan
Plazan jarriko den oholtzan herrialde ezberdinetako bertso-eskolek prestatutako emanaldiak izango dira. Patxi Etxeberria eta Maialen Lujanbio ere ariko dira bertsotan elkarrekin eta, bukatzeko, 16:00etatik 18:00etara "Obaneuke" taldeak girotutako erromeria izango da.