Araba Euskaraz: Itzulera paregabea Olarizura
Goizean goizetik jendetza hurbildu da, gaur, Gasteizera, Olarizu parkera, Arabako zortzi ikastolek elkarrekin prestatu duten Ara Euskaraz egunaz gozatzera. Aurreko egunetako bero sapa albo batera utzita, eguraldi bikainarekin esnatu da gaur Arabako hiriburua, eta Araba Euskaraz ospatzeko aukeratutako leku paregabeak eskaintzen dituen aukerez eta egun honetarako prestatutako egitarau oparoaz disfrutatzen ari dira bertaratutakoak.
Giro paregabea, bai eguraldiarengatik, bai eta Olarizura iritsi den jendetzaren aldetik ere. Gogotsu ari dira gozatzen egun honetarako prestatu dugun egitarauaz, Olarizuko zelai eta gerizpeez, musikaz, dantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez. Txiki zein handi izan, guztiek dute egun pasa zoragarria egiteko aukera, guztiek daukate parte hartzeko aukera, eta oroz bat, guztiak ari dira ikastolei eta euskarari hauspo erraldoia ematen.
Olarizura itzuli da Araba Euskaraz, duela berrogeita bat urte lehenbiziko ekitaldia ospatu zen gune paregabera. Orduan bezala, aurten ere, Ikastolen Elkartean batzen diren Arabako zortzi ikastolek elkarrekin antolatu dute jaia. Zortziek bat egin dute, euren arteko ikastola txikienari, Argantzun ikastolari bultzada emateko. Sagastietan eraikiko duten egoitza berria finantzatzen laguntzeko izango da gaurko egunean bilduko den dirua.
Euskaraz eta euskal kulturaz gozatzera gonbidatu ditu Liher Larreak, Araba Euskaraz elkarteko lehendakariak, jaiaren hasiera ekitaldira hurbildutako guztiei. Hasiera ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Beraiekin zen, halaber, Kultura eta Euskara sailburua ere. Eta gonbidatuen artean, berriz, alderdi politikoetako ordezkariak eta zenbait hautetsi zeuden, euskalgintzako eta euskal kulturako ordezkariak, eta beste hainbat lagun ere.
Jaia eta aldarrikapena
Arabako ikastolen jai handia, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta haiek hauspotzeko jaia da, ikastolen jai guztiak bezalaxe. Baina aldarrikatzeko jaiak ere badira guztiak. Gaurkoan, ikastolek azken asteotan piztu zaizkien kezkak plazaratu dituzte, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren bitartez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Hitzarmena izan du lehen aipagaia. Bertan jasotzen diren kontzeptuak aipatu ditu, eta kezka azaldu du Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz egiten den aipamena barneratuta ote dagoen. “Azken asteotan egiaztatzen ari gara hezkuntza Hitzarmenean jasota zegoen ideia hau ez dagoela gehiegi barneratuta hezkuntza-komunitatean eta sindikatuetan, ezta alderdi politikoen artean ere”, azaldu du Tellituk. “Gure buruari galdetzen diogu, benetan berdinak izango garen, eskubide eta betebeharrei dagokienez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko garen ikastetxeak”, adierazi du, kezkaz. “Guk argi daukagu, eta gure autonomiatik eta auzolanean lan eginez, euskara eta euskal curriculuma bultzatzeko motore izaten jarraitzeko asmo osoa dugu, erreferentzia nazionala izaten jarraituko dugu hezkuntza eremuan, Euskal Herri osoko ikastetxe guztietarako ikasmaterial aurreratua egiten eta argitaratzen jarraituko dugu eta hezkuntza ereduaren eraldaketa pedagogikoa bultzatzen jarraituko dugu. Beraz, uste dugu toki bat dugula Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren erdigunean, eta bertan integratzen diren gainerako zentroekin batera lan egiteko bokazioa dugu”.
Araba, Bizkai, Gipuzkoarako hurrengo sei urteetarako planifikazioa gauzatzen ari den momentuan, epe luzez hitz egin eta adosten ari ziren irizpideak aldatu egin dituztela ere salatu du Tellituk. “Bat-batean, egoera aldatu egin da, gelak ituntzeko irizpidea aldatu egin da, arriskuan jartzen ari dira ikastola txikien biziraupena, lerro bakarrekoena, proposatutako planifikazio ereduak gelak ixtea ekar bailezake, eta sei urterako denez, hemendik sei urtera oso egoera larrian gera bailitezke”. Beste eremu batzuetan ematen ari diren mugimenduak ere kezkaz bizi dituztela esan du: 0-2 urteko etaparen ingurukoak, hezkuntza berezian izan diren irizpide aldaketak... “Hezkuntza Sistemaren parte izanda, ez zaigu aitortzen egiten dugun lan guztia, eta ezartzen zaizkigun irizpideak desberdinak dira, gogorragoak”.
Konponbidea egon badagoela ere san du: “Egun dagoen planifikazio proposamena ez dugu onartzen, baina egingarria ikusten dugu akordioa, duela hiru asteko planteamendura itzulita”. Tellituk, dena den, eskua luzatu die Administrazioari zein beste hezkuntza eragileei, “denok baikaude itsasontzi berean, denok nahi baitugu hezkuntza sistema aurrera ateratzea eta gure seme-alabek etorkizun oparoa izatea. Egin dezagun lana bide horretan”.
Baionan aste honetan ikasleei azterketak euskaraz egiteko eskubidea urratu zaiela ere aipatu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta frantziar polizia indarren oldarraldia ere salatu du. Indarkeria jasan duten ikasle, guraso eta irakasle talde horrek, Euskal Herriko 113 ikastoletako komunitatea ordezkatzen duela azaldu du Tellituk. “Ez dira hogei edo ehun; milaka eta milaka herritar gara, Euskal Herri osoan hezkuntza, antolamendua, herria eta etorkizuna ulertzeko ikuspegi komun bat dugu, saretuta gaude, eta elkarrekin daramagu aurrera gure hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapen hau”.
Aitortza eta omenaldia
Araba Euskaraz jaiari hasiera emateko ekitaldian aitortzarako eta omenaldirako tarterik ere izan da. Jai honen ezaugarri nagusia auzolana izanik, berrogei urte luzeotan Araba Euskaraz aurrera ateratzen laguntza eman duten guztiak eskertu nahi izan dituzte, eta haien guztien izenean, Arabako ikastola bakoitzeko pertsona bana omendu dute. Urteetan Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan aritu den Anjel Olalde ere omendu dute, nahiz eta hark ezin izan duen ekitaldira hurreratu. Eta Alea aldizkaria ere omendu dute, 2015ean sortuta, dagoeneko Arabako euskaldunen erreferentziazko hedabide bihurtu delako, dela prentsa idatzian, sarean eta sare sozialetan.