XXI. Jardunaldi Pedagogikoak: ondorioak
Lehenik, astelehenean atariko hitzaldi batean zientzien ikuspegi bateragarri baten berri jaso genuen. Zientzien bata bestearekiko beharraz eta elkarlanaz aritu zitzaigun Perez Iglesias jauna. Ezagutza ez dago eta, diziplina edo arloka antolatuta.
Asteazken goizez, Neus etorri zitzaigun esperimentazioa eta teoria uztartzearen garrantzia azpimarratuz. Elhuyarren eskutik Europan zientzia hezkuntzaren aurrean zertan ari diren kontatu ziguten. Matematikaren beharraz Santiago Fernandez aritu zen, eta egunerokotasunak sortzen dituen egoerek irribarrea ere eragin ziguten. Eguna bukatzeko Lekeitioko eta Lazkaoko esperientzia onak ezagutu genituen. Ederrak.
Ostegunean Neus eta Araitz aritu zitzaizkigun gaia sakontzen, metodologiaz, pentsatzearen beharraz, eta galdera onak egiten jakiteak duen garrantziaz jabetzen lagundu digute. Hau guzti hau hankamotz geratuko litzateke esperientzia eta praktikak ekarri izan ez bagenitu. Horregatik, ikastoletako partaidetza eta joko zein jolas desberdinekin batera esperimentatzeak dakarren sostenguaz aritu gara bi egunetan.
Erakustea ez da soilik informazioa ematea. Pentsatzea, planifikatzea, dokumentatzea, esperimentazioan erabakiak hartzea, frogatzea, konektatzea eta, batez ere, egoerak ULERTZEA dela esan dugu. Esperimentazioa eta teoria bata bestea uztarturik daude. Ezagutza haratago doa.
Galderak eta galderak sortzen zaizkigu. Ikerlari izateko kuriositatea izan behar du ikasleak eta gure zeregina, askotan, horixe sortzea, piztea da. Jakin-nahia izatea.
Ezagutzeko grina izatea. “Munduak harritu egiten nau” zioen filosofo handi batek. Eta guk hori ulertu nahi dugu, mundua, gure errealitatea. Gertakari eta egoera desberdinen aurrean kokatu, eta batetik besteetara eramangarria dela ulertzea, alegia, “transferiblea” dela ulertzea da xedea.
Jardunaldiotan egon zareten lankide, Haur Hezkuntza zein Lehen Hezkuntzako irakasleok bi egun hauetan galdera asko egingo zenieten zuen buruei. “Nolakoa da nire jarduna?”; “Benetan ongi bideratzen ditut gaiak?”; “Zein da nire konpetentzia zientifikoa?”. Batzuek zorrotz, besteek ez hainbeste, kalifikatuko zenuten zuen egitekoa, eta hori da aberasgarriena, gai baldin bagara geure burua ebaluatzeko, gai bagara oraindik ere zalantzan hainbat gauza jartzeko, egiten duguna hobetzeko asmoa badugu, ondo gaude. Bikain!
Baina badakigu hau guztia bakarrik ezin dugula egin, denon artean ezagutza konpartituz, esperientziak trukatuz, esperientziak aztertuz eta baloratuz metodologia eta didaktika hobetuko dugula.
EHIren aldetik, geure konpromisoa egun hauetakoa eskegi eta eskura jartzeaz gain, prestakuntza ildoak bideratzea eta gure irakasleengan eragiteko irakasle konpetenteak izan gaitezen bidelagun izatea, eta hurrengo prestakuntza planetan ere zuekin beti bezala kontatzea da gure asmo zuzena.
Mila esker partaide eta laguntzaile guztioi. Orain ikasgelara bueltatuko gara. Jardunaldiotan ikusitakoa eta entzundakoa lehenbailehen praktikan jar dezagun.
Laster arte beraz.
Xanti Aranburu eta Belen Baztarrika