Ibilaldiaren data aldaketari buruzko azalpenak

Gaur, ostirala, EHIko lehendakari Koldo Tellituk eta Bizkaiko Lurralde Batzordeko koordinatzaile Juan Carlos Gomezek hedabideen aurreko agerraldia egin dute, aurtengo Ibilaldia jaia astebetez atzerako hartutako erabakiaren xehetasunak emate aldera. Prentsaurrekoa azken asteetan sare sozialetan eta Gernikan eta inguruetan piztu den eztabaidak bultzatuta egin da, eta, era berean, erabakiaren erantzukizuna EHIrena eta Bizkaiko Lurralde Batzordearena izan dela argi uzteko.

Hauxe da gaurko prentsaurrekoan esan dena.

BILBO, 2014ko otsailaren 28a

IKASTOLEN ELKARTEA. PRENTSAURREKOA

Prentsaurreko deialdian esaten genuen moduan, aurtengo Ibilaldia jaiaren data aldaketaren xehetasunak ematera gatozkizue. Data aldatu genuenean, ez genuen uste prentsaurreko bat egitea beharrezkoa zenik, logikotzat jo baitzitekeen Ibilaldia bezalako jai bat, non ehun mila lagunetik gora biltzen baikara, hauteskunde egun batean kokatzea ezinezkoa zela, eta data aldatu beharra zegoela.

Azken asteetan, ordea, hainbat mezu zabaldu dira sare sozialetan. Ibilaldia astebete atzeratu izanaren ondorioz Eskola Publikoaren jaiaren egun berean ospatzera garamatzala-eta, erabakia okerra izateaz gainera, Eskola Publikoaren jaia zapuzteko helburuarekin egin dugula ere leporatu digute. Ez zen gure asmoa, inondik ere, halakorik egitea. Eta hori argi gera dadin bultzatu gaitu deialdi hau egitera.

Maiatzaren 25eko datari eusteko ezintasuna begien bistakoa da. Hauteskunde egun batean ehun mila lagun egun osoko jai batera mobilizatzea ez da gure aurreikuspenetan sartzen. Batetik, hauteskunde eguna bera baldintzatu dezakegulako. Bestetik, segurtasun arazoak eragingo genituzkeelako. Alegia, Ertzaintzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztietan egon behar duen egunean, Gernikan dispositibo berezi bat ezartzera behartzea ia ezinezkoa da, eta guk ezin dugu gure aldetik segurtasun hori bermatu.

Jaia igandez ospatu beharrean larunbatez ospatzea ere ez da gure aurreikuspenetan sartzen. Batetik, tokiko merkataritzan eta tokiko herritarren bizimoduan izugarrizko eragina duelako. Bestetik, igandeetan, gure jaiak amaitzen direnean, ia dena amaitzen da; baina larunbat batean, gure jaia amaituta, larunbat iluntze-gauean jende andana geratzeko aukera handia dago, eta horrek herrian bertan, eta jaiaren segurtasun dispositiboa amaituta, eragin ditzakeen segurtasun eta ondorengo garraio arazoak handiak izan daitezke, jaiak eskatzen duen azpiegitura guztiaren desmuntaketan eta garbiketan izan ditzakeen arazoak alde batera utzita. Eta gu ez gaude prest erantzukizun hori beste baten esku uzteko; kasu honetan bertako udalaren esku.

Faktore horiek aintzat hartuta, data aldatu beharra ezinbestekoa zen. Eta data aukeratzea ere oso zaila zen. Izan ere, maiatzaren erditik ekainaren erdira bitarte, hezkuntzarekin loturiko jaiak ospatzen dira igandero.

  • Maiatzaren 11, Herri Urrats
  • Maiatzaren 18a, Euskal Eskola publiko berriaren jaia
  • Ekainaren 1a, Euskal Eskola Publikoaren jaia
  • Ekainaren 8a, Euskal Eskola Txikien jaia
  • Ekainaren 15a, Araba Euskaraz

Ibilaldia astebete aurreratzea edo astebete atzeratzea erabaki behar genuen, jakinik erabaki bat edo bestea hartu, beste jai ospakizun batekin batera egin beharko genuela.

Ez da lehenbiziko aldia Ibilaldia maiatzeko azkeneko asteburuan egiten ez dena. 2003an, 2007an, 2011n eta 2012an ez ziren maiatzeko azken igandean egin. Baina data erabaki eta aldatu behar izan ditugun bi aurrekari ditugu. 2007an aurreratu egin genuen, Udal eta Foru hauteskundeekin bat ez egiteko. 2012an atzeratu egin genuen, Athleticek kopako finala irabaziz gero, ospakizun eguna Ibilaldiaren egun berarekin egokituko zelako.

Ibilaldia astebete aurreratuta, 2007an bezala, Sortzen Ikasbatuazen jaiarekin bat egingo genukeen berriro. Kontuan hartu behar dugu, gainera, iaz Eskola Publiko berriaren Jaia bertan behera utzi behar izan zutela eguraldi txarrarengatik. Hori dela eta, astebete ez aurreratzea erabaki genuen.

Orduan, Balmasedan egingo den Eskola Publikoaren jaiaren egun berean Ibilaldia egitea erabaki genuen. Gure erabakiaren berri eman eta xehetasunak azaltzeaz gainera, erabakiak haien kontrako ezer ez zuela garbi adierazteko behin baino gehiagotan bildu gara EHIGErekin. Udazkenean hiru bider elkartu gara beste bilera batzuk aprobetxatuz (Heziberri 2020ri buruz edo LOMCEren aurkako estrategiaz hitz egin dugunean). Uste dugu argi adierazi dizkiegula gure arrazoiak, eta, era berean, uste dugu beraiek ere ulertu dutela data aldatu behar izan dugula. Hori da gure ustea, behinik behin.

Ulertzen dugu EHIGEk gure erabakia gustukoa ez izatea. Guk ere ez dugu erabaki hau kapritxoz hartu, egoerak behartuta baizik. Baina erabakiaren atzean, ez dago, inondik ere, Eskola Publikoaren jaia zapuzteko asmorik. Aitzitik, uste dugu, zenbaitzuek piztu duten publikoa-kontzertatua eztabaida edo lehia, antzua izateaz gainera, aspaldi gainditu beharreko dikotomia zaharkitua dela. Espero dugu Eusko Jaurlaritzak iragarri duen Hezkuntza Legeak behin betiko lurperatuko duela eztabaida hori. Guk, behintzat, ez dugu halakorik elikatuko.

Era berean, ordea, uste dugu bai Ibilaldiak, eta baita Eskola Publikoaren aldeko jaiak ere, bi helburu konpartitu garrantzitsu dituztela: euskararen normalizazioa eta euskal hezkuntza bultzatzea. Helburu horiek aintzat hartuta, bi jaiak xede horien aldeko batuketa edo biderketa bat izan beharko lirateke, eta ez luke suposatu behar, zenbaitek azaldu duten moduan, zatiketa bat.

Horregatik, herritarrak animatu nahi ditugu ekainaren 1ean ikastolen aldeko jaira edo eskola publikoaren aldekora joatera.

Mila esker.