Euskaraz jolasteko bi aukera gehiago
Ikastolen Elkarteak esperientzia luzea dauka euskarazko jolas eta jokoak garatzen. Ildo horri jarraituz, bi mahai-joko dibertigarri plazaratu ditu negu honetan: Nor da nor? eta Urkatua. Joko bi hauen helburu nagusia haurrei euskaraz bizitzen laguntzea da, euskaraz dibertitzeko tresnak eskaintzea, eta, baita ere, jolastuz ikastea.
Nor da nor? (+5)
Arau soileko jokoa: Galdera-erantzuneko jokoa, oinarrizkoa.
Bi pertsonaia-sorta jokalari bakoitzarentzat. 2 bilduma, 48 pertsonaia.
Jokoaren helburua beste jokalariak aukeratutako pertsonaia ahalik eta bizkorren eta hark baino lehenago igartzea da, ahalik eta galdera egokienak eginez.
Joko honetan hainbat pertsonaia ezagun eta dibertigarri aurkituko dituzu: Argitxo, Mari, Tartalo, Sugar, Fermin, Maddalen, Urdintxo, Pox… Lanbideei lotutako hainbat pertsonaia ere badira: suhiltzailea, mekanikaria, musikaria…
Jolasteko ohiko eraz gain, beste hainbat era proposatzen dizkizugu jokoak dituen euskarri desberdinekin jolasteko: Asmatu pertsonaia, Asmatu ipuina, Taldekatzen, Pare-jokoa, Mimika, Kontzientzia fonologikoa lantzen, Arauak adosten, Galdetzen eta, azkenik, Beste hizkuntza baten jolasten.
Joko honen bidez neska-mutilek hainbat oinarrizko konpetentzia garatuko dute:
- Ekimena izatea eta beren burua estimatzea.
- Kideekin jolasterakoan aniztasuna onartzea eta espazioa antolatzea.
- Hizkuntza baliabideak erabiltzea.
- Behatzen eta sailkatzea.
Joko honetako pertsonaiek lotura estua dute Urtxintxa eta Txanela proiektuekin.
Urkatua (+6)
Arau soileko jokoa da: Galdera-erantzuneko jokoa, oinarrizkoa.
Jokoaren helburua beste jokalariak aukeratutako hitza asmatzea da, hitz hori osatzen duten letrak igarriz. Euskaraz zein ingelesez jolasteko.
Jokalari bakoitzak zortzi letratako hitza pentsatuko du eta letraz letra osatuko du, euskarriaren goialdean horretarako dagoen tokian jarriko du, eskuinetik ezkerrera, eta jartzen duenari begira, norberari begira, beste jokalariak ikus ez dezan.
Jokalari bakoitzak beste jokalariak aukeratutako hitzak zer letra izan ditzakeen pentsatu beharko du, eta letra horiez galdetu. Igartzen ez badu, urkatuaren irudian posizio bat mugituko du. Urkatuaren irudia bederatzi pausotan osatzen da. Irudi osoa agertzen ikusten duzunean galduta zaude!
Jolasteko ohiko eratik aparte, beste proposamen batzuk eskaintzen ditugu argibideetan: ‘Bi euskarri’, ‘Hasten da, hasten da…’, ‘Nahaste-Borrastea’, ‘Irudiak idazten’, ‘Hitza, jolas’, ‘Arauak adosten’, ‘Ingelesez jolasten’.
Joko honek hainbat oinarrizko konpetentzia garatzen lagunduko die neska-mutilei:
- Gozatzen eta arazoei aurre egiten
- Parte hartzen, arauak errespetatzen
- Tresnak erabiltzen, mugimenduak koordinatzen
- Galderak egiten, arretaz entzuten
- Ordenatzen eta ondorioak ateratzen