Errigoraren 'Eskutik eskura' kanpainako produktuak eska daitezke jada
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatu nahi dizu. Martxoaren 10etik 30era Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dituzu, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Azken urteetan Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren hautuei esker pauso sendoak ematen ari dira Nafarroako baratzean, oinak lurrean eta emeki, bestelako ekoizpen eta banaketa-ereduak ohiko bihurtzeko bidean. Lur-eremu berriak jarri dituzte bestelako ereduen esku, kanpotik ekartzen genituen produktuen ekoizpena gurean berreskuratzen lagundu da, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diete eta euskarari olio-errota eta kontserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiote. Bistan da hori guztia ez dela egun batetik bestera egiterik; oraindik bide luzea dago elikadura-burujabetzara, baina egindako bideak erakutsi du ekoizteko erak aldatzeko bide eraginkorra izan daitekeela kontsumitzeko modua aldatzea.
Eskaerak
Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.
Banaketa
Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzu. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa-guneak.
Ordainketa
Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean.
Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.