AZTERKETAK EUSKARAZ!
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako ordezkariekin eta Azterketak Euskaraz! kolektiboarekin batera, guraso, langile eta euskaltzaleak deitzen ditu Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen alde martxoaren 4ean, ostiralez, ikastola guztietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera.
- Baxoari dagokionez, gure ikasleek oraindik ez dakite zein hizkuntzatan egingo dituzten Batxilergoko Berezitasuneko bi probak eta Ahozko Handia. Abenduaren 14ko zirkularrak dio «proba batzuk» euskaraz aurkeztu ahalko direla. Baina, momentuz, ezezkoan daude, eta kezkatuta gaude Frantziako hezkuntza instituzioen jarrerarekin. Zirkular hori, aurrerapauso bat izan ordez, atzerakada bat izateko arriskuan da. Ezin dugu 30 urte atzera egin.
2019an, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) eta Frantziako Hezkuntza agintariekin hitzarmen bat sinatu genuen ikasleek azterketa hauek euskaraz egin ahal izateko. Hezkuntza agintariek, ordea, akordio hori berrinterpretatu egin nahi dute eta azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu. Hitzarmena bete egin behar da, eta ikasle guztiek aukera izan behar dute Ahozko Handia euskaraz egiteko.
Brebetari dagokionez, berriz, ez dugu onartuko beronen antolaketarako arazo teknikoen aitzakiarik. Bost hilabete barru izango dira probak, eta nahikoa denbora badago horien zuzenketa antolatzeko.
Guretzako ez dago dudarik, azterketak euskaraz egiteko eskubidea dute gure ikasleek, eta Brebetan eta Baxoan ez badugu aurrerapausorik, beren eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara.
- 2022ko Brebeta eta Baxoaren inguruan Frantziako Hezkuntza agintarien erantzunaren zain gauden bitartean, agintari akademikoak zigorren bidez erantzuten ari dira.
Iragan ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta frantsesez egindako Brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Bordeleko Akademiari jakinarazi zioten erabakiaren berri, zerbitzua antola zezan.
Baina legezko eskakizun horri, desobedientzia zibileko ekintza horri, sei hilabete berantago, azterketen zuzendariak, Bordeleko Akademiako Errektoretzaren izenean jarduten duenak, zigor ekonomikoekin erantzun dio: "Zuzenketara ez aurkeztea justifikatu gabeko huts egite bat” dela esan, eta irakasle horiei soldata atxikipen bat egin die.
Gure elkartasuna adierazi nahi diegu irakasle hauei, eta Bordeleko Errektorearen jarrerarekin dugun kezka sakona partekatu nahi dugu.
- Era berean, Iparraldeko ikastoletako guraso, langile eta ikasleei Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu, eta erakutsi Frantziako hezkuntza agintariak ez direla ari Seaskaren aurka soilik, ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik.
- Halaber, erakundeei, alderdi politikoei eta gainerako eragileei ere dei egiten diegu. Hau ez delako, arestian esan bezala, Seaskako komunitatearen aurkako erasoa bakarrik; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainerako eragileek ere badute erantzukizuna.
- Amaitzeko, euskal gizarteari ere dei egiten diogu, Seaskako komunitateak herritarren hatsa izan dezan, Frantziako Hezkuntza agintariak ohar daitezen ez dugula onartuko gure ikasleei azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzea eta prest gaudela borrokatzeko gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan arte.
Horregatik, dei egiten dugu Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubideren alde ikastoletan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera. Azterketak euskaraz!