Uribe Kostak irabazi du Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketa

Bilboko BBK Salan jokatu zen, atzo, Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketako finala, Uribe Kosta eta Lea Artibai eskualdeetako ordezkarien artean. Epaileen puntuazioak estu-estu joan ziren, eta puntu biko aldeaz irabazi zuen Uribe Kostak. Hain zuzen ere, txapeldunek 443,5 puntu batu zituzten, eta Lea Artibaik 441,5 puntu. 
BBK Sariketako finalean ohikoa izaten den moduan, bertsolari gazteek elkarri adarra jotzeko aprobetxatu zituzten ariketak. Gainera, irudimen handiz kantatu zuten, hasierako agurretik bertatik. Izan ere, puntuagarria da ariketa hori. Aretoko giroa berotzen lagundu zuen bertsolari gazteen jardunak.
Uribe Kostak, aurtengo irabazleak, seikote hau eraman zuen finalera: 18 urtera artekoetan, June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago; 26ra artekoetan, Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Peru Irastorza.
Lea Artibairen taldean, berriz, hauek izan ziren oholtzan: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga gazteetan; eta Aissa Intxausti, Garazi Navarro eta Naia Ibarzabal nagusietan.
Igor Menika izan zen saioko aurkezlea. Epaileen taldean Beñat Romero, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi egon ziren, eta Idoia Anzorandiak egin zituen idazkari lanak. 
Puntuaketa jakinda, sariak banatzeari ekin zioten. Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkartekoak eta Ainhoa Markinez Bizkaiko Bertsozale Elkartekoak hartu zuten parte. Finalistez gain, oholtzara igo ziren sariketan parte hartu duten gainerako eskualdeetako ordezkariak ere, eta opari bana jaso zuten. Uribe Butroeko Jokin Arriolak, bestetik, kantaera onenari ematen zaion saria irabazi zuen. 
Urriaren 8an hasi zan XXIX. txapelketa eta, finala baino lehen, lau kanporaketa eta finalaurreko bi jokatu dira Bizkaiko hainbat herritan. Saio gehienak ikastetxeetan egin direnez, gehienbat ikasle gazteek osatu dute publikoa.
Bizkaiko eskualde guztien ordezkari, zortzi taldek hartu dute parte BBK Sariketan. Bakoitzak sei bertsolari aurkeztu behar dituela kontuan izanda, 48 bertsolari igo dira oholtzara gutxienez, baina gehiago izan dira, talde batzuek seikote desberdinak aurkeztu dituztelako egun bakoitzean.