Kataluniako murgiltze ereduaren kontrako epaiaren irakurketa
Kataluniako Hezkuntza Sistemako murgiltze ereduaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak eman berri duen epaiaren aurrean, lehenik eta behin gure gaitzespena adierazi nahi dugu. Herri batek bere hizkuntza, hizkuntza gutxitua gainera, biziberritzeko nahia aurrera eramateko bideari ezin zaio trabarik jarri, ez legeen bitartez, eta ezta lege horiek interpretatu eta epaiak ematen dituzten erakundeen bitartez ere. Aitzitik, hizkuntza gutxitua biziberritzea kaltetzen dituzten bideak dira moztu beharrekoak, bai legeen bitartez, eta baita lege horiek interpretatu eta epaiak ematen dituzten erakundeen bitartez ere. Zoritxarrez, atzo Katalunian bezala, aldioro Euskal Herrian, maiz gertatzen zaizkigu horrelako erasoak.
Epaiak, dena den, ez gaitu harritu. Kataluniako Auzitegi Nagusiak aurretik emandako epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Kontuan izan behar dugu, Kataluniako Hezkuntza Legean duela oinarria epaiak. 2009an onartu zen lege hori, Espainian LOMCE legea indarrean zegoela eta, testuinguru horretan, ikasgaien %25 gaztelaniaz ematera behartzen zuen dekretu bat indarrean zela. Beraz, hori aintzat hartuta, bi auzitegiek bat egin dute dekretuaren irakurketarekin.
Gaur egun, LOMLOE legea dago indarrean. Lege honen 38. xedapen gehigarrian adierazten da, hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan murgiltze eredua ezarri daitekeela. Espainiako Hezkuntza Lege berria onartu zenean, xedapen hori aipatu genuen legearen alderdi postibo bakartzat. Izan ere, xedapen horren bitartez, erkidegoetako gobernuek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte ikasle guztiek, gure kasuan, euskarazko komunikazio gaitasuna osoki garatzeko. Gainera, murgiltze ereduan sakontzeko aukera ematen du, ikasgeletatik harago; hala nola patioetan, eskola-jantokietan eta curriculumetik kanpoko jardueretan.
Gaztelaniari dagokion “komunikazio-hizkuntza” kontzeptua desagertzeaz harago, xedapen gehigarri honen 3. paragrafoak hainbat neurri hartzeko aukera ematen du, ikasleek euskarazko hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna behar den maila lor dezaten bermatzeko. Hori bai, hori gauzatu ahal izateko, euskal hezkuntza sistema arautuko duen hurrengo legeak ezarri behar du euskara dela komunikazio-hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza gure hezkuntza sisteman. Beraz, euskararen gaiari dagokionez, aukera paregabea dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako garatuko den hurrengo hezkuntza legean euskarari behar duen bultzada emateko, bai eta ikasleek, derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean, euskaraz gaitasun osoa izateko ere.
Garrantzitsua izango da, halaber, lege honetan murgiltze eredua arautua egotea, eta ez mugatzea euskara eskoletako komunikazio-hizkuntza gisa ezartzera, baizik eta ikasleen artean euskararen ahozkotasuna praktikatzeko benetako giroa sortu beharra ere jasotzea. Euskal eremuan arau-garapen hori egin gabe, xedapen gehigarria ia ezerezean geratuko litzateke. Ezin da beste aukera bat galdu gure hizkuntzarentzat.
Garrantzitsua izango da, halaber, 1513/2006 Errege Dekretua aldatzea (LOMCE arautzeko eginikoa; auzitegien epaiek aipatzen duten gazteleraren % 25aren jatorria dekretu honetan dago), gaztelaniaren gutxieneko komunikazio-erabileraren zehaztapena organo judizialek adierazi duten bezain handia izan ez dadin
Azkenik, epai honek are eta premiazkoago egiten du gure hezkuntza sistemaren lege berriak murgiltze eredua jasotzea eta hizkuntza ereduak indargabetzea. Hala egiten ez badu, Espainiako justizia auzitegien eta helegiteak jartzen dituzten Espainiako alderdi politikoen eta gure hizkuntzari erasoka dabiltzan bestelako eragile batzuen esku egongo gara berriro, Katalunian gertatu den bezala. Gure hezkuntza-sistema arautuko duen legean LOMLOEren 38. xedapen gehigarriak adierazten dituen terminoetan murgiltze eredu bat jasotzea da gure hezkuntza-sisteman euskara normalizatzeko gaur egun dagoen benetako blindaje bakarra. Eskura jarri digute; aprobetxa dezagun.