Arabako ikastolek elkarrekin antolatuko dute 2022ko Araba Euskaraz
ZORTZIGARREN ALABA
Trebiñu Araba da, Trebiñu euskara da. Euskara dakargu. Zazpigarren alabaren zortzigarren alaba gara gu.
Berrogei urte bete dira aurten, lehenbiziko Araba Euskaraz ospatu genuela, Gasteizen, Olarizun. Berrogeita bigarren Araba Euskaraz Olarizura itzuliko da heldu den urtean. Orduan bezala, datorren urtean ere, Arabako ikastolok elkarrekin antolatuko dugu Araba Euskaraz.
Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu, Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba.
HELBURU OROKORRAK
- Ikastolekiko atxikimendua lortzea ahalbidetzen duen jaia da ARABA EUSKARAZ.
- Ikastola ereduaren eta ikastolaren beraren zereginaren/xedearen zabalkunderako tresna da.
- Ikastola komunitatea indartzeko balio du.
- Euskararen erabilpena sustatzeko eta euskararekiko konpromisoa hartzeko gunea eskaintzen du. Euskararen eta euskal kulturaren plaza nagusi bat da.
- Ikastolentzat estrategikoak diren ekimenen finantzazioa lortzeko bidea da.
HELBURU ZEHATZAK
- Argantzun/Trebiñu: Araban euskararen erabilpena aldarrikatzea, bultzatzea, eta erabilpen eremuak zabaltzea.
- Argantzun Ikastola ezagutzera ematea. Dugun konpromisoa zabaldu eta bidelagunak lortzea.
- Argantzun – Sagastieta. Ikastola berria ezagutzera ematea.
- Trebiñu Araba da. Euskal Herria da. Euskararen Herria da.
- Ikastola berria egiteko dirua lortzea. (2023-24 ikasturtean ireki nahi dugu)
ARGANTZUN IKASTOLA
2003an sortutako ikastola da ARGANTZUN IKASTOLA. Ordura arte bertako haur gehienek Gasteizerako bidea hartzen zuten ikasketak egitera; horixe zen euren haurrek euskaraz ikastea nahi zuten gurasoen hautua. Eskaera egon bazegoen, Trebiñun euskaraz ikastekoa, eta eskaera horri erantzunez, Argantzungo Udala eta Ikastolen Elkartea harremanetan jarri ziren, eta, gurasoen erabakimena eta udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak lotuta, ikastola berri bat sortzea erabaki zuen Ikastolen Elkarteak: ARGANTZUN IKASTOLA.
- Gaztela eta Leongo gobernuaren baimen administratiboa lortu genuen. Ez, ordea, finantzaziorik.
- 2001, 2007 eta 2018 urteetan Argantzunen ospatu genituen ARABA EUSKARAZ egunak.
- 2019an, Manzanos-Sagastietan ireki genuen Lehen Hezkuntzako egoitza. Baimenak eta finantzazioa lortu genituen Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
- Egun 67 ikasle ditugu ikastolan.
ANTOLAKETA EREDUA
1981. urtean izan zen lehen ARABA EUSKARAZ jaia, Gasteizen, Olarizun. Ikastolen Elkartean ziren ikastola guztien artean antolatu genuen. Ideia hori berreskuratu eta gaur elkartean ditugun zortzi ikastolen artean, elkarlanean antolatu nahi dugu 2022. urteko ARABA EUSKARAZ.
- Ez da izango jai egun bakar bat. Ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatuko ditugu.
- Urte osoko jarduna izango da, beraz, eta ARABA EUSKARAZ eguna, urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da.
- Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzorde desberdinak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, TANTA zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, muntaketa,.. Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak.
AURREIKUSTEN DUGUN EGUNA
Ikastolen Elkartean aspaldian ari gara jai egunaren eredua aztertzen. COVID19aren eraginak ere zenbait erabaki hartzera behartu gaitu. Laudion, iragan ekainaren 20an, eginiko Araba Euskaraz eredugarria izan da alde askotatik begiratuta. Horiek horrela, eta horiek aintzat hartuta, hasi gara irudikatzen datorren ekainaren 19ko eguna
- Haurrei eta familiei bideratutako jai eguna izango da bereziki.
- Osasun eta segurtasun neurriak bermatzen dituen jai eguna izango da.
- Giro oneko jai eguna izatea nahi dugu. Primeran pasa pasatu gabe.
- Adin guztietarako kultur ekimen askotarikoak eskainiko dituen jai eguna izango da.
- Jai parte-hartzailea, ludikoa eta euskararen erabilpena bultzatuko duen jaia izango da.
- Erakundeek, babesleek eta laguntzaileek tokia izango duten jaia izango da.
LELOA eta LOGOTIPOA
Olarizura itzuliko da ARABA EUSKARAZ, eta 1981eko ekitaldirako Nestor Basterretxeari enkargatu eta hark eginiko leloa eta logotipoa oinarri hartuta, landu dira 2022ko ekitaldirako leloa eta logotipoa.
“Araba, zazpi talde, bat euskararen alde” izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. 2022koa, berriz, “Zortzigarren alaba” da. Gorka Knörr-en “Araba” abestiaren ildotik, zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak + Trebiñu), batasunaren erreferentziari (zortziak bat), eta Trebiñuri (bera da zortzigarren alaba).
Logotipoari dagokionez, Nestor Basterretxeak sortutako logotipoan ageri den haritz hostoaren ildotik, zuhaitz desberdinen hostoak (haritzarena barne) erabili dira, ikastolen aniztasuna islatzeko, eta, era berean, gure lurraldearen basoen, naturaren, aniztasuna ere.
KOKAPENA
Olarizu (Gasteiz)
Olarizura itzuliko da ARABA EUSKARAZ. Gasteizko Eraztun Berdean kokatua, hiriaren hegoaldean, 120 hektarea betetzen ditu orotara. Zuhaitzez eta milatik gora landare espeziez hornituta, egun pasa ederra egiteko aukera ematen du, eta ARABA EUSKARAZ ospatzeko leku paregabea da.