‘Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa’ komiki bildumaren aurkezpena

Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa da Xabiroi komiki aldizkariaren eskutik Patxi Huarte Zaldieroak osatu duen azken komiki albuma. Gaur aurkeztu dute Iruñeko Elkar liburu-dendan, urteotan Xabiroi komiki aldizkarian argitaratzen joan diren Arranotxuren istorioekin osatu duten albuma.

Prentsaurrekoan izan dira Patxi Huarte Zaldieroa, Xabiroi aldizkariko zuzendari Dani Fano eta proiektuaren babesle den Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu. Xabiroi komiki aldizkariaren bildumako beste ale bat da Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa, baina ezohiko bilduma da. Batetik, ez delako aldizkariak urtero argitaratzen duen bildumaren zati, bilduma horretatik kanpokoa da; bestetik, formatua bera ere ez delako Xabiroik argitaratu dituen bildumen berdina. Azkenik, Xabiroiren bilduma bakoitzak istorio bat kontatzen du, hilabeteetan komiki aldizkarian atalka argitaratzen joan diren istorio baten bilduma da zenbaki bakoitza; Arranotxu, aldiz, komiki aldizkariaren zenbaki bakoitzean hasi eta bukatzen den istorio bat da; bilduma, beraz, bina orri dituen hamaika istorioz osatzen da, istorio guztietan Arranotxu eta beste zenbait protagonista errepikatzen diren arren.

“Ezohiko albuma da, bai, ez baitu urtero egiten dugun bildumarekin zerikusirik, eta ezohiko formatuan dakargu”, adierazi du Tellituk; “baina Xabiroiren zigiluarekin egina da, hau da, kalitatea zainduz eta mimo handiz eginikoa izan da”.

Dani Fanok azaldu du, Zaldieroa 2007. urtean hasi zela Xabiroi aldizkarian Arranotxurekin, eta ordutik, urtero lau istorio argitaratu dira aldizkariaren beste hainbeste zenbakitan. Bilduma egiterakoan, ia istorio guztiak batu dituzte, bateren bat kanpoan geratu den arren.

Arranomendin

Ama Oihana eta aita Haizearen semea da Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa. Arranomendin du base sekretua, eta bertan galtzagorriak jo eta su ari dira Arranotxurentzat gailu eta tramankulu desberdinak ekoizten. Orrietan barrena, pertsonaia ugari agertuko dira; mitologikoak eta elezaharretakoak batzuk (Tartalo,  Basajaun, lamiak, galtzagorriak, Teodosio Goñikoa…), superheroi amerikar zenbait (Superman eta Batman, esaterako), animalia eta piztiak (basurdeak, herensugeak…), eta, ez beti baina askotan, istorioei sarrera ematen dioten aitona eta bi ilobak, esaterako. Guztiarekin, Patxi Huarte Zaldieroak unibertso bat osatu du Arranomendi inguruan, eta horren bilduma da Xabiroi komiki aldizkariak gaur aurkeztu duena. Aurkezpenean esan den bezala, Zaldieroak bere sorkuntzan erabiltzen dituen lehengai guztiak ditu bilduma honek ere:  “Poetikoa da, umorez lepo dator, ederra eta, batez ere, dibertigarria da”.

Egilearen hitzetan, heroi baten antitesia da Arranotxu: “Sukaldean ematen du denbora gehiena, ez du sestra maite eta ez du indarkeria atsegin”. Pertsonaia berezia, “gerlari mitikoa” izateko. Patxi Huartek azaldu du pertsonaia nola sortu zuen: “Euskaldunon Egunkarian argitaratu nuen istorio batean du iturburua. Orduko hartan, soldadu bat sortu nuen, Orreagako gudura borrokatzera abiatu zena, baina behe-lainoarekin galdu, eta ez zena gudura iritsi. Etxera itzuli eta bere ohiko bizitzari heldu zion”. Xabiroi aldizkarirako urte batzuk geroago berreskuratu eta moldatutako pertsonaia da, beraz, Arranotxu.

Mitologira ere jotzen du Huartek, baina bere begiradarekin. “Mitologiak erakarri bezala uxatu egiten nau. Mitologiari buruzko liburu asko begiratzen dut, baina bakar bat ere ez dut erosi. Oso ilunak dira irudiak”. Huartek, beraz, pertsonaia mitologikoak umorearen ikuspegitik eraman ditu orrialdeetara.

 

Adin guztietarako

Xabirioi komiki aldizkaria eta aldizkariak urtero argitaratzen dituen bilduma guztiak adin guztietarako pentsatuak direla azaldu du Fanok, aitortu duen arren, istorio batzuk ez direla zehazki adin guztietarako. “Arranotxu, ordea, bai; egiazki adin guztietarako pentsatua eta egina da, eta horretan Patxi Huarteren eragina erabatekoa izan da, berezko trebezia handia duelako adin guztietara iristeko egiten dituen istorio guztietan, gure aldizkarian izan, Berria egunkarian izan edota beste argitarapen guztietan izan”.