Urriaren 3tik harago doan Kilometroak aurkeztu dugu
Covid 19 koronabirusak eragindako pandemiak gure jaiei ere gogor astindu dien arren, Kilometroak jaia historikoki izan den euskararentzako eta euskal kulturarentzako plaza erraldoia birpentsatu eta egunaz harago doan eskaintza plazaratu dute Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek aurtengo ekitaldirako. Gaur aurkeztu dute 'Batera, bagara, bat gara' lelopean antolatutako Kilometroak 21 jaia. Ezberdina baina betiko helburuei atxikia izango da.
Horrela, eta jai ereduari buruz egindako hausnarketaren ildotik, egun bakarreko egitaraua egin beharrean, iraila eta urrian antolatuko dira ekimenak urriaren 3ko ekitaldi nagusian edukiera mugatua izango delako. Guztiongan pentsatutako kilometroa izango da. Hori bai, bereziki goierritarrei egindako deia da. Ekitaldiak irekiak dira, noski. Parte-hartzea Ikastola komunitateaz gaindi izatea nahi dugu. Herriari eskainitako festa da, gozatzekoa.
Hiru bloke izango ditu aurtengo Kilometroak jaiak. Abiapuntua 'Kilometroak bidea' erakusketa ibiltaria izango da, 1977tik egun arte egin diren ekitaldien bilakaera biltzen duena. Irailaren 13tik 17ra Ordiziako Barrena Jauregian izango da ikusgai; irailaren 20tik 24ra, berriz, Beasainen eta, azkenik, Lazkaoko Udalaren aretoan, irailaren 27tik urriaren 1era. Era berea, herrietako eragileekin elkarlanean antolatuta bertsolariak, musikariak eta dantzariak uztartuko dituen bertso-saio bana egingo da: Lazkaon irailaren 17an, Beasainen irailaren 24an eta Ordizian urriaren 1ean. Hiruetarako izen-ematea gaur irekiko da Kilometroen webgunean eta antolatzaileek hainbatetan azpimarratu duten bezala izen-ematea «ezinbestekoa» izango da. Izan ere, osasun egoera dela-eta, Osasun sailak ezarritako neurri guztiak betez antolatuko dira ekimenak parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko. Egunean bertan ezingo da sarrerarik erosi.
Gogoetarako tartea ere izango da, zer hezkuntza sistema nahi dugun aurkeztu eta partekatzekoa. Ikastolek joan den otsailean aurkeztu zuten Bihar endekalogoaren oinarriak aztertzeko foro bana egingo dute ikastola antolatzaile bakoitzean. Irailaren 30ean izango da hori, eta foro bakoitzean oinarri bat landuko dute.
Kilometroak jaiaren asteburuko larunbatean, urriaren 2an, berriz, herri bakoitzean ikuskizun bana antolatuko da. Ekirock eta Euskal Joko eta Kirolak izango dira Ordizian; Haatik dantza konpainiaren ikuskizuna Beasainen, eta Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez musikarien kontzertua Lazkaon.
Urriaren 3an, Kilometroak jaiaren egunean, bereziki haur eta gazteei bideratutako ekitaldiak egingo dira, Goierriko hiru herri horietako bost espaziotan. Hiru Ordizian izango dira, nagusia Jakintza Ikastolan eta Barrena parkean eta Oiangun. Lehen Hezkuntzako ikasleei eta DBHko gazteei zuzendutako ekimenak izango dira. Beasainen, Igartzan eta inguruetan, Haur Hezkuntza eta LHko lehen eta bigarren mailako haurren txokoa antolatuko dute, eta Lazkaon LHko bosgarren eta seigarren mailakoentzako espazioa antolatuko dute. Xumea, baina oso berezia izango da jaia. Eta, noski, edukiera mugatuekin eta aurretiazko izen-ematearekin.