''Publikotasun eredu berri bat eraiki nahi dugu, indarrean duguna zaharkituta dago''

 

 

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu ETB1eko “Egun on, Euskadi” programan elkarrizketatu dute gaur. Ikastolek iragan otsailean aurkeztutako BIHAR endekalogoa izan dute hizketagai, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria eta beste zenbait gai ere.

Hauexek dira eman dituen titularrak:

  • Murgiltze eredua: “Ikasleen euskararen kalitate eta erabilera maila igotzeko hizkuntza ereduak albo batera utzi, eta benetako murgiltze eredua orokortu behar da. Horrekin batera, ikasleen euskalduntzea eta konpromisoa areagotzeko estrategiak behar dira”.
  • Inklusioa: “Erantzun integrala behar du, herri apustu bat da; ez da nahikoa lege partzial bat, hezkuntza lege berri bat behar da oinarri edo printzipio argiekin, beste gai batzuekin lotura duelako (euskara, aisia…)”
  • Publiko herritar eredua. “Publikotasun eredu berri bat eraiki nahi dugu. Publiko/pribatu dikotomia zahartuta dago. Publikoak izan daitezke administrazioaren titularitatetik kanpo dauden ikastetxeak ere. Ikastolak irabazi asmorik gabekoak gara eta gure helburuak oso jakinak eta ezagunak dira. Publikotasun eredu berri bat eraiki dezakegu guztion artean”.
  • “Gai horiek eta beste hainbat oinarri, 11 guztira, jorratzen ditu gure BIHAR endekalogoak. Endekalogoko elementu guztiak gizarteratzea eta eztabaidara eramatea da gure helburua”
  • Hezkuntza legea: “Gure sistemak aldaketak behar ditu; ezinbestekoa da. Ezin dugu gehiago itxaron, eztabaida soziala ireki beharra dago. Marra gorri gutxi, ikuspegi irekiarekin joan behar dugu”
  • Eztabaidari begira: “Espero dut euskararena ez izatea oztopo handi bat. Murgiltze eredu orokorra ezinbestekoa ikusten dugu. Publiko-herritar kontzeptuarekin eztabaida egongo da, baina ez luke oztopo gaindiezin bat izan beharko. Inklusioa ere puntu nagusietakoa izango da, baina adostasuna lortzea ez da hain zaila, analisi partekatu bat baitugu”