Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialaren aurkezpena
Larunbat honetan, Donostiako Kursaalen, ekitaldi esanguratsu bat egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak. Ekitaldia goizeko 11:30ean izango da, eta oraindik bertaratzeko aukera dago, sarrera batzuk geratzen baitira. Izena emateko prozesua erraza eta azkarra da. Nahikoa da kontseilua.eus webgunean sartu eta izena ematea, edo zuzenean esteka honetatik egitea. Ikastolen Elkarteak, Kontseiluko kide garen aldetik, ikastolakide guztiok gonbidatzen zaituztegu parte hartzera.
Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala
Aurrera egiteko garaia da: hizkuntza-eskubideen alde, gizarte kohesioaren alde, euskararen alde. Eta Kontseiluak badu horretarako proposamena: Hizkuntza-politiketan Eragiteko Adostasun Soziala. Euskalgintzako hainbat eragileren ekarpenekin osatutako dokumentua da, eta hizkuntza-politika berrirako bide-orria izan nahi du. Orain arteko hizkuntza-politikek goia jo baitute, eta adostasun zabaletan oinarrituta, bide berriak urratu behar dira. Horretarako iparrorratza da Kontseiluaren proposamena.
Hizkuntza-politikak aldatu
Euskal hiztunen eskubideek bermatu gabe jarraitzen dute, hiztunen arteko desoreka eta desberdinkeria nabarmenarekin: euskal hiztunarentzat nekeza da eguneroko jarduna euskaraz lasai eta bazterketarik gabe egitea, eta euskalduntzeko bidean daudenek hamaika oztopo gainditu behar izaten dituzte. Zaurgarrienen kaltetan egiten du balantzak.
Egoera hori gainditzeko, hizkuntza-politika aurrerakoiagoak eta berdinzalegoak behar dira.
Azken hamarkadetan asko ikasi eta aurreratu dugu hizkuntzaren garapenerako estrategiez, soziolinguistikaz eta hizkuntza-politikez. Aurrerapen garrantzitsuak gertatu dira horiei esker; eskumena duten eremuetan, batik bat. Baina jada ez da aski. Agortu dira. Hala islatzen dute 2012ko eta 2017ko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren inkestek.
Aldaketarako urratsak egin behar dira horregatik. Gizarte kohesionatu eta berdinzaleagoa nahi bada, elkarrekin aurrerapausoak emateko garaia da.
Batuz adostasun sozialak hitzartu
Eragile politikoez gain, gizarte eragileok ere zeresan handia dugu bide horretan. Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: gure eguneroko praktikek ezartzen eta egikaritzen dute, eta ezer ez egitea ere bada hizkuntza-politika jakin bat egitea.
Ondorioz, gizarte eragileok erantzukizunez jokatu, eta euskararen normalizazioarekin konprometitu behar dugu. Norbere esparrutik, baina elkarrekin.
Kontseiluaren Hizkuntza-politiketan Eragiteko Adostasun Soziala horretarako plaza eta abiapuntua da. Bi xede ditu: alde batetik, hizkuntza-politikan aldaketa bideratzeko tresna da, eta balioko du gizarte eragileek ekarpenak egiteko eta atxikimendua adierazteko. Eta, bestetik, eragileek hizkuntza-politiketan adostutako aldaketak bere egin eta eragiteko bide-orria izango da.
Kontseiluaren helburua da ahalik eta oinarri sendoena osatzea, eta, beraz, ahalik eta eragile gehien batu nahi ditu, adostasun zabalak lortzeko. Guztien artean euskararen erabilera erosoa bermatzeko baldintzak sortzea da azken xedea.
Erabilera erosoa eta ezagutza unibertsala
Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: harremanen oinarria da, eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak. Horregatik, gizarteko eragile guztiei dagokie erantzunkizunez jokatzea hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta gizarte berdinzaleagoa osatzeko.
Horregatik, egungo hizkuntza-politiken langa gainditu, eta euskararen erabilera erosoa bermatu behar diegu hiztunei, hau da, eguneroko jardun sozial oro euskaraz egin ahal izatea erosotasunez eta bazterkeriarik jasan gabe. Hori gauzatu ahal izateko bi ardatz jasotzen ditu proposamenak: erabilera erosoa bultzatzeko espazioak eta baldintzak sortu beharko dira, alde batetik, eta euskararen ezagutza unibertsalizatu beharko da, bestetik, baldintza horiek bete ahal izateko.
Bide horretan ahalik eta eragile gehien batzeko lanean ari da Kontseilua.