Araba Euskaraz aurkeztu dugu!
Hilabeteetako gorabeheren ondoren, Laudio Ikastolak askotariko programazioa aurkeztu du Araba Euskaraz egunerako. Ekainaren 20an izango da, “Zabal bideak” lelopean.
“Bizi dugun osasun egoeraren ondorioz etorkizunerako espektatibatan nagusitu den ezjakintasuna uxatu eta eraldatzera goaz orain arte jai egun erraldoi baten inguruan abiatzen genuen ekimena. Egoerara egokitutako eguna antolatu dugu, berrasmatu beharra nagusitu da antolakuntzan.” adierazi du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.
Edonola ere, “Araba Euskaraz ekimenak garrantzitsua izaten jarraitzen du Arabako ikastolen hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko, eta are gehiago pandemiak horrenbeste kaltetu dituen euskara eta euskal kulturari bidea (ber)zabaltzeko”, nabarmendu du Jon Bengoetxea Martinezek, Ikastolako zuzendariak.
Erronka bikoitza dute aurrean. Batetik Laudio Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztea eta hauspotzea. Bestetik, berrasmatu eta egun bizi dugun egoerara egokitu behar izan duten Araba Euskaraz eguna bera biziberritu eta indartzea, kasu honetan, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarteen eta erakundeen arteko harremanak sakonduz.
Jakin badakite oraingo egoerak ahalegin eta baliabide gehiago eragin dituela, osasun neurriak betearazteko eta horregatik, bertaratzen direnei modu arduratsuan jokatzeko eskaera nagusitu dute. Bi gune handitan banatuko da aurtengo Araba Euskaraz eguna eta bertan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera, aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskarazen web gunean.
“Aurtengo Araba Euskaraz ekimena ez da egun bakarrera mugatu, hainbat dira ikasturtean zehar burututako jarduerak, eta ekainaren 20an, jarduera sorta horri itxiera emango diogu ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik izango ez duen programa batekin. Hala ere, lan taldeetan, auzolanean eta herriko eragileekin elkarlanean, irudimenez eta ilusioz, bi gune nagusi prestatu ditugu, batetik, parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duten jarduerekin eta bestetik, ikusi edota entzunez gozatzeko ikuskizunekin” azaldu du Murgak.
Elkarlanari, ilusioari, kulturari, auzolanari, aniztasunari, parte hartzeari, euskarari, parekidetasunari… bidea zabaldu nahi izan diote euskararen aldeko programa oparo honen bitartez. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da eta edukiera mugatua izango du proposatu diren bi gune handi horietan:
1 Euskararen plaza (herrigunea):
*Herriko plaza (edukiera: 114)
-10:00etan irekiera ekitaldia. Ohi bezala, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan.
-11:00 eta 13:00etan Eidabe taldearen “Piztu emakumeON energia” ikuskizuna, EDPren eskutik.
-16:00etan dantza emanaldia Laudioko Akelarre, Itxarkundia eta Untzueta dantza taldeen eskutik.
-17:30ean zunba tailerra eskualdeko Izaskun del Cerroren gidaritzapean. Saio honetan Araba Euskaraz kantaren koreografia dantzatzeko aukera egongo da.
*Aldai plaza (edukiera: 120)
-11:00 eta 13:00etan “3 kluba, Go!azen” kontzertua EITBren eskutik.
-17:30ean “Maider Zabalegi” kontzertu akustikoa
2 Euskararen basoa (parkea):
*Kultur etxeko lorategia (edukiera: 75)
-11:00 eta 13:00etan tailerrak eta jolasak. Bertan herriko Kirikino Aisialdi taldeak eta Aiaraldeko Kokoriko hezkuntza faktoriak tailerrak zein jolasgunea eskaintzeaz gain, Eroskik sukaldaritza ikastaroa eskainiko du.
*Kasinoa
-11:00, 12:00 eta 13:00etan ihes gela (edukiera: 18)
-16:00etan karaokea (edukiera: 40)
*Pergola (edukiera: 100)
-11:00, 12:00 eta 13:00etan “Kaiku: elikagaien taupadak” antzerkia Kaikuren eskutik.
-16:00etan bertso saioa Laudio eta Arabako bertsolariekin; Izar Mendiguren, Manu Bendala eta Iñaki Viñaspre bertsolariak eta Ainhoa Comas gai-jartzailea.
-17:30ean “Ene bada! Aiama eta Ane Guria” musika emanaldia.
*Lamuza frontoia
-Goizeko 10:00etatik aurrera, Arabako herriarteko eskupilota txapelketako finalak jokatuko dira Pilota Federazio eta Laudioko Herriaren pilota elkartearen eskutik (egun indarrean dauden neurriak kontuan hartuta, ikuslerik gabe).
-16:00etan Dekatloia, euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolez osatutako topaketa ludikoa.
Aipatutako ekintza horiez gain, bertako ekoizleei ere bidea zabaldu nahi izan diete eta 41 postuz osatutako azoka ipiniko dute Laudioko institutuko jolastokian. Azoka ikusi nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango.
Modu berean, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin eta herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin tonbola osatuko dute eta Lamuza plazan egongo da. Bertatik pasatzen den orok saria jasoko du euskara babestearen truke.
Azkenik, eta abendutik irekita dagoena, Araba Euskaraz denda ere egongo da zabalik, Araba euskaraz jantzi dezagun. Bertan eskuragarri izango da kanpaina honetarako ekoiztu eta diseinatutako guztia; kamisetak, botilak, izerditakoak, kirol kamisetak, motxilak… .
“Hilabete hauetan guztietan gauzatu izan ditugun ekintzen garapenean zein egunaren antolakuntzan aritu izan diren eta lagunduko duten hezkuntza komunitateko kideak, herriko eragileak eta erakundeak eskertu nahi ditugu” aitortza eta eskertza egin du Bengoetxea zuzendariak.
Liher Larrea Ibabek, Ikastolen Elkarteko Arabako ordezkariak, Laudio Ikastolak hartutako erronka eta, oztopoak-oztopo, egindakoa txalotu nahi izan du. “Aurten ezingo gara nahi beste euskaltzale elkartu, baina ziur, bertaratutakoek egun polita pasatuko dutela. Hogei egun falta dira, eta oraindik gehiegi aurreratu ezin dugun arren, datozen urteetarako Araba Euskaraz nolakoa izatea nahi dugun ere prestatzen gabiltza. Baina, aurtengoa eredugarri bihurtu eta borobil dezagun lehendabizi eta tantaz tanta etorriko dira hurrengoak” indarra aurtengo topaketan eta begirada etorkizunean jarriz bukatu du Larreak.