Hizkuntza gutxituen legea. Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena
Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren aurrean, Ikastolen Elkartetik haserrea eta kezka adierazi nahi ditugu.
Ebazpenaren ondorioak larriak dira, bereziki murgiltze ereduari dagokionean. Gure ikastolak, beste behin, ataka larrian jarri ditu, eta berriro ere etorkizun ziurgabe baten aurrean ipini gaitu.
Euskalduntzean, murgiltze ereduaren garapenean, gauden puntutik harago joatea eragozteaz gain, atzera eginaraztea behartu nahi du Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak.
Hala ere, Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok kosta ahala kosta defendituko ditugu gure ikastolak; kosta ahala kosta defendituko dugu murgiltze eredua; kosta ahala kosta defendituko dugu Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea.
Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok euskaraz hezi eta bizitzeko asmoari tinko eutsiko diogu, eta gauza bera egin dezazuen eskatzen dizuegu Euskal Herriko erakunde, hautetsi, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eta euskalgintzako eragileoi eta herritar guztioi.
Eta eskaera berezi bat egin nahi diegu iragan apirilaren 8an hizkuntza gutxituen aldeko legea babestu zuten diputatu guztiei. Lege hori aurrera ateratzeko adostasun berarekin ekin diezaiotela frantsesa hizkuntza bakartzat inposatzen duen Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua kendu edo aldatzeko ekimen bati.