Euskal Joko eta Kirolen Topaketak aurkeztu ditugu

Ikastolen jaiek, Ikastolak Herriari dinamikaren baitan, Euskal Joko eta Kirolak ekimena antolatu dugu, eta beronen aurkezpena egingo dugu gaur, asteazkena, Euskadiko Herri Kirol Federazioaren egoitzan.

Hauek izan dira parte hartzaileak.

  • Igor Duñabeitia, Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakaria
  • Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria
  • Endika Zinkunegi, Ibilaldiaren ordezkaria
  • Mikel Egibar, Kilometroen eta ekimen honen koordinatzailea

 

Bost topaketa antolatu ditugu: Ipar Euskal Herrian, Nafarroan, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Talde iraunkor bat egongo da, lurralde bakoitzetik talde bat, eta proba egun bakoitzean lurralde horretako beste bost taldek osatuko dute; egun bakoitzean, beraz, hamar taldek jokatuko dituzte probak. Azken jaialdia urriaren 17an Nafarroa Oinez jaian egingo da: Lizarrako zezen plazan. Bertan finala ospatuko da. Topaketaren formatua arina eta dinamikoa izango da, 90 minutuko iraupena izango du. Hamabina kideko taldeak osatuko dituzte (seina emakume eta gizon), eta hauek izango dira probak: sokatira, ingudea, bertsolaritza, dantza, zaku eroatea, giza proba, toka, artzain jokoa, lokotxak eta harri jasotzea.

EGUTEGIA

  • Lehen saioa Herri Urratsen egunean jokatu behar zuten, baina pandemia egoerak eragotzi egin zuen. Iparraldeko saioa, beraz, irailean jokatuko da.
  • Bigarren saioa, larunbat honetan jokatuko da, maiatzaren 22an, Sopelan, hondartzako parkineko gunean goizeko 10:30etan.
  • Hirugarren saioa, ekainaren 20an jokatuko da, Laudion, Araba Euskarazen baitan
  • Laugarren saioa Gipuzkoako Goierri eskualdean jokatuko da Kilometroak egunean
  • Eta bosgarren eta azkenekoa, finala izango dena, Lizarran jokatuko da, zezenplazan, Nafarroa Oinez egunean.

Euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolak, topaketa hauen oinarria ludikoa izango da. Lehia ere egongo den arren, ongi pasatzea da helburu, elkar ezagutu, harremanak estutu eta guztiak txapeldun izatea. Horregatik ez da onartuko taldeetan kirolari federaturik.

Lehia egonik, probetan puntuaketa sistema egotea beharrezkoa da. Gainera bost jaietan egingo diren topaketen artean lotura eta sailkapena egongo da. Hala ere, probak askotarikoak izateaz gain, hainbatetan zoria, punteria edota kalitate estetikoa erakutsi behar duten probak ere egongo dira.

Topaketak aldi ezberdinak izango dituen giro eta sistema baten barruan egon behar dira:

  • Harrera, elkar ezagutza, …
  • Beroketa kolektiboa, aktibazioa, …
  • Probak
  • Sailkapena
  • Ospakizuna (bazkaria/afaria)

Partaide guztiek oroigarri bat eramango dute.

Proben deskribapena

Topaketak euskal jolas eta jokoen testuinguruan antolatuko dira. Ohiko Herri Kiroletako probak ez ezik, dantza, bertsolaritza eta beste jolas batzuk ere egongo dira.

Asko zainduko da probak gauzatzeko erabili beharko diren gaitasun fisikoen ezaugarriak. Izan ere, Euskal joko eta kiroletan maiz erabiltzen den gaitasun fisiko nagusia indarra izaten da. Egoera honek duen eragin sexista kontuan harturik, akats horretan ez jausteko askotariko gaitasunak eskatzen dituzten probak erabiliko dira. Izan ere, ez dira sexuen araberako sailkapen edota bereizketarik egingo.