LOMLOE: Semente eskolen eta Ikastolen Elkartearen analisi partekatua

Gaur, martxoak 6, Ikastolen Elkarteko eta Galiziako Semente eskoletako ordezkariok ekitaldi/prentsaurreko bat egin dugu Santiago de Compostelan, LOMLOE legearen inguruko analisi partekatu bat aurkezteko. Ekitaldia Museo do Pobo Galegon izan da, 12:00etan.

Bertan hitza hartu dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Semente eskoletako koordinatzaile Santi Quirogak. Marta Santos kazetariak egin ditu aurkezle lanak, eta Isabel Rei Sanmartinek musika emanaldia eskaini du.

Hauxe da bi erakundeok gaur partekatu dugun analisia.

 

LOMLOE

SEMENTE ETA IKASTOLEN ELKARTEAREN ANALISIA

LOMLOE lege organikoa da, eta horrek esan nahi du bere artikuluen zati bat (azken xedapenetako zazpigarrena eta bosgarrena) organikoa edo oinarrizkoa dela. Hau da  autonomia-erkidegoek artikulu hauetan jasotakoa errespetatu behar dute beraien eskumenak gauzatzerakoan. Arlo honetan LOMLOE legea bere aurrekoarekin, LOMCErekin, alderatzean, ikus daiteke bien artean ez dagoela alde nabarmenik artikulu organikoak zeintzuk eta zenbat diren erabakitzeko orduan, eta horrek argi eta garbi islatzen du bere izaera zentralista.

Ondorioz, LOMLOEren aipatutako artikuluek baldintzatuko dute bai Galiziako bai Euskal Herriko nazioetako hezkuntza-lege propioak idaztea edo lantzea, bai bakoitzaren gobernuen erabakitzeko ahalmena, eta, beraz, haien eskumenak mugatuta geratuko dira. Ildo horretan, esanguratsua da 5. artikuluan jasotakoa. Bertan, hezkuntza-arloko eskumenen banaketa ezartzen da, eta ia bere horretan mantentzen da LOMCEn izan zuen idazketa, eta Espainiako Estatuari gordetzen zaizkio hezkuntza-sistema eratzeko elementu garrantzitsuenak. Horrela, gure curriculumetako oinarrizko elementuei buruz erabakitzea galarazten zaigu, eta agerian geratzen da, berriz ere, gure herriek hezkuntza-sistema propio, berritzaile, ekitatibo eta kalitatezkoa eraikitzeko dituzten zailtasunak.

Curriculumaren eremuan, Hizkuntza propioa duten erkidegoetan beraien eskuetan gelditzen da curriculumaren %55aren zehaztapena, alegia %5 gehiago aurreko legeetan ezarritakoa baino. Hala ere, beharrezkoa litzateke eskumen juridiko berriak eta zabalduak izatea, gure hezkuntza-sistemak planifikatzeko eta kudeatzeko beharrezkoa den subiranotasun politikoa bermatzeko.

Arlo pedagogikoan LOMCEren planteamendu atzerakoiekin alderatuta aurrerapauso txiki batzuk ematen dira, ez zen oso zaila ere, hala nola, LOMCE legeak DBH eta Batxilergoa gainditzeko ezarritako kanpo ebaluazio probak, promozioa eta titulazioa baldintzatzen zituztenak, desagertzen dira; nazioarteko kooperazio nahiz lurralde arteko kooperazio proiektuak garatzeko aukerak irekitzen ditu; konpetentzien (gaitasunen) garapena azpimarratzen du eta horretarako Curriculumaren kimaketa, disziplinarteko proiektuak, “anbitoka” antolatutako curriculuma eta ikastetxeko proiektuak eratzeari ateak zabaltzen dizkio; landa eremuko eskoletan eskaintza luzatzeko aipamena egiten da; ikasleen ikasketa prozesua malguago egiten du titulazioak lortzeko bideak eskainiz zein bigarren hezkuntza eta ziklo formatiboen arteko zubi berriak eraikiz. Era berean, generoagatik bereizten diren ikastetxeei kontzertuak kentzea aurrerapauso bat da; hemeretzigarren mendeko inertzia honek hezkidetzaren eta berdintasunaren printzipioaren aurka egiten baitu.

Baina, aurrerapauso guzti horiekin batera, legearen beste atal garrantzitsu askotan zehaztasun falta ere aipatu behar dugu, eta lege osoan “digitalizazioa”, “jasangarritasuna” eta “inklusibitatea” bezalako kontzeptuek protagonismo berezia hartzen badute ere, helburu horien sustapen eta garapenerako neurri eta zehaztapen inguruko ezer ez du aipatzen. Bereziki kezkagarria “inklusibitate” atala iruditzen zaigu; etengabe azaltzen den ideia bat da, baina oso gutxi azaltzen da “nola eta ze baliabideekin” gauzatuko den helburu garrantzitsu hori.

Era berean, beste hiru eremutan ez da behar bezala aurrera egin, behintzat ez nahi izango genukeen bezala:

Lehenengoa Batxilergoaren plangintzari eta Unibertsitatean sartzeko ebaluazioari dagokion probari buruzkoa da, eta ezaugarri berdinekin mantentzen da. Edukietan oinarritutako, ikas-arlo segmentatuetan antolatutako eta konpetentzia-eredutik eta eredu integraletik urrundutako irakaskuntza tradizionalean zuztartutako ikasketa prozesu memoristiko eta sistematikoak sustatzen dituen eredua da. Ondorioz, ikasketa horiek gainditzeak duen garrantzia eta horri lotutako behar ez den presio psikologikoa kontuan hartuta, zaildu egiten da hezkuntza-etapa hori osatzen duten bi ikasturteak pedagogikoki berritzea.

Bigarrena lege honek hezkuntza formalari eta ez-formalari buruz planteatzen duen dikotomiari lotuta dago. LOMLOEk biak plano desberdinetan formulatzen ditu, nahiz eta mundu mailako esperientziek hezkuntza-eskaintza integralen onurak agerian uzten dituzten. Ia ez da aipatzen bien arteko beharrezko koordinazioa, baina oraindik ere ezezaguna da funtzio hori nork beteko duen eta nola gauzatuko den.

Hirugarrenik, nabarmendu behar da ez direla betetzen eskola laiko baten helbururako eskaerak, printzipio gidari gisa ezagutza zientifikoan eta kontzientzia-askatasunean oinarritutako Hezkuntza Sistema eraikitzeko. Beste aukera galdu bat.

Aurreko legeen izaera eta ideia zentralista eta jakobinoa mantentzen duela esan behar dugu, berriro ere udalak eskumenik gabe geratzen dira, eta ikastetxeen benetako autonomia ez da agertzen. Era berean, hezkuntzaren demokratizazioan sakontzeko aukera galdu da, gizartearen eta administrazioaren arteko lankidetza sustatu beharrean, eta zaharkitutako dikotomia publiko-pribatua sendotzen du, gure bi erakundeek ordezkatzen duten eredu komunitarioa kontuan hartu gabe. Administrazioari bizkarra emanda jaio ginen, gizarte-ekimenari esker, eta uste dugu badela garaia guztion artean etorkizuneko gizartea marrazteko, gure hezkuntza-sistema helburu horiek lortzeko bidean jarriz.

LOMLOE ez da gure eredua, ezta azken 35 urteetan Hezkuntza lege organiko ugari aldatu eta ezarri digun hezkuntza testuingurua ere, guztiek, euskal eta galiziar herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza sistema mugatu eta baldintzatu baitute. Euskal Herrian eta Galizian, hezkuntza espainiar estatuaren esku (baita frantziarrarenean Euskal Herriaren kasuan) egon da eta dago eta beraien behar eta nahien arabera garatu dute.

Erantzun eraikitzaileak, hezkidetzari begirakoak, inklusiboak eta eraginkorrak behar ditugu, hezkuntza esparru arau emaile berariazkoetan oinarritutakoak, hezkuntza-lege propioetan jasotako ardatzak dituztenak. Egungo eskumen testuinguruan, arau horiek ez lirateke berme izango, baina bai ezinbesteko baldintza eta aukera ahaleginak biltzeko eta hezkuntza proposamen berritzaileen inguruan erantzun globalagoa emateko, LOMLOEn hautemandako gabeziak gainditzeko neurriak bultzatuko dituen tresna bat eratuz, Hezkuntza Sistema gizartearen zerbitzura jartzeko helburuarekin.

Amaitzeko, euskarari eta galegoari dagokienez, ezin dugu aipatu gabe utzi hogeita hamazortzigarren xedapen gehigarria. Xedapen horren bidez, gobernu autonomikoek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte ikasle guztiek komunikazio-gaitasun osoak bi hizkuntzetan eskura ditzaten, hizkuntza-murgiltzearen ereduan sakontzeko aukera emanez eta hizkuntza-erabilerak patioetara, eskola-jantokietara eta jarduera osagarrietara eta eskolaz kanpoko jardueretara hedatuz.

Gaztelaniari dagokion “komunikazio-hizkuntza” kontzeptua desagertzeaz harago, xedapen gehigarri honen 3. paragrafoak hainbat neurri hartzeko aukera ematen du, ikasleek euskarazko eta galegozko hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna behar den maila lor dezaten bermatzeko. Hori bai, hori gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da euskal eta galiziar hezkuntza-sistemak arautuko dituzten hurrengo legeek bi hizkuntza nazionalak komunikazio-hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza gisa ezartzea gure hezkuntza sistemetan, gaitasun maila bikaina bermatuz.

Ildo honetan, ongietorria ematen diogu otsailaren 10ean Institut d 'Estudis Catalans (IEC), Real Academia Galega (RAG) eta Euskaltzaindiak sinatu zuten adierazpenari. Bertan, hiru hizkuntzen presentzia indartuaren beharra nabarmentzen da, bakoitza bere hezkuntza-sisteman eta hizkuntza propioa duten erkidegoetako hezkuntza sistemako hizkuntza araubideak hizkuntza bakoitzean eta gaztelanian gaitasun osoa eta berdina bermatzeko helburua izan behar duela defendatzen dute. Eta hori, jakina, hizkuntza-murgiltzearen bidez baino ezin da lortu.

Oro har, uste dugu LOMLOE legea LOMCE kualitatiboki zuzendu eta hobetzen duen legea dela, baina ez dela nahikoa gure hezkuntza-sistemak ikuspegi humanistiko, laiko, zientifiko eta demokratiko batetik eraikitzeko.