IKASTOLEN JAIAK. 10.000 kilometro baietz!
Laudio Ikastolak Araba Euskarazen jaialdiaren baitan antolatu duen ekimen hau, “10.000km baietz!”, otsailaren 28an kiroldegian izan den “Bakardadeak garaitu zituenak” ikuskizunaren ondorengoa da. “Bide zabal eta luze honek helmuga ekainaren 20an izango badu ere, hilabetero ahal dela, euskara eta euskal kultura sustatzeko jarduerak antolatzen saiatuko gara” dio Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.
Martxoaren 14rako proposatzen duten ekintzan, 10.000 km BAIETZ! erronkan, alegia, laudioarrak euskararen alde mobilizatzea dute helburu. Jon Bengoetxea Martinez, Laudio Ikastolako zuzendariaren esanetan “Zerbait ludikoa, herrikoia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu, jendarteak euskarari, kulturari, kirolari bidea zabal diezaion”.
Erronka hau goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte Zumalakarregi etorbideari nahi beste joan-etorri egitean datza, bertaratutakoen artean 10.000km edo gehiago osatu arte. Ekimen honetan edozeinek har dezake parte; korrikan, oinez, txirrindulaz, patinetan… aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, hala ere, egunean bertan ibilbidean kokatuko diren kontrol guneetan ere aukera egongo da apuntatzeko.
Aldez aurretik Araba Euskaraz-en web gunean eman beharko da izena eta egunean bertan zehaztutako ibilbidearen muturretan, hau da, anbulatorio inguruan edo Gurutze Gorriaren inguruan kokatuko diren erregistro guneetako batean. Gune hauek egindako kilometroen kontrola eramateko ere baliatuko dira, hau da, parte hartzaileek izango duten txartelean euskararen alde egindako distantzia markatzeko. Helburua 10 ordutan 10.000km egitea izanik, 5km, 5 joan–etorri, egiten duten 2.000 pertsona biltzea litzateke erronka. Orduro gutxienez 200 pertsona. Baietz lortu!
“Zumalakarregi etorbidea euskaraz betetzea da asmoa. Horretarako Laudioko ikastetxe zein eragileei bidea zabaldu nahi diegu, haiekin harremanetan jarriko gara, elkarrekin euskarari bidea zabal diezaiogun” azaldu du Laudio Ikastolako zuzendariak. Horretaz gain, ibilbidea girotzeko asmoa dute antolatzaileek, ahal dela musikaz, ikastetxeetako ikasleek egindako euskararen aldeko mezudun oinatzez, etab.
Hori bakarrik ez, jendeari parte har dezan deituz, 10.000 km baietz! youtube kanala ireki dute. “Bertan erronka honetara batuko diren hamarnaka laudioarren gonbita biltzen joango gara, baina zu ere ager zaitezke” azaldu du Ikastolako lehendakariak, norbanakoek bideoa bidal dezaten animatuz. Izan ere, Araba Euskarazen alde edozeinek jar dezake bere alea eta bideo labur bat arabaeuskaraz@ehi.ikastola.eus helbidera bidaliz bideo sorta honetan parte hartu.
“Punta batetik bestera kilometro bat dago, 5 joan-etorri egiteko prest? Ekimena arrakastatsua izanez gero, 2 urterik behin antolatzeko ardura hartuko genuke.” esanez bukatu du Jonek.
Batu erronkara!