“Bakardadeak garaitu zituenak” obrarekin abiatuko da Araba Euskarazen kultur eskaintza

Laudio Ikastolak Araba Euskaraz 2021 kanpainako kultur programaketaren lehen ekitaldia burutuko du otsailaren 28an. Estreinako hitzordu honetan, bertsolaritza, euskal dantzak, balleta eta zuzeneko musika uztartzen dituen “Bakardadeak garaitu zituenak” ikuskizuna eskainiko dute Laudioko Granja kiroldegian, eguerdiko 12etan.

“Bakardadeak garaitu zituenak” ikuskizuna Ameriketara artzain bezala lanera joandako Txomin Malaxetxebarria gazte euskaldunaren bizitzan oinarrituta dago. Koldo San Sebastian kazetariaren artikulu batean izan zuen haren berri Jose Antonio Eluk, proiektuaren sortzaileak, eta abesti baterako gaia bihurtu zuen, gerora ikuskizun honetarako bizkarrezur bilakatuz.

XIX. mende amaiera eta XX.aren hasierako Euskal Herriko egoerak, maiorazkoa, probrezia zein bestelako askotariko arrazoiak zirela medio, amets amerikarra jorratzera eraman zituen hainbat migratzaile euskaldun. Horrela abiatu zen Txomin Malaxetxebarria Gizaburuagatik 1912an, 19 urte zituela.

Ikuskizunak berriz, amets huraren bila joan eta hainbatek bizitako bakardade eta etsipena dakar gogora. Izan ere, Nevadako lur sail desertikoetan bizitako egoera latzak burua galtzera eraman zuen protagonista, kaleetan eskean ibili ondoren ospitaleratuta bukatu zuelarik. Bertoko erizain bat eta beste gaixo bat hil zituen eta 1952 urtean heriotza-zigorra jaso zuen gas ganberan.

BERTSOLARITZA, DANTZA ETA MUSIKA

Ikuskizunean bertsolaritza, dantza eta musika uztartzen dira. Ricardo Gonzalez de Durana bertsolariak Txomin Malaxetxebarriaren papera antzezten du eta Felipe Zelaietak narratzailearena. Shuyana Izagak eta Mikel Etxebarriak dantza tartea taularatzen dute kontakizunean eta zuzeneko musika Ardi Ilun Blues Band taldearen esku dago: Alfonso Rojo “Gorri“, bateria; Alberto de?la Casa, baxua; Nando de la Casa, teklatuak; Mikel Lacalle,?ahotsa? eta gitarra; Felipe Zelaieta, txistua eta gitarra; Jose A. Elu, gitarra.