Abiatu da Liburu Ibiltaria, ikastolaz ikastola osatzen joango dena
Gaur jarri da martxan Liburu Ibiltaria, ikastolen jaiek, Ikastolak Herriari ekimenaren baitan, sortutako egitasmoa. Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleei eman zaie liburua idazten eta ilustratzen hasteko enkargua, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eskutik. Sopelatik, Leioara egingo du jauzi hurrengo egunetan Liburu Ibiltariak, Betiko ikastolako ikasleek jarraipena eman diezaioten.
Bi ikastola hauek dira, hain zuzen ere, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak, eta jaien ekimena izanik, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletatik igaroko da liburua, guztien artean osatu dezaten. Baina jaien antolatzaile diren ikastolez gain, beste hainbatek ere hartuko dute parte ekimenean, guztira Euskal Herri luze zabaleko 21 ikastolatako DBH 3ko ikasleek hartuko baitute parte Liburu Ibiltarian.
Liburuari amaiera emateko ardura Lizarrako ikasleena izango da. Beraiek amaituko dute, eta Nafarroa Oinez egunean panel handi batzuetan ikusgai jarriko dute. Era berean, ekimenean parte hartuko duten ikastolei Liburu Ibiltariaren edizioaren ale bana jasoko dute oroigarri gisa.
Ikastolen jaien helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei, eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu nahi izan da, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du Liburu Ibiltariaren ekimenak.