LOMLOE. Gure Hezkuntza Sistema propioa da behar duguna
LOMLOE legea indarrean sartzen den egunean, Ikastolen Elkarteak lege honi buruzko iritzia plazaratu nahi du, eta horixe da dokumentu honen xedea.
LOMLOE legea baloratzeko orduan, lehenik eta behin kontuan izan behar dugu lege hau organikoa dela, eta horrek esan nahi du haren artikuluen zati bat (azken xedapenetako bost eta zazpigarren puntuetan aipatutako artikulu guztiak) organikoak edo oinarrizkoak direla. Hau da, autonomia-erkidegoek transferituta dituzten ahalmenak alde batera utzita, artikulu horiek nahitaez bete beharrekoak direla. LOMLOE eta LOMCE aztertuta, egiaztatzen dugu aspektu honetan bi legeen artean ez dagoela alde handirik eta LOMLOEren izaera zentralista beste behin agerian geratzen dela.
Aipatu beharra dago era berean, Ikastolen Elkartean Euskal Herri osorako ikusmirarekin lan egiten dugula. Beraz, lege honek gure ikastolen zati bati baino ez dio eragiten.
Zer esan nahi du horrek? Hezkuntza Lege propio bat idazterakoan edo lantzerakoan lege hori LOMLOEn aipatutako artikuluek baldintzatuko dutela; hots, hezkuntza-sistema baten oinarrizko elementuetara iristen ez den konpetentzia bihurtuta geratzen da dugun eskumena. Marko honetan, berriz ere agerian geratzen dira kalitatezko hezkuntza sistema propioa, berritzailea eta bidezkoa eraikitzeko aukerara urriak eta eragozpenak.
Adierazgarriena 5. artikulua da. Bertan, hezkuntza-arloko eskumenen banaketa ezartzen da eta ia osorik mantentzen da LOMCEn izan zuen idazketa; Estatuari gordetzen dizkio hezkuntza-sistema bat eratzeko elementu garrantzitsuenak.
Puntu garrantzitsu hauek aipatu ondoren, artikuluen honako balorazio hau egiten dugu:
Arlo pedagogikoan, LOMCEren planteamendu atzerakoiekin alderatuta aurrerapauso txiki batzuk ematen dira (ez zen oso zaila), hala nola:
- Hizkuntza propioa duten erkidegoetan beraien eskuetan gelditzen da curriculumaren %55aren zehaztapena, alegia %5 gehiago aurreko legeetan ezarritakoa baino, Esan beharrik ez dago, guk curriculumaren %100eko eskumena aldarrikatzen dugula.
- DBH eta Batxilergoa gainditzeko LOMCE legeak ezarritako kanpo ebaluazio probak, alegia, promozioa eta titulazioa baldintzatzen zituzten ebaluazio probak, desagertu egin dira.
- Nazioarteko kooperazio nahiz lurralde arteko kooperazio proiektuak garatzeko aukerak irekitzen ditu.
- Konpetentzien (gaitasunen) garapena azpimarratzen du eta horretarako Curriculumaren kimaketari eta diziplinarteko proiektuak, “anbitoka” antolatutako curriculuma eta ikastetxeko proiektuak eratzeari ateak zabaltzen dizkie.
- Landa eremuko eskoletan eskaintza luzatzeko aipamena egiten da.
- Ikasleen ikasketa prozesua malguago egiten du, titulazioak lortzeko bideak eskainiz eta bigarren hezkuntza eta heziketa zikloen arteko zubi berriak eraikiz.
Legearen beste atal garrantzitsu askotan zehaztasun falta ere aipatu behar dugu, eta etengabe “digitalizazioa”, “jasangarritasuna” eta “inklusibitatea” bezalako kontzeptuek protagonismoa berezia hartzen badute ere, helburu horien sustapen eta garapenerako neurri eta zehaztapenen inguruko aipamenik ez da egiten. Bereziki kezkagarria “inklusibitate” atala iruditzen zaigu, etengabe azaltzen den ideia bat baita, baina oso gutxi azaltzen da nola eta ze baliabiderekin gauzatuko den helburu hori.
Legeak baditu gustukoak ez ditugun beste puntu batzuk ere:
- Batxilergoa. Unibertsitaterako sarrera probari, selektibitateari, ezaugarri berberekin eusten zaio. Edukietan oinarritutako, ikas-arloetan antolatutako, irakaskuntza tradizionalean zuztartutako ikasketa prozesu memoristiko eta sistematikoak sustatzen dituen eredua da. Ondorioz, selektibitate proba horiek gainditzeak duten garrantzia eta sortzen duten presioa dela eta, Batxilergoa osatzen duten bi ikasturteetan berrikuntza pedagogiko-metodologikoaren ezarpena oztopatzen da. Sekulako aukera galdu da azken 30 urte hauetan hartutako bideari buelta emateko.
- Hezkuntza formala eta ez formala bereizten ditu. Mundu mailako hainbat esperientziak hezkuntza eskaintza integralek dituzten onurak agerian utzi arren, LOMLOE legean bien arteko koordinazioa aipatzera mugatzen da; funtzio hori nork beteko duen, aldiz, ez du argitzen.
- Ebaluazio arloan ez da aipamen zehatzik egiten. Egungo sistema edukien kalifikazioan zentratzen da eta ez du aukerarik ematen “ikasleen gaitasunak” ebaluatzeko. Lege berriarekin ez dakigu arazo hori konpontzeko doikuntzak egingo diren edo ez.
Zerrenda honetan, tamalez, luzeago joateko argumentuak badaude; Hezkuntza Saileko eta Departamentuko arduradunek zein hezkuntza eragileok hezkuntza lege propio baten eraikuntzan aintzat hartu beharreko mehatxuak dira honakoak:
- Inklusibitatea bermatzeko neurri administratibo berri batzuk planteatu dituzte, besteak beste hauek: matrikula eremu berdinak sare guztientzat, matrikulazio garaian 2 postu gordeko dira arrazoi sozioekonomikoengatik ez bereizteko –ikasturte hasterakoan bukatuko da betebehar hori–, eskolatzeko proportzioak ezarriko dira, baremazioan irizpide berriak zehazten dira, ez dira baztertzaileak izango eta ezingo dira %30 baino gehiago izan… Baina neurriok nahiko lausoak dira eta printzipio deklarazioetan geratzen dira gehienak, ia aplikazio praktikorik gabe.
- Aurreko legeen izaera eta ideia zentralistari eta jakobinoari eusten diela esan behar dugu. Berriro ere udalak eskumenik gabe geratzen dira, eta ikastetxeen benetako autonomia ez da agertzen. Berriro ere gizarte eta administrazioaren elkarlana bideratzeko aukera galdu dela pentsatzen dugu; berriro ere publiko-pribatu dikotomiaren (eta eztabaida faltsuaren) aurrean gaude. Ikastolen iritziz era eraikitzailean planteatu beharko litzateke gaia: nola uztartu gizarteak eta administrazioak dauzkaten lanak eta lehentasunak, nola bideratu elkarlana inplikatutako alde guztien artean? Galdera guzti horiei erantzun beharrean, elkarri mokoka egongo balira bezala planteatzen du.
Ikastolok Administrazioaren ereduaren aurka jaio ginen; ez da gaurko egoera, baina garaia da denon artean etorkizuneko gizartea marraztu eta gure Hezkuntza Sistema helburu horiei begira jartzeko. Administrazioak berak bakarrik ezingo du, ezta gizarte eragileek bakarrik ere; elkarlana ezinbestekoa da, alde bakoitzari bere protagonismoa eta garrantzia emanez. Eratu dezagun denok elkarrekin hezkuntza sistema aberasteko moduko eredu bat, non komunitate osoaren parte-hartzea izango den ikastetxeen ardatz nagusia.
Beraz, LOMLOE ere, ez da gure eredua, ezta azken 35 urteetan Hezkuntza lege organiko ugari aldatu eta ezarri digun hezkuntza testuingurua ere, lege guztiek euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza sistema mugatu eta baldintzatu baitute. Euskal Herrian, hezkuntza espainiar eta frantziar estatuen esku egon da, eta dago, eta beraien behar eta nahien arabera garatu dute.
Erantzun eraikitzaileak, hezkidetzari begirakoak, inklusiboak eta eraginkorrak behar ditugu, eta horien oinarrian berariazko hezkuntza marko normatiboa; marko honen ardatza Euskal Hezkuntza Legea izango da. Egungo testuinguruan Hezkuntza Lege bat ez da bermea, bai, aldiz, ezinbesteko baldintza eta aukera hezkuntza proposamen berritzaile baten inguruan indarrak biltzeko eta erantzun orokorragoa emateko, eta LOMLOEn ikusi ditugun gabeziak (sistemaren ikuspegi parte-hartzaileari begira, etapa guztietan anbitoak-konpetentziak gauzatzeari begira, arlo formala eta ez formala uztartzeari begira…, hots, hezkuntza sistema gizartearen zerbitzura jartzeari begira) irauli eta indarguneak (inklusibitatea, ebaluazio tresnak ….) bideratzeko tresna beharko luke izan.
Amaitzeko, eta euskarari dagokionez, hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarria aipatu behar dugu. Beronen bidez, bi erkidegoetako gobernuek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte ikasle guztiek euskarazko komunikazio gaitasuna osoki garatzeko, eta, gainera, murgiltze ereduan sakontzeko aukera ematen du, ikasgeletatik harago, hala nola patioetan, eskola-jantokietan eta curriculumetik kanpoko jardueretan.
Gaztelaniari dagokion “komunikazio-hizkuntza” kontzeptua desagertzeaz harago, xedapen gehigarri honen 3. paragrafoak hainbat neurri hartzeko aukera ematen du, ikasleek euskarazko hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna behar den maila lor dezaten bermatzeko. Hori bai, hori gauzatu ahal izateko, euskal hezkuntza sistema arautzen duen hurrengo legeak ezarri behar du euskara dela komunikazio-hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza gure hezkuntza sisteman. Beraz, euskararen gaiari dagokionez, aukera paregabea dugu Euskal erkidegoan garatuko den hurrengo hezkuntza legean euskarari behar duen bultzada emateko.
Baita Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean euskaraz gaitasun osoa izatea ere, hau da, euskaraz hitz egitea, irakurtzea eta ondo idaztea. Garrantzitsua izango da, halaber, lege honetan murgiltze eredua arautua egotea, eta ez mugatzea euskara eskoletako komunikazio-hizkuntza gisa ezartzera, baizik eta ikasleen artean euskararen ahozkotasuna praktikatzeko benetako giroa sortu beharra ere jasotzea. Euskal eremuan arau-garapen hori gabe, xedapen gehigarria ia ezerezean geratuko litzateke. Ezin da beste aukera hau galdu gure hizkuntzarentzat.
Garrantzitsua izango da, halaber, 1513/2006 Errege Dekretua aldatzea, gaztelaniaren gutxieneko komunikazio-erabileraren zehaztapena organo judizialek adierazi duten bezain handia izan ez dadin.