Sopelan eta Leioan ospatuko da 2021eko Ibilaldia
Gaur aurkeztu dute, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, 2021eko Ibilaldia. COVID-19aren pandemia gorabehera, Bizkaiko ikastolen aldeko festak iragarri du dagoeneko zein diren 2021eko Ibilaldiaren erronkak. Bizi ditugun garaiak kontuan hartuta, Ibilaldiaren baloreak azalaraztea inoiz baino garrantzitsuagoa dela adierazi dute. Sopelako Ander Deuna ikastola eta Leioako Betiko ikastola arduratuko dira, hain zuzen ere, datorren urteko jaia prestatzeaz.
Gaur aurreratu dutenez, maiatzaren 30ean egingo dute Ibilaldia, ikasturte osoan zehar Uribe Kostan eta Leioan izango diren ekimenei amaiera emanez.
Helburuen artean dituzte, besteak beste, ikastolen eredua indartzea, herriko elkarte eta erakundeekiko harremanak sakontzea eta bi ikastola horietako eraikinak berritu eta egokitzen jarraitzeko dirua biltzea. Halaber, euskara eta euskal kultura bultzatu nahi dituzte, ekitaldi eta jarduera ezberdinen bidez, eta berdintasuna, hezkidetza eta jasangarritasuna hartu nahi dituzte ardatz.
Gurasoen, ikasleen eta bi ikastola horietako langileen parte-hartzeari esker, "Kalakalata!" leloa aukeratu dute Ibilaldiaren datorren ediziorako, Lelotzat “kalakalata!” aukeratu da. Berba horrekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da, barru barruraino hartzen duena, batzuetan deseroso ere sentiarazten gaituena. Baina, halaber, konpromisoa adierazi gura da. Konpromiso sakona, oso osorik hartzen gaituena. Konpromisoa Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, konpromisoa elkarrekin aritzeko helburu komunak lortu guran, konpromisoa euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan, konpromisoa hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko...
Logoari dagokionez, berriz, guztiz blai jauzi egiten dabilen giza irudi bat aukeratu da. Pozez jauzi egiten duena beharbada, ur sakonetan murgildu gura duena akaso… baina edozelan ere ekimena eta bizitasuna adierazi gura duen irudia.