Ilunabar gogoangarria Kursaalean
Jai bakoitzak bere erara amaitu du urte osoko ibilbidea, eta hainbat ekitaldi egin dituzte bai kultura arlokoak baita hezkuntza gaien ingurukoak ere, baina herri mailako ekitaldiak izan dira, ez dira orain arteko jai handi horiek izan. Bost jaiek argi zuten, halere, ezin ziotela urteari zapore mingotsarekin amaiera eman, eta ekitaldi nazional bat egitea erabaki zuten guztien artean, Ikastolak Herriari ekitaldia.
Atzo ospatu zen Donostiako Kursaal Jauregian, sarrera guztiak agortuta zirela. Publikoa eta artistak bat eginda egon ziren uneoro, eta disfrutatu egin zutela nabari zitzaien bai lehenei, bai bigarrenei ere.
Ez zen berri on batekin hasi ekitaldia, azken uneko arazo batengatik, ezin izan baitzuen iragarritako artista batek, Anje Duhaldek, parte hartu. Berari zegokion ekitaldia hastea, Pauline eta Juliette bikote gaztearekin batera. Pontekorik gabe irten ziren, beraz, bi gazte lapurtarrak, eta ikus-entzuleen bihotzak hunkitu zituzten gitarraz eta ukelelez lagunduriko bi ahots bikainekin.
Xabi Solano irten zen gero, bere arreba Kris eta taldekideekin, trikiti soinu elektriko, bizi eta aldarrikatzailearekin, eta haiek jotako doinuen erritmora aritu ziren Kimua Dantza Kolektiboko lau dantzariak.
Laukote formatuan (bosgarren kideak lan kontuengatik ezin izan zuelako parte hartu) eta modu akustikoan irten ziren ondoren, Nogen taldeko kideak, eta haien atzetik euskal kanta ezagunak estilo desberdinetara moldatuz eta a capella kantatuz aritu ziren Demodé Quartet taldekoak.
Ekitaldia Korrontzi taldeak itxi zuen. Azken kontzertuetan kasik taldekide bihurtuta ari den Xabier Leturia pandero-joleak ere ez zuen hutsik egin Kursaaleko zitara. Korrontziko kideekin batera, Oinkari dantza taldeko hogei bat dantzari ere aritu ziren.
Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga bikote ezagunak aurkeztu zuen ekitaldia, eta jendearen algarak eragin zituzten haien ateraldiek bezala, gidoian egindako hanka sartze eta errepikapenek.
ELKARTASUN ESKAERA
Ekitaldian bertan aurreratu zen, eta aurrerago zabalduko da gehiago: elkartasun eskaera egin da aurtengo jaien antolatzaile izan diren ikastolei laguntzeko. Urtero gure jaietara etortzen diren guztiei dei egin zaie, nahi eta ahal duten neurrian, ikastola hauei laguntza ematera. Horretarako, hiru kontu korronte ireki dira:
LABORALKUTXA: 3035 0235 25 2350033541
KUTXABANK: 2095 5001 05 1063916042
RURAL KUTXA: 3008 0148 65 2922383126