'Basolatik berri onik ez' , Xabiroiren azken albuma aurkeztu dugu
XVII. mendea, Orbaizetako arma ola, bertako lanbide desberdinetako pertsonaiak, izaki fantastiko batzuk… osagai epiko eta fantastikoekin landu dute Asisko Urmenetak eta Joseba Larratxek Basolatik berri onik ez komiki albuma, 2017ko otsailean lau hilero Xabiroi aldizkarian argitaratutako atalen bilduma. Gaur aurkeztu dute bi egileek elkarlanean landu duten albuma, Xabiroi aldizkariko zuzendari eta editore Dani Fanoren eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren laguntzarekin.
XVII. mendean kokatu dute komikia Asiskok eta Larratxek. Lehenaren gidoiari irudiak jarri dizkio bigarrenak, eta komiki epiko-fantastiko bat osatu dute, beraien hitzetan. Orbaizeta inguruetan, arma olaren loria urteetan, matxinada bat prestatzen ari dira Espainiaren aurka. Orkaitzak izeneko izaki fantastiko batzuek ere parte hartuko dute matxinada horretan. Badirudi irabazten ari direla erresistentziako kideak eta orkaitzak, baina azkenerako badakigu zer gertatuko den. Hori guztiori biltzen du albumak bere 64 orrialdeetan zehar.
Asiskoren lanetan askotan agertzen den gaia da Nafarroa eta independentziaren galera. Bere ustez, “herri normala bagina akaso kontatuko genituzke beste gauza batzuk, baina niri oso modu esplizituan ateratzen zait hori” . Larratxe oso eroso sentitu da proiektu honekin: “14-15 urterekin esan izan balidate zein komiki marraztu nahiko nukeen, horrelako zerbait esango nukeen. Pertsona eta akerren arteko nahasketa diren satiroak askotan marrazten nituen adin horrekin, eta bat-batean satiroen lehengusuak marraztu behar izan ditut, halako Erdi Aro fantastiko batean, eta gainera, euskal usainarekin. Nire ametsetako proiektua da”. Asiskoren eta Larratxeren obra izan arren, Dani Fanoren eskuhartzea ere badago tartean, enkarguz eskatu baitzien Orabaizetako arma olaren gaineko istorio bat osatzea.
Ikastolen Elkarteak duela urte batzuk martxan jarritako komiki aldizkaria da Xabiroi eta Basolatik berri onik ez Xabiroi bildumaren hamahirugarren albuma da. Urtero album bat argitaratzen du Xabiroik, aurretik atalka aldizkarian agertutako istorio batekin. Eta gehiago ere izango direla iragarri du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkartearen asmoa baita “euskarazko komikigintza bultzatzen jarraitzea, gidoilari eta marrazkilarien arteko elkarlan oparoari babesa ematea, eta gure ikasleei bezala euskal herritar orori arte sorkuntza honen (askotan gutxietsia, baina egun, zorionez, pizkundea bizi duenaren) fruitu gehiago eskaintzea”.
Basolatik berri onik ez komiki albuma dagoeneko salgai dago 15 euroan.