Ikasleen itzulera mailakatua

Azken egunetan Paris eta Madrilgo Gobernuen adierazpen eta ebazpenetatik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik ikasleen itzulera mailakatuaren inguruan jaso ditugun mezu nahasi eta eztabaidagarrien aurrean, ikastolok erabaki propioak hartuko ditugu.

Erabakiok agiri honen amaieran datoz. Aurretik, dena den, egoeraren eta ikasleen itzulera mailakatuaren inguruko hausnarketa partekatu nahi dugu.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu guztion ideia eta nahia dela ikasle guztiak, gure langileekin batera, ikastolan baldintza seguruetan eta ongizatean egotea; hori da egoera desiragarria. Ezin dugu ahaztu, ezta horrelako egoera konplexu batean ere, haurren eta nerabeen sozializazio beharra. Ikastolak sozializaziorako espazioak dira, eta hor kokatu behar dugu gure zeregina. Gure ikasleak komunitatean hezteko ezinbestekoak diren espazioen eta balioen garrantziaz kontzientziatu behar ditugu, beroriek eskura eman behar dizkiegu, harremanetarako eta garapen pertsonalerako planteamendu bat ezinbestekoa baita.

Baina, betiere, ikastola bakoitzean osasun eta segurtasun neurriak bermatuta egon eta gero. Alegia, Hezkuntza Sailak eta Departamentuak —beraiei baitagokie ardura hori— ezarritako prebentzio planak aztertu, ikastola bakoitzarenak egin, eta ikasleak eta langileak beharrezko bermeekin itzuli ahal izateko protokoloak, neurriak eta horiek aurrera eramateko baliabideak ezarri eta gero. Guzti hau egin eta gero, eta hezkuntza ikuskaritzaren baimena jaso eta gero, ikasgeletara itzultzeko aukera izango dugu; edozein baldintzetan ezin gara bueltatu.

Ezin dugu ahaztu ere ikastolek, ikastola bakoitzak eta ikastola guztiek, duten funtzio komunitarioa. Ikastetxeak baino zerbait gehiago gara. Horregatik, beren egoera zaurgarria leundu behar duten ikasleak ikastolara itzul daitezen aholkatzen dugu ikasturte amaiera honetan; arreta berezia eman behar diegu. Gure ekarpen solidarioa egin behar dugu arrakala sozialari aurre egiteko, leuntzeko. Ikasle guztiek ezin izan dute ikasturtea normaltasunez jarraitu etxetik, orain beraiekin egon behar gara, horiei erantzun bat ematea gure ardura eta zeregina da. Euskararen erabileran atzerakada nabarmena izateko arriskuan ere badaude zenbait ume, azken hilabeteetan euskaraz aritzeko aukerarik izan ez dutelako. Horien beharrak ere kezka sortzen digu.

Eta horregatik ere jarraitu behar dugu ikastolen arteko saretzea ahalbideratuko duten ekimenak sustatzen. Arlo guztietan, pedagogikoan, dokumentu honetan egiten dugun bezala, ikasturte amaierarako plan komun bat planteatuz, guztiontzat baliagarria dena eta baita arlo komunitarioan ere, ikastola ezberdinetako langileen lan komunitariotik abiatuta, ikastolen komunitate osoa inplikatzeko ekimenak landuz, herriarekin elkarlanean, auzolanean eta euskalgintzako eragileekin euskara eta euskal kultura bultzatzeko koordinatutako ekintzak aurrera eramanez. Azpimarratu nahi dugu egoera honetan elkarrekin jarduteak babes itzela eman diola ikastola bakoitzari. Elkarrengandik praktika onak partekatuz, zailtasunei aurre egiteko moduak bilatuz… oso lagungarria izan da ikasle eta familiei erantzun egoki bat eman ahal izateko. Zoriontzekoak dira ikastoletako profesionalen ekina eta jarrera eskuzabala.

Eta oraingoan ere, Euskal Curriculuma garatzean edo ebaluazio sistema propioa planteatzean egin genuen bezala, ikastetxeen autonomia baliatzen ari gara ikasturtearen amaiera egokiena zein den zehazteko. Indarrean dugun eredu zentralizatu honek herrigintzari ez dio laguntzen, norbanakoak gehiago sakabanatzen ditu.

Hezkuntza Sistema propioaren beharra inoiz baino ageriago geratu den pandemia honen garaian, ia ezinezkoa izan zaigu planteamendu bateratu bat egitea Euskal Herri osoarentzat; muga administratiboak inoiz baino nabarmenagoak izan dira. Eta bildu gara, gure hausnarketak egin ditugu, gure egoerak partekatu ditugu, esparru guztietan konponbide bateratuak bilatzen saiatu gara; baina estatuen pisua, batzuetan, modu basatian sentitu dugu.

Egun, Ipar Euskal Herriko ikasleek egun batzuk daramatzate ikasgeletan, eta erabakia hartzea ere zaila izan zitzaien, ikasgelak ez irekitzea ere aztertu zuten eta Frantziako Estatuak planteatu zizkien segurtasun-neurriak ez dira hegoaldeko administrazioek planteatzen dizkigutenak baino handiagoak. Horretarako zenbait arrazoi hartu zituzten kontuan, besteak beste, zailtasunak dituzten haurren eskolatze-beharrari erantzutea, eta euskara ez dakiten familietako haurrak euskaraz biziaraztea; «Ikastolak irekiz, gure hizkuntza biziarazten dugu».

Saia gaitezen ikasturte amaierako plangintzan pandemian izan ditugun alde nabarmen horiek murrizten eta kontuan izan ditzagun orain Iparraldean erabili dituzten irizpide horiek. Orain dugun egoera honek hilabete batzuetan iraungo duela aurreikustea logikoa dela dirudi. Beraz, gure Iparraldeko kideen esperientzia honi gertutik jarrai diezaiogun, hegoaldeko ikasleen gelaratzea prestatzen hasteko.

Eta hurrengo ikasturteari begira, irudika dezagun gure gazteak euskal komunitatearen parte izateko dituzten beharrak; behar akademikoekin batera, erakuts diezaiegun egungo egoera errealetik abiatuta zer ari den gertatzen gure gizartean, eta, gure irteera profilean agertzen den bezala, erabaki hartzaile kritikoak, sortzaileak, ekintzaileak... izaten lagun diezaiegun. Hau ikastolan edo etxean, pantaila aurreran, lortzen ari gara, baina ikastolak ikasleentzat ikastoki bat baino gehiago izatea lortu behar dugu. Gure ikasleei komunitatean hezteko behar duten espazioak eta baloreak eskura eman behar dizkiegu, harremantzeko eta pertsona bezala garatzeko planteamendu bat ezinbestekoa da.

Azken bizpahiru hilabeteetan lan itzela egin da ikastoletako estamentu guztion aldetik, baina, orain, gelditu eta hausnartzeko ere une bat hartu behar dugu. Datorren ikasturtea akademikoki aurrera aterako dugula ez dugu zalantzarik; baina, ikastola komunitateari dagozkion hainbat ezaugarri, historikoak direnak, galtzeko edo lausotzeko arriskua daukagu. Ikasturte hau ezaugarri hauek berreskuratzeko bideari ekinez amaitu behar dugu, eta hurrengorako helburuak argi izan. Arlo pedagogikoaren diseinu berriarekin batera, arlo hau ere landu behar dugu, eta, horretarako, Ikastolen Zazpigarren Biltzarrari begira abian jarri dugun prozesua –pandemia garaian gertatutakoa ikusita berrikusi beharko duguna– oso baliagarria izango zaigu.

Aipamen berezi bat egin nahi diogu euskaren egoerari. Pandemiaren aurretik, behin eta berriz ohartarazi genuen euskararen normalizazioaren egoera kezkagarria zela hezkuntzaren eremuan; orain egoera hori kezkagarriagoa bihurtu da. Ikastolak ezinbesteko eragile izan behar du euskara eta euskal kultura zabaltzeko, eta bide berriak aztertu behar ditugu gure komunitate osora iristeko, batez ere etxean euskararik ez duten familiengana iristeko.

Lan guzti hau aurrera eramateko denbora behar da, eta baliabideak. Inbertsioak egin beharko dira egoera berrira egokitzeko hainbat arlotan, eta horren finantzazioa administrazioak bere gain hartzea lortu beharko dugu. Horregatik uste dugu lehenbailehen ekin behar diogula lanari. Administrazio ezberdinei planteatu behar diegu eragileekin lankidetzan hastea berehala, eta horretarako mahaiak abian jartzea. Ekarpenak egitea, adostutako irtenbideak aurkitzea eta irtenbide horiek zabaltzea lirateke mahai horretako kideen egitekoak. Ikastolen komunitatea prest dago horretarako, beti bezala. Ikastolak, Ikastolen Elkartea eta gure komunitate osoa lagun izango dute gogoetak partekatu eta irtenbideak adosteko. Elkar gaitezen eragile guztiak ikasturte amaieratik harago asko dugu hitz egiteko eta.

Ezin dugu hausnarketa hau amaitu, egoera honek ekarri dizkigun arriskuak aipatu gabe; izan ere, hezkuntza proiektu gisa, gizarte gisa, ezin izango dugu aurrera jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala, eta ariketa kritiko bat egin beharko dugu egoera hori sortu duten arrazoiei buruz, eta gogoeta eta hausnarketa egin, gure ikasleekin ere.

Eta horrela, hau bezalako pandemia baten zergatiei buruz galdetu eta hausnartu beharko dugu: ingurumenari egiten ari garen kalteari buruz, aztarna ekologikoa nola aldatzen ari garen barne; teknologiarekiko dugun mendekotasunari buruz; kontsumismoari buruz, bai eta herri gisa erantzuna emateko orduan izan ditugun gabeziei buruz, gure familia askotan sortu dituen egoera ekonomiko zailei buruz eta gizartearen urruntzeari buruz ere.

IKASTOLENTZAKO JARRAIBIDEAK

Administrazio ezberdinek lege eta erabaki propioak hartu dituzte ikasleen itzulera mailakatuaren gainean. Egoera honen aurrean, planifikazio propioak egiten hasi gara, esaterako, Iparraldeko ikastoletan. Ikasleen behar eta familien beharrei erantzuteko dinamikak diseinatu eta inplementatzen ari gara dagoeneko. Hegoaldeko ikastolen egoera bestelakoa da, eta dokumentu honek duen helburua da Hego Euskal Herrian kokatzen diren ikastolei ikasturte amaiera irudikatzeko orientabideak ematea. Ideia, argudio eta proposamen hauek 36 ikastola ezberdinekin egindako etapakako bileretan azaldutako ikuspegi ezberdinak eta Zuzendarien Mintegi Nazionalean egindako hausnarketa kontutan izanik idatzi ditugu. 

  1. Ikuspegi kurrikularretik, ez dugu ezinbestekoa ikusten ikasturte amaierara begira ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea. Maila guztietan, oro har, ikasleak zein irakasleak lanean ari dira. Ikasle nagusienen kasuan, lana eta jarraipena bermatuta daude, dagoeneko lanerako ohitura berriak barneratu dituzte eta ordutegiak eta ikasketa prozesuak antolatuta daude. Horiek horrela, itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino. Ikasle txiki eta gaztetxoekin ere lanean ari gara jarraipena eta proposamenak eginez. Bestalde, egoera emozional, jarraipen eta harremanen ikuspuntutik ikasle hauen zaurgarritasuna eta itzuleraren antolaketarako zailtasunak eta ezintasunak gai garrantzitsuak izan dira.
  2. DBH 4n, Batxilergoko 1. eta 2. mailetan eta Lanbide Heziketan, ezohiko ebaluaziora begira, errefortzuak eskaintzea beharrezkoa da. 
  3. Batxilergoko 2. mailako ikasleentzat USE probaren prestaketarako saioak eskaintzeko beharra ikusten da.
  4. Beste mailatan, ikasturte amaiera goxatzeko ekintza puntualak egitea aztertu behar da. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen kasuan adibidez, etapa baten amaiera izango dute eta egoera bereziak sortuko dira: eraikinez aldatzea, taldeak apurtzea, ikastolaz aldatu beharra… Era berean baloratuko dira beste mailatan honelako ekintzak egiteko beharra eta aukera. 
  5. Arreta eta errefortzuak behar dituzten guztiei eskaintza ziurtatu behar zaie, eta arreta hori era telematikoan edo presentzialean eskainiko da. Egoera emozional zein akademiko beharrak aintzat hartuko dira. 
  6. Ikastolako Zuzendaritza zein Artekaritza taldeetako kideei profesionalen, ikasleen zein familien osasunaren zaintzarako baliabideak eskaintzea eta prebentzioa sustatzea eskatzen zaie. Horretarako prebentzio planak egin eta beteko dira.
  7. Egoeraren eta hartutako erabakien berri komunikatzea ezinbestekoa da, bai familiei bai langileei, funtzionamendu eta segurtasun-protokoloak argi jakinaraziz.
  8. Ezohiko egoera honen aurrean, ikasle, familia, hezitzaile eta zuzendaritza taldeek egin duten esfortzua goraipatu behar da. Egun gutxitan ikasketa eta irakaskuntza prozesu berriak abian jarri behar izan ditugu eta, hobetzekoak ditugula jakinik ere, erantzun duin eta antolatua eskaintzen ari garela azpimarratu nahi dugu.

Ideia hauek proposamenetara eramatea da gure nahia eta egitekoa. Proposamenak orokorrak dira, eta ziklo zein etapa ezberdinetarako baliagarriak; hala ere, ikasleen ezaugarri eta adinaren arabera ulertu behar dira.

  1. Hirugarren ebaluaziora begira, kasu batean ere ez dugu ezinbestekoa ikusten ikasle talde osoak ikastolara itzultzea.
  2. Errefortzu eta arreta behar dutenei eskaini egingo zaie, eta bide telematikoak edo presentzialak baliatuko dira. Arreta berezia jarriko da ondoren zerrendatzen diren egoeretan, eta, aurrez aurreko saioak egin behar direnean, ikastola bakoitzak espazio eta kopuruen arabera antolaketa propioa egingo du.
    • DBH 4n, Batxilergoko 1. eta 2. mailetan eta Lanbide Heziketan, ezohiko deialdiei dagozkien beharrak identifikatuko dira. Maila hauetan ezohiko deialdiek berebiziko garrantzia izan dezakete hainbat arrazoi medio (titulazioa, espedienteko nota, USE egiteko aukera…).
    • Lanbide Heziketako tailer eta praktikekin lotutakoak bideratuko dira.
    • USE proba prestatzeko saioak egingo dira.
    • Egoera soziolinguistikoak eragindako gabeziak beteko dira.
    • Premia bereziak dituzten ikasleei arreta eskainiko zaie.
    • Ezohiko egoeraren ondorioz ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei arreta eskainiko zaie.
    • DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleen orientazioa landu behar da, horretarako bilerak eta dinamikak planifikatuz. 
    • Prebentzio planak osatuko dira Osasun eta Hezkuntza sail eta departamentuek zehaztutako neurriei jarraituz, eta aurrez aurreko saioak antolatzerakoan baliatuko dira. 

Orain arte egin dugunak eta hemendik aurrera egiten duguna hurrengo ikasturtea irudikatzeko baliagarriak izan behar dira; abiapuntu gisa ikusten dugu. Ikasturte berria ezohiko egoeran hasiko dugu; denboran zehar ere errealitate ezberdinak gerta daitezke, eta horiei guztiei ahalik eta era eraginkorrean erantzuteko prestatu behar gara.

Ikasturte berriaren inguruko gogoeta berriro ere taldean egingo dugu, ikastolen iritzia jaso eta izango dituzten beharrei erantzuten saiatuko gara Ikastolen Elkartetik. Horrekin batera,  argi daukagu planifikazio ezberdinak egiteko bidea elkarlana dela. Ikastolok sare bat osatzen dugu, guztiok elkar elikatzeko konpromisoa daukagu eta gai izan beharko ginateke ezaugarri horiek guztion onerako baliatzeko.

Ikastolen Elkartea