Bost ikastolatan eguzki plakak jartzeko finantzaketa lortu da
Hilabete baten buruan, Goiener Taldeak 400.000 euroko kapital ekarpena eskuratu du bost ikastolatan eguzki plakak jartzeko proiektua aurrera ateratzeko. Diru hori bere bazkideen artean eskuratu du energia berriztagarrien kooperatibak.
Gauzak horrela, duela aste batzuk hitzartu bezala, Andra Mari (Etxarri-Aranatz), Argia (Tutera), Armentia (Gasteiz) Eleizalde (Bermeo) eta Laskorain (Tolosa) ikastolek instalazio fotovoltaikoak jarriko dituzte euren eraikinetako teilatuetan, eta euren kontsumorako argindarra ekoizten hasiko dira bostak.
Era honetan, ikastetxeak autokontsumoaz baliatuz bere faktura elektrikoa ere murriztu ahalko dute, ingurumena babesteko urrats esanguratsua egingo dute eta, horrekin batera, energia, jasangarritasuna eta efizientziaren inguruan ikasketa programa bat garatuko dute euren ikastoletako komunitate guztiarentzat.
Energia berriztagarria sortzeko proiektu hau kooperatiben arteko ekimen bat da eta bere helburua modu lokalean eta herritarren parte-hartzearekin energia era banatuan sortzea da. Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango dira eta sarera konektaturik egongo dira soberakinak erabili ahal izateko. Bost instalazioen artea 1.800 metro koadroko azalera beteko da, eta urtean 410 MWh sortuko dituzte, gutxi gorabehera 160 etxek kontsumitzen duten bezainbeste.
Era honetan sare elektrikoan energia % 100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain, garraioan izan ohi diren galerak aurreztuko dira eta CO2, NOx eta SOx igorpenak murriztuko dira, 3.900 zuhaitzek urtean xurgatzen dutena adina.