Ibilaldia 2020, aurkeztu dira kanta eta bideoklipa!!
IBILALDIA 2020 - Txintxirri Ikastola, Elorrio, Maiatzaren 31n
Gaur aurkeztu dira kanta eta bideoklipa, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Kantaren letra:
Herritik sortua herriarentzat. Badauzkagu “nondik” eta “norantzak” doinu zaharren erritmo berrian ez du etenik ikastolen dantzak. “Zer” baino lehen “nor” garenez hazi eta hezi nortasunez gutako bakoitza berezia, bereizia geurean inor ez. Nik zuri, zuk hari, denok batera, hel horri! herriz herri, Euskal Herri! Ibilaldira etorri! Nik zuri, zuk hari, denok batera, hel horri! herriz herri, Euskal Herri! Elorriora! Bertan egina murtxikatu, lurrari eman, lurretik hartu. hitzak marraztu, gorputzek berba, matematikak musikatu. Enbor sendodun elorria urtero erantziz orria, etengabeko eraldaketan sustrai moretik fruitu gorria. Nik zuri, zuk hari, denok batera, hel horri! herriz herri, Euskal Herri! Ibilaldira etorri! Nik zuri, zuk hari, denok batera, hel horri! herriz herri, Euskal Herri! Ibilaldiara! Nik zuri, zuk hari, herriz herri, Euskal Herri! Nik zuri, zuk hari, herriz herri, Hel horri!
1. SARRERA Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an antolatu zen lehenengoz Uribe Kostan eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da. 2020koa 41. edizioa izango da, beraz. Urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Edizio bakoitzean ikastola desberdin batek antolatzen duen jaia da Ibilaldia eta oraingo honetan, Elorrioko Txintxirri ikastolari egokitu zaio. Datorren maiatzean hirugarren aldiz ospatuko da Ibilaldia Elorrion, aurretik ere 1999 eta 2006an egin zen eta. Baina, Ibilaldia ez da jaialdi soil bat, urte osoan zehar garatuz doan proiektua baizik. Era honetan, urte osoan arituko gara elkarlanean, jarritako helburuak bete nahian. 2020ko maiatzaren 31n ospatuko dugu aurtengo Ibilaldia eta familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz.
2. ELORRIOKO TXINTXIRRI IKASTOLA 0-16 urte bitarteko kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu. Azken xedea pertsonak bere osotasunean heztea da, hiru eremu nagusietan: euskalduntasunean, norberaren garapenari dagokionez eta gizarteko kide bezala. Euskalduntasunetik mundura zabalik kokatzen gara, identitatea eta aniztasuna uztartuz, bizikidetzarako baldintza egokiak eraikiz. ”Pertsonak bizitzarako hezi”, horixe bera da geure azken xedea. Heziketa eskaintza Elorrioko Ikastolan 16 urte arte bada ere, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ere eskaintzen ditugu ikasleak Durangoko Ibaizabal ikastolara bideratuz, gazteen formakuntza 21 urte arte luzatuz. Elorrioko Ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu zituen ateak, Euskal Herri osoan euskalgintzak bizi zuen loraldi berriaren baitan eta diktaduraren aurkako askatasun haizeak hauspoturik. Abadiñoko Josune Munitxa eta Maritxu donostiarra izan ziren lehenengo irakasleak. Lau urteko joan-etorrien ostean, 1972an Marianisten egoitza izandako Txintxirri jauregian kokatu zen Ikastola eta behar ziren abal eta diruak jarrita, gaur eguneko egoitza erostea lortu zuen 1973an, Irakaskuntza kooperatibaren eredupean.
Urteak joan eta urteak etorri, ikastolak bere hezkuntza proiektuari ekin dio. Bidean zailtasunak ere izan dira baina betidanik egin izan dugun moduan, kemenaz eta gogotsu ekin genien erronka berriei eta, apurka-apurka, proiektuak bere bidea egin du. Azken bi hamarkadetan hainbat egitasmori ekin dio Ikastolak (Kudeaketa sistemagatik Euskalitek banatutako URREZKO Qa, Euskararen normalkuntzaren URREZKO edo goi mailako BIKAIN saria, EKI proiektua, Pedagogia aktiboa, Goi mailako heldutasun teknologikoa, gelan material naturalen erabilera, BioEraikina, ebaluazio hezigarria, KiVa, STEM…) beti ere hezkuntzaren kalitatea hobetu nahian eta helburu nagusi izanda ikasleak arduratsu, euskaldun eta euskaltzale hazi daitezen eta gizartean ikuspegi kritiko batekin eta aktiboki ekarpenak egiteko gai izan daitezen. Eta horrela bete genituen 50 urte 2018an (https://50urte.elorriokoikastola.eus/), herrian eta herritik sortu, herrian eta herrirako lanean eta beti euskara, euskal kultura eta Euskal Herria gure ardatz izanik, Elorriotik eta Euskal Herritik mundura zubiak eraikitzen, ibilbide honetan bidelagun izan ditugun milaka ikasle, guraso, irakasle, elkarte eta herritarrekin batera. ZE HANDIA TXIKIAK IZATEA!
3. IBILALDIA 2020ren HELBURUAK Ikastolak Ibilaldia honetan bere 50 urteko ibilbidean izan duen konpromisoa berresten du: lanean jarraituko du “arduraz hezi, nortasunez hazi” ohiko leloari jarraituta. Ibilaldiaren helburu nagusiak, honako hauek dira: ● Elorrioko Txintxirri Ikastolaren hezkuntza eredua herriratzea, ezagutzera ematea. ● Ikasketa prozesuko protagonista nagusia, ikaslea ● Pedagogia aktiboa ● Ebaluazio hezigarria ● Adin desberdinen arteko harremanak ● Familiekin elkarlana ● Erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. ● Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria. ● XVII. mendeko Txintxirri jauregiko espazioen berrantolaketa. ● Herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea
4. IBILALDIA 2020ren ZEHAR LERROAK. Ibilaldiko ekintzek izango eta bultzatuko dituzten baloreak dira: Euskara Euskararen sustapena bultzatzea. Parekidetasuna/hezkidetza Sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea. Jasangarritasuna Antolatzen ditugun ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea. Parte hartzea Ibilaldia prozesu parte hartzaile izatea ikastolako eta herriko eragile guztien artekoa. Inklusioa Berdintasun-ezberdintasuna bultzatzea, behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz, hau da, denontzako Ibilaldia garatu. 5. LELOA eta LOGOA Logoa eta leloa sortzeko lan saio bat egin genuen udaberrian ikastolako familiekin. Haurrak eta gurasoak arratsalde eguzkitsu batean jolastokiko lorategian elkartu genituen eta ia bi orduz ikastolarekin lotutako kontzeptu eta ideia ezberdinei buruzko marrazki, hitz eta esaldiak lantzen aritu ziren. Lan saio horretan lortutako irudi eta esaldiak guraso eta irakasleek osatutako lantalde batean aztertu, aukeratu eta findu ostean, behin-betiko irudi eta hitzak lortu ditugu, Hel Horri! leloa eta hiru elorri zuhaixka direlarik azken emaitza. Gauza jakina da Elorrio herriak elorriari zor diola izena, antzina oso ugaria omen zelako landare hori inguruan. Horrela ba, leloa eta irudia lantzerakoan abiapuntu hori hartu dugu, izenak eta izanak duten lotura oinarri hartuta. Gurean ere, beste herri guztietan bezala, ikastola herritik sortu zen, herriak sortu zuen eta, orain ere, herriarekin eta herrirako egiten dugu lan, orain dela 50 urteko ilusio eta gogo berarekin.
Esan bezala, beraz, Elorrio eta elorria abiapuntu moduan hartuta, Hel Horri! Leloa sortu dugu. Hitz jokoaren begi bistako esanahi eta loturetatik haratago, euskaraz “hel horri!” edo “heldu horri” esamoldea erabiltzen da zerbaiti ekin edo bide bat hartzeko orduan, indarrez eta gogoz egiten denean bereziki. Eta zeri heltzen diogu Ikastolan? Euskara eta Euskal Herriari, elkartasunari, berdintasunari, kalitatezko hezkuntza berritzaileari, auzolanari, biharko euskal herritar prestatu eta kritikoak sortzeari… Zerrenda luzea da, gure historiako 51 urteetan lantzen eta sakontzen joan garen balore, egitasmo eta helburuekin osatutakoa. Logoari dagokionez, hau ere ikastolako umeek egindako ehunka marrazkietatik atera dugu. Irudi xume eta alaia da, hiru elorri erakusten dituena elkarren ondoan. Natura, ingurumena, elkartasuna eta alaitasuna adierazten ditu, Ikastolaren eta gure herriaren adierazgarri ezin hobeak.
6. KANTA 2020ko Ibilaldiak #helhorri leloa aukeratu zuen. Dena delako horri heltzeko deia egiten du, ibilaldiari, Elorriori, euskarari, Euska Herriari eta ikastolari heltzeko deia. 1999an “aro berrian, ikastolak loran” lelotik, ”batzen gaituena” lelora jauzia egin zuen 2006an Elorrion egindako Ibilaldiak. Batzen gaituztenak oraindik presente ditugu baina enbor sendotik oraingoan fruitu gorriak azpimarratu nahi ditugu, elorriak ematen dituenak. Izan ere, betidanik azpimarratu izan dugu Ikastolak ere landareen antz handia duela. Sustrai sakonak, hosto eta lore ugariak eta fruitu emankorrak, jendartean, herrian eta Euskal Herri osoan zabaltzen direnak. Eta kantua ere horrela sortua izan da, elorriaren sustraieatik enborra, hostoak eta fruituak sortzen diren moduan. Hitzak, musika, ahotsak, bideoa... Guzti-guztia ikastolan egin dugu. Gurasoak, lagunak, ikasle izandakoak, irakasleak, langileak eta ikasleak auzolan handi batean elkarrekin aritu ostean, zer garen eta nor garen ezin hobeto adierazten duen kanta egin dugu. HEL HORRi!
ESKERRIK ASKO lagundu diguzuen guztiei!
FITXA TEKNIKOA Asier Elias (Bateria), Mockers taldekoa Urko Igartiburu (Baxua), Urkotxo taldekoa Gorka Molero (Kitarrak, Teklatua, Koruak), Han taldekoa Mikel Quesada (Kitarra, Koruak), Sugoi taldekoa Eneko Arraibi (Saxofoia), Oxabi taldekoa Adrian Lopez (Tronpeta), Oxabi taldekoa Iñigo Arruabarrena (Ahotsa), Hayatola taldekoa Itziar Azkarate (Ahotsa), The galampers taldekoa Mamen Rodrigo (Ahotsa), Puro Txile taldekoa Zoe Igartiburu (Ahotsa) Hitzak: Itsaso Basauri, Haritz Luzar eta Iraitz Erkiaga Abestiaren grabaketa eta masterizazioa Lorentzo Records estudioan burutua, 2019ko abenduak 16tik 20ra. Aitor Ariño aritu da teknikari lanetan. 7. BIDEOA Bideoklip bat, batez ere, emozio bat transmititzeko tresna da, eta lehenengo eta behin emozio bat transmititu nahi izan du bideoklip honek: gauzak egiteko gogoa! Horrexegatik egin da bideoklip hau ere: umeak, gazteak, irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak, guraso ohiak, eta urrunagoakoak ere… Ikastolen mugimenduaren parte sentitzen direlako eta #helhorri esateaz bat, ideia izateari utzi eta errealitate bihurtu nahi izan dutelako. Sakonago aztertu nahi duenak ikastolen nortasuna islatzen duten zipriztinak aurkituko ditu han-hemenka.
BIDEOKLIPAREN FITXA TEKNIKOA Grabaketa eta edizioan Kimetz Blanco eta Imanol Garaizabal aritu dira eta dronarekin Aritz Kortazar.
Bideoa hemen dago ikusgai: https://youtu.be/WRTGuuF0Hv8