Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak lankidetzan
Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta GOIENER Kooperatibak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute
Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta GOIENER energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Iruñean, Ikastolen Elkarteko egoitzan. Dokumentua izenpetuz elkarrenganako konpromisoa berretsi dute Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparazek batetik eta GOIENERreko Maria Arretxek bestetik.
GOIENER Kooperatibak Nafarroako Ikastolen Elkartetik sustatzen diren balore sozialak identifikatzen ditu, bidaide ezin aproposagoa bilakatuz kooperatibaren xedea lortzeko. 20 bat ikastolek (horietako batzuk Nafarroan) jada egin dute GOIENERren aldeko apustua, bazkide eginez eta %100 berriztagarria den energia kontsumituz. Hitzarmena izenpetzeko orduan Arretxek azaldu du “erlazioak egonkortze aldera eta erlazio berriak sortzeko nahiarekin, Nafarroako Ikastolen Elkartearekin sinatutako hitzarmen honek GOIENERrentzat berebiziko garrantzia” duela.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak bere aldetik, aintzat hartzen du GOIENER dela behar duen bitartekoa, era berri baten bidez bere behar energetikoa kudeatzeko. Modu berri hau aurrezte eta energia-eraginkortasunean oinarritzen da, baita energia berriztagarriaren kontsumo eta energiaren sorkuntzan ere. Gainera, “GOIENER kooperatiba herritarra den aldetik, guztiz bat dator gure kooperatibagintza eta lan egiteko moduarekin: herriarentzat baina herritik” adierazi du Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak.
Hortaz, GOIENERrek tarifa elektrikoen kontratazioa aztertuko du, beti ere ekonomikoki bideragarriak eta teknikoki posibleak diren heinean eta bere talde profesional eta bolondresa eskainiko du Nafarroako Ikastolen Elkarteak izan ditzakeen beharrei erantzuteko. Modu berean, Nafarroako Ikastolen Elkartearentzako energiarekin loturiko jarduerak eta estrategiak identifikatuko ditu, beti ere onuragarria suerta dakiokenean.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak, bere aldetik, ikastolak bultzatuko ditu kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izan dadin, eta ahal dela, energia hori ekoizteko bideak ireki ditzaten. Baita ere energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko bideak jorratzen hastea bultzatuko du. Halaber, Ikastolen Elkarteak ikastolako komunitateko kideak, familiak, irakasleak eta langile guztiak animatu nahi ditu ingurumenaren aldeko apustu hau egitera eta GOIENER aintzat hartzera energiaren loturiko jarduerak aurrera eramaten dituztenean.
Gainera, hitzarmen honi esker, bi entitateen konpromisoa gauzatu da eta aurrerantzean elkarrekin lankidetzan aritzeko nahia adostu da bi erakundeetarako onuragarri suertatuko delakoan. Horrela, bi erakundeek aintzat hartuko dute elkar eskaintzen dituzten zerbitzuen komunikazioan, batez ere, iraunkortasun, lankidetza, ondasun erkiderako ekarpena, etika eta balore komunekin zerikusia dutenetan. Modu berean, elkar kontuan hartuko dute erakunde edo entitateen aurrean ordezkaritza korporatiboan, bai testuinguru hurbilean bai nazioarte mailan.