Giro bikaina, Tuteran, Nafarroa Oinezen

Txupinazo batekin, zapi gorriak lepoan jarrita, eman diote hasiera Nafarroa Oinez 2019ri, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian. 3.200 metroko zirkuitua du, lau adarrez osatua: 'Argia', 'Etorkizuna', 'Aniztasuna' eta 'Alaitasuna'. Gune ezberdinetan egunean zehar publiko guztientzako askotariko ekintzak daude prestatuta: kontzertuak, herri kirolak, pailazoak, magoak, tailerrak, haurrentzako tailerrak, puzgarriak… eta goizetik jendetza hurbildu da eskaintza zabal horretaz gozatzera.

Goizeko hamarretan hasi da zirkuitua irekitzeko ekitaldia. Bertan, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Elena Zabaletak Argia ikastolaren egitekoa azpimarratu du, eta Tuteran bezala Nafarroa osoan ikastolen egitekoa defendatu du, euskara eta euskaraz ikasteko aukera ematea nafar eskola-umeei, baina era berean, kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Horregatik, “epai judizial ulertezinen gainetik”, Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen jarraituko dutela adierazi du, baita Erriberan ere, “uste dugulako komunitateen kultur ondarearen barruan hizkuntzek leku nabarmena hartzen dutela. Giza komunikaziorako tresna nagusia denez, gizarte-bizitzaren funtsezko euskarri, identifikazio kolektiboko elementu eta gizarteetako kideen arteko bizikidetza- eta ulermen-faktore dira hizkuntzak. Gure hizkuntza, euskara, gure historiaren ikur eta testigantza da, erabili izan duen herriko  giza taldearen esperientziaren  gordailu eta belaunaldien transmisiorako tresna”, azpimarratu du Zabaletak. Ikastolen ibilbide luzean, fokua “pertsonen adimen sortzailean eta adimen etikoan” jartzen dutela nabarmendu du, “gure lanaren inguruko hausnarketa egiten ikasiz, bizi garen gizartearen behar eta desioetan pentsatuz, beldurra baztertuz eta lidergo berriak urratuz”. Argia Ikastolako sortzaileak ere izan ditu gogoan: “Guraso zein langileek, traba guztien gainetik Erriberako neska mutilek euskara eta euskaraz ikas zezaten izandako gogoa, jarritako ilusioa eta egindako lana ez nituzke ahaztu nahi. Haiek ere argi izan zutelako, mila esker!”.

Festa posible egiteko lanean boluntario ari diren 1.500 pertsonen esfortzua ere goraipatu dute Oinezen, auzo lanari esker lortu baita. «Ilusio eta espektatiba handiz betetako eguna da», onartu du Argia ikastolako lehendakari Maru Erizek, eta talde eta enpresa kolaboratzaileei eskerrak eman dizkie. « Iragana, oraina eta etorkizuna, ahalegineko urteak eta garai bakoitzarekin bat datozen errealitateak, aurrerapenen urteak, lorpenen urteak, euskara eta haren kultura ezagutzeko urteak izan dira, Erriberako errealitate honetan, Nafarroako errealitatean, parte hartu nahi duten pertsona eta familia guztiei kalitatezko hezkuntza-eredu bat eskaintzeko urteak», amaitu du.

Irekiera ekitaldia amaituta, bertaratu diren guztiek Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian osatu den zirkuituaren ibilbidea egin dute. Gonbidatu ugari egon dira. Euskal Herriko ikastoletatik joandako jendeaz gain, Ikastolen Elkarteko  ordezkariak, alderdi politikoetakoak (Geroa Bai, EH Bildu, EAJ, PSN, Ahal Dugu…), Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualde, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, euskalgintza eta euskal kulturakoak,…

Omenduak

Zirkuituari emandako itzuliaren ostean egin da bigarren ekitaldi nagusia. Nafarroa Oinezek ohi duen gisan, omenaldi batekin hasi da. Aurten, Argia ikastolak Errigora ekimena omendu nahi izan du, 2012an hasi zirenetik ikastolari egin dioten ekarpena eskertzeko. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, David Lopez omendu du, Erriberan euskarari bultzada ematen urteotan egin duen lana eskertzeko.

Txikiak handi

Aurtengo edizioan, hizkuntza gutxitua duten ikasleak ahalduntzeko bidean sakontzen jarraitu nahi izan du Nafarroa Oinezek. Aurreko urtean, Altsasu eta Valentziako DBHko gaztetxoak beraien hizkuntzen egoeraren inguruan hausnarketa egiten aritu baziren, oraingoan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak bildu dituzte euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz aritzeko. Baionako Bernat Etxepare lizeoko, Tolosako Laskorain ikastolako eta Tuterako Argia ikastolako ikasleak izan dira Txikiak Handi egitasmoan parte hartu dutenak, eta ikastola bakoitzeko ikasle banak izenpetu eta irakurri dute Txikiak Handi manifestua.

Etorri ez direnentzat deia

Oinezen bildutako diruarekin, Argia ikastolak "bultzada ekonomikoa" jasotzea espero du, "gure proiektua bideragarri egiteko, ikastetxeko instalazioek behar duten mantentze-lanak egiteko eta gaur egun murgilduta gauden proiektu pedagogikoak gauzatzeko egin behar izan ditugun inbertsioek sortutako zorra murrizteko".

Ikastolatik dei egin diete festara joan ezin dutenei www.nafarroaoinez.eus webgunean agertzen den 'zirkuitu birtualaren' zatiak erostera, Oinez Basoa proiektuaren bidez zuhaitzen bat babestera (www.nafarroaoinez.eus/basoa /) edo bere ekarpen ekonomikoa Nafarroa Oinezen webgunean agertzen den kontu zenbakiaren bidez egitera.

Heldu den urtean Lizarran

Ekitaldia amaitzeko, Nafarroa Oinezen lekukoaren aldaketa egin da. Argia ikastolak, Lizarrako ikastolari eman dio lekukoa. Bertako komunitateak hartuko du egiteko hori 2020. urtean, hain zuen ere, Lizarrako ikastolaren 50. urtemuga ospatuko duten urte berean.