2019ko Kilometroak jaia aurkeztu dute
'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura!' lelopean ospatuko da Kilometroak eguna urriaren 6an, Zarautzen. 42 urtean zehar garatzen joan den eredua aldatu egingo da, ordea, 2020tik aurrera. Beraz, egungo moldearekin, zirkuitua, kontzertuak eta bestelako aisialdi-eskaintza oparoarekin atondutako Gipuzkoako ikastolen azken festa-eguna urriaren 6koa izango da. 2020koa antolatzeko ardura Villabona-Amasa eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak hartu du. Dena den, urte osora zabalduko den elkarlan-eredu bat izango da, eta bere egun handia izango du urriko lehen igandean, baina ez da zirkuiturik izango. Erronka eta bestelako proposamen berritzaileak eskainiko dira. Dagoeneko martxan da lantalde bat. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak eman ditu xehetasun horiek.
Nerea Altxu Zarauzko Kilometroetako koordinatzaileak eta Belen Murua zuzendariak, berriz, aurtengo jaia aurkeztu dute. Urte osoan hainbat lantaldetan parte hartu duten lagunei eta babesleei eskerrak emanez hasi dute agerraldia.
Altxuk azaldu du zirkuituak hiru gune izango dituela: Ni-a, Zarautz, malekoian. Bertan, erronkako probak egiteaz gain, herriko hainbat musika-talderi egingo zaie tokia: Skasti eta Pottors eta Klito, kasurako; Hi-a ikastolan kokatuko da. Haur eta familientzat egokitutako hainbat gune izango dira. Hura Mollarrin izango da. Gazteenentzat pentsatutako gunea da. Sonakay, Ane Guria, Bad Sound eta beste hainbat talde izango dira bertan.
Inklusibitatea, feminismoa, jasangarritasuna eta prebentzioa oinarri hartuta antolatu dituzte egitaraua eta bestelako ekimenak. Egun osoan kale-animazioa, jana eta askotariko eskaintzak ez dira faltako. Zarautzen urriaren 6an ziklo bati amaiera emango dion euskararen festa handira batzeko deia egin dute.