Ikastolen erantzuna Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin duten salaketari
Badira bi urte Ordiziako Jakintza Ikastola jazarpen kanpaina bat jasaten ari dela. Herri mailan eta maila handiagoan, gaia Eusko Legebiltzarrera eramateraino, publiko-pribatu dikotomia antzuan oinarrituta, gure ikastola jomugan jarri dute, salaketa funsgabeak erabiliz. Salaketa horien funtsik ezak azaldu ditugu aurretik ere. Jakintza Ikastolak berak desmuntatu zuen afera, joan den apirilean, eta guztiz bat egiten dugu esan zuenarekin. Laburbilduz, hauek ziren arrazoiak:
- Jakintza ikastolak 3 gela ireki eta martxan jartzeko BAIMENA zuen eta dauka. Haur Hezkuntzako maila bakoitzean urtero 75 ikasle jasotzeko eta matrikulatzeko aukera zuen eta du.
- 2018/2019 ikasturterako Jakintza ikastolan HH 3ko bi gela ituntzea planifikatu zuen Jaurlaritzak. Horrek ez du esan nahi ezin zirenik hiru gela martxan jarri, baizik eta bi gela baino gehiago ezin zirela finantzatu. Ondorioz, Jakintza ikastolak 50 ikasle onartzeko aukera zeukan, baina 62 matrikula eskaera jaso zituen eta guztiak onartu zituen.
- Egoera horren aurrean, HH 3ko hirugarren gela bat martxan jartzea erabaki zuen Jakintza ikastolak, zeinaren finantzaketa guraso eta langileen esku geratu zen. Arrazoia? Ez genuelako nahi gure hezkuntza proiektuaren aldeko hautua egin zuten 12 familia kanpoan uztea.
- 2019-2020rako hirugarren gela horren finantzaketa eskatu du berriro Jakintza Ikastolak eta oraingoan lortu du. Ordizian 6 gela daude maila horretan 3 publikoan eta hiru Ikastolan. Maila horretan, haur kopuru guztia hartuta, gela bat gehitu beharra zegoen Ordizian, logikoena gure ustez gehikuntza hori eskaria izan duen zentroan izatea da.
Ez genuen egoera gehiago tenkatu nahi, eta, azalpenak emanda, uste genuen aferak amaiera izango zuela eta normaltasuna itzuliko zela Ordiziako hezkuntza komunitatera. Ez da horrela izan. Izan ere, hiru sindikatuk fiskaltzara joko dutela iragarri dute, ondotxo dakiten arren, Jakintza Ikastolan ez dela inolako irregulartasunik gertatu.
Ordiziako ikastolan eskolatzeko aukera izanda, frogatu den moduan, familia hauek beste herri bateko ikastola batera joan behar dute, sindikatuek aldarrikatzen duten moduan? Zer dela eta? Hamaika familia hauek ez dute askatasunik, aukera egonda, nahi duten ikastetxea aukeratzeko, adin bereko seme-alabak dituzten beste hainbat ordiziar familiak bezala? Ordiziako eskola publikoa kaltetua izan da? Gelaren bat galdu du? Denok dakizkigu erantzunak.
Ikastolok argi dugu eskolatzerako orduan herritar guztien aukera berdintasuna –baldintza berdinak bermatuz– eta hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatu egin behar direla.
Sindikatuon helburua, berriz, argia da: Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoak lehentasun osoa izatea nahi dute matrikulazio garaian, eta gainerako ikastetxeak aukera subsidiarioa bat izatea. Hau da, matrikulazio osoa administrazioaren sare publikoak bere gain har dezakeenean ez dute nahi beste ikastetxeak ituntzerik, soilik beharrezko denean baizik.
Ezin dugu ahaztu azken urteotan jaiotza-tasa jaisten ari dela urtero, eta horrela jarraituko duela hurrengo urteetan; eta neurriak hartu ezean hainbat gela eta ikastetxe desagertzeko arriskuan egon daitezkeela.
Egoera honen aurrean aukera desberdinak daude. Horietako bat da gerra ireki bat hastea hezkuntza eragileen artean, batak besteari ahal diona leporatuz, sare baten lehentasun osoa aldarrikatuz, desagertzeko arriskua beste sareetako ikastetxeetan kokatuz… Beste aukera bat da, berriz, egoera honen aurrean hezkuntza eragileek neurri adostuak proposatzea, esate baterako ratioen jaitsiera, guztiz egingarria aipatutako jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz.
Eta gauza bera esan genezake atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen inguruan. Ikastolok etengabe esan dugu hau herri apustu bat dela, eta, herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugula segregazioaren arriskuari aurre egiteko. Aurreko ikasturtean aldaketa bat nabaritu genuen, ez guk nahiko genukeen intentsitatekoa ezta leku guztietan ere, baina atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea aurreko ikasturteetan baino modu orekatuagoan egin zen. Ikastolen zifra orokorrak bikoiztu egin ziren ikasturte batean.
Ikastolok elkarrizketan eta elkarlanean sinesten dugu. Horregatik, bakera dei bat egin nahi dugu, ezin baitugu bide honetatik jarraitu. Gure hezkuntza sistemak dituen arazoen aurrean hezkuntza eragileen elkarlana ezinbestekoa da. Guztiok dugu pairatutako bidegabekeria zerrenda luzea; bai, denok pairatu ditugu murrizketak, gelak desagertu dira sare guztietan eta funts publikoen banaketan desorekak era pairatu ditugu … baina ezin dugu bakoitzak bere sarearen defentsa irmo bat egin beste sareak desagertzea proposatuz. Bakoitza berean tematzen bada, ez diogu erantzun egoki bat emango gure herriari.
Beraz, sindikatuoi eskatzen diegu, inora eramango ez gaituen bidea, ez bada Ordizian bizi den egoera tenkatzera, albo batera uzteko. Gure aldetik, afera honi amaiera eman nahi diogu, gure burua ikasturteko erronkei begira jarrita dugulako, eta, horretan, gure hezkuntza sistemari bultzada bat emateko estrategiarik onena da guztion artean guztioi dagozkigun gaiak –jaiotza tasaren beherakadaren ondorioak edota atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea, besteak beste– elkarrekin jorratzea.
Ikastolen Elkartea