Ikastolen Elkarteak eta Semente eskolek Elkarlanerako Akordioa izenpetu dute
Elkarlanerako Aliantza izenpetu dute gaur Ikastolen Elkarteak eta Semente eskola galiziarrek. Santiagon egin da izenpetze ekitaldia, Galiziako Letren egunean. Ikastolen Elkartearen izenean, Koldo Tellituk sinatu du akordioa.
Beronen bitartez, besteak beste, honetarako izenpetu dute aliantza:
- Hezkuntzan gure hizkuntzen normalizazioa lortzeko eraginkorrena murgiltze eredua dela gizartea kontzientziatzeko estrategia komunak garatzeko.
- Hezkuntza proiektu herrikoi, autogestionatu, irabazi asmorik gabeko eta hezkuntza tradizionalaren alternatiboak bultzatu, sendotu eta aldarrikatzeko.
- Gure nazioen hezkuntza sistema propioa sortzea mugatzen duten Espainiar Estatuko lege proiektuei aurre egiteko ekimenen koordinazioa aztertu eta bultzatzeko.
- Gure hezkuntza proiektuen garapenean komunikazioa, elkartrukea, elkartasuna eta elkarri babesa ematea bultzatzeko.
- Ikaskuntza eta hobekuntza ekintza bateratuak egiteko, gure esperientzia pedagogikoen elkartrukearen, gogoetaren eta kontrastearen bitartez.
- Hezkuntza materiala elkartrukatzeko.
- Elkarte bakoitzaren egoeraren eta nazio bakoitzaren hezkuntza sistemaren elkar-ezagutza bultzatzeko.
Aliantza honen planifikazioa, ebaluazioa, jarraipena eta koordinazioa aurrera eramateko Semente eta ikastolen Elkartea gutxienez birritan bilduko dira urtean zehar.
Koldo Tellituk adierazi du pozgarria dela Ikastolen Elkartearentzat hainbat ezaugarri komun partekatzen dituen hezkuntza elkarte batekin elkarlanerako aliantza bat aurrera eramatea, berariazko hizkuntza duen eta hezkuntza sistema propioa izan nahi duen erakunde batekin ahaleginak gehitzea eta esperientziak partekatzea. “Estatu Frantseseko zenbait erakunderekin Seaskaren bitartez horrelako aliantzak sinatuta ditugu, baina Estatu espainiarreko batekin sinatzen dugun lehenengo elkarlanerako aliantza da hau”, gaineratu du.
Era berean, Tellituk azpimarratu duenez, “hezkuntza tradizionalaren eta egungo eredu publiko estatal/administratiboaren aldean, bestelako eredu bat, herri ekimenez sortutako hezkuntza proiektu herrikoi, murgiltze ereduko, autogestionatu, irabazi asmorik gabeko eta laiko bat, aurrera atera nahi duten pertsona eta erakundeentzako bultzada eta inspirazio izatea nahiko genuke”. Eta gaineratu du: “Nahiko genuke, baita ere, modu honetako aliantzek, beste proiektu batzuekin batera, beharrezko oinarriak eraikitzen laguntzea gure herrietan eskola nazional bat sortzeko eta gure eskoletatik harago hezkuntza euskaldun eta galegoa sustatzeko”.
Semente eskolak
2011ko azaroaren 2an Compostelan ireki zen lehen Semente eskola, bi eta sei urte bitarteko umeentzako eskola bat, osorik Galegoz. Egun zortzi eskola daude, Haur Hezkuntzakoak keta Lehen Hezkuntzakoak, eta beste hiru irekitzear dira.
Mende honetan galego hiztunen beherakada nabarmena izan da. Egoera honi aurre egiteko, bildu eta galegoaren berreskurapena eta Galiziako kulturaren transmisioa ondorengo belaunaldientzat ziurtatzeko sortu dira Sementeak, Escolas de Ensino Galego.
Semente eskoletan galegoa da komunikazio-hizkuntza, umeen auto-estimu linguistikoa indartzea bilatzen dute, eta Curriculum nazional galego bat osatu nahi dute. Eskola hauen beste ezaugarri batzuk hauek dira:
- Pedagogia eraldatzailea aurreratu eta aurrerakoia dute
- Hezkuntza galegoa da Sementeena, jarduera guztiak galegoz egiten dira.
- Semente eskolak sormen eta berrikuntza espazioak dira
- Laikoak dira.
- Hezkidetza eta berdintasunaren ildoak bultzatzen dituzte. Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei eta gizartean ematen diren bazterketei aurre egin nahi diete.
- Auto-eraketaren bitartez kudeatzen dira Semente eskolak, era asanbleario batean. Horri esker, gurasoek, hezitzaileek eta ikasleek parte-hartze zuzena eta erabakimena dituzte Semente eskolen eguneroko kudeaketan.
- Askatasuna, errespetua eta auto-erregulazio arduratsuak babesten dituzten eskolak dira.
- Heziketa-espazio elkarreragileak dira Semente eskolak.
- Semente eskolak txertatuta daude beren herri eta auzoetan.
- Semente eskolak kultura artekotasun espazioak dira.
- Naturan Oinarritutako heziketa sustatzen dute.