Stephane Cote: "Ikaslearen garpenak irakaslearen pasioa berpizten du"

STEPHANE COTE

PEDAGOGIA 3.0ren SORTZAILEA

“Zenbat eta gehiago aztertu nire irakasteko moduak duen eragina, orduan eta aukera gehiago ematen dit erabaki hobeak hartzeko gelan”

ZER DAGO PEDAGOGIA 3.0 KONTZEPTUAREN ATZEAN? ZEINTZUK DIRA BERE OINARRIAK ETA BITARTEKOAK?

Pedagogia 3.0 niretzako da nire eraginaren azterketa bat. Jarduera ugari egiten ditut ikasgelan, batzuk oso erakargarriak izan daitezke, beste batzuk oso arruntak, baina aldioro neurtzen ari naiz egin dudaren eragina. Horren arabera ebaluatzen ari naiz. Nire haurrei ebaluazioak egiten dizkiedanean, ohartu naiz ez naizela haurrak ebaluatzen ari, baizik eta nire eragina, nik haurrak zerekin jarri ditudan harremanetan.

Proiektu handi bati ekin nion, neurtzeko hainbat abilitate erabiliz, eta horren arabera ebaluazio bat egiten dut, eta orduan ikusi zein haurrentzako baliagarria izan den uneko enfoke hori. Gero, berregin egiten dut beste modu batera, eta berriro neurtu eta ebaluatzen dut, feed-back horrekin.

Hasiera batean, uste nuen Pedagogia 3.0 zerbait ikaragarria izango zela, gelan sartu eta neure burua munduan zehar autostop egiea litzatekeela, eta jende guztiak esango zuela “hau zoragarria da”, eta edonora joan eta esango nuela “egin Pedagogia 3.0, benetan funtzionatzen dizu eta!”

Baina, denborarekin, ikusi dut zenbat eta gehiago aztertu nire irakasteko moduak duen eragina, feed-back-a zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta aukera gehiago ematen didala erabaki hobeak hartzeko gelan. Hau da lehen ondorioa.

Bigarrena da, haurrak interesatuta mantentzea beren garapenean. Fokua mugituz gero emaitzetatik emaitza horiek lortzeko garapenera,konpromiso bat lortzen duzu ikasgelan, irakasle gehienek jakin ere ez dakiten tamainakoa. Beraz, bitarteko bat duzu, zeinaren bitartez umeek konpromisoa hartzen duten beren buruekiko, eta irakasleak denbora daukan pedagogian eta irakastean zentratuta egoteko. Eta honek guztiak denbora ematen dizu. Nik, agian, irakasle arrunt batek baino bi hilabete gehiago dauzkat, behar bada hobea naizelako, baina baita ere umeek azkarrago ikasten dutelako, eta bi hilabete horiek aukera ematen didate nahi dudanerako: ordenagailuetarako, proiektuetarako, haurrek arazoak izan ditzaketen gaietan sakontzeko, adibidez idazketan, gauzak jasotzen ikasteko… denbora daukat irakasteko, haurrek azkarrago ikasten dutelako eta konprometituak daudelako, nik bultzatu beharrik izan gabe.

Beraz, Pedagogia 3.0 da nire irakasteko modua hobetzea gelan gertatzen ari denaren gaineko azterketaren bitartez, denbora guztian. Ebaluazioa da, nik ez dut ezer aldatu.

NOLA LOR DAITEKE IKASLE GUZTIEK ETA BAKOITZAK GARAPEN ARRAKASTATSUA IZAN DEZATEN BEREN IKASKETETAN?

Irakasle guztiek nahi dute beren ikasleek hobetzea. Hori egitate bat da. Sekula ez diot irakasle bati entzun: “Gaur haur guztiek behera egiten ahaleginduko naiz”. Ez da sekula halakorik gertatu.

Baina guztiok bide desberdinak erabiltzen ditugu helburu hori lortzeko. Niri gehien lagundu didana izan da tresna hau eraikitzea haurren fluktuazio guztiei jarraipena egiten laguntzeko. Beraz, haurrek emaitzetan behera egin dutela irudituz gero, nik zerbait behar dut aldatu nire irakasteko moduan, zerbait aldatu behar dut emango diedan hurrengo ariketan. Eta horrek ematen dit informazioa zerbait aldatu behar badut. Bestela, orain arte probatu ez dudan zerbait egiten badut, baina nire haurren fluktuazioa jarraitzen ez badut, arazo handi bat dut eguneko lana amaitutakoan “uste dut nire egitekoak eragina izan duela” esateko. Nire tresnarekin, ordea, esan nezake “gaur nire hogei ikasleetatik hamarrengan eragina izan dut. Beraz, bihar beste hamarrengan eragiten ahaleginduko naiz”

HAINBAT JARDUNALDI PEDAGOGIKOTAN PARTE HARTU DUZU, BAITA TAILER UGARI ESKAINI ERE. ZER NAHI IZATEN DUZU TRANSMITITZEA EKITALDI HORIETAN?

Pertsona lasaia eta baketsua naiz, baina ekitaldi horietan pasioa transmititzen saiatzen naiz. Irakasle askok behera egiten dute beren pasioan. Pasioarekin hasten dira, baina bost, sei, hamar urtera agortu egiten zaie. Ez dut hori atsegin. Nire pasioak ere gorabeherak izan ditu zenbaitetan. Gakoa da irakasle bat bere buruaz pasioa badu, bere bizitza pertsonalean pasioa badu, pasio hori gelara ekartzea eta haurraren garapenean ezartzea. Garapenean pasioa baldin baduzu, sekula ez duzu galduko, beti ikusiko duzulako ikasleren bat garatzen ari dela.

Beraz, partekatu nahi dudana ez da nik, irakasle bezala, zer egiten dudan haurren garapenean, baizik eta irakasleari esatea haurraren garapena lor dezakezula, aldioro gertatzen dela, hori ikusteko bide bat aurkitzen ahalegindu behar duzula, haurrei ere ongi egiten ari direla esan behar diezula. Hori egiten baduzu, hori transmititzen badiezu ikasleei, pasioa itzuliko zaizu, galdu egin baduzu behintzat.

GURE HIRU IKASTOLA BISITATU DITUZU, ETA NOLA LAN EGITEN DUTEN IKUSI AHAL IZAN DUZU. APUNTE ASKO HARTU DITUZU? ZER EGIN ZAIZU DEIGARRI?

Gauza asko egin zaizkit deigarri, baina horietako hiru azpimarratu nahiko nituzke

Lehenbiziko gauza espazioa antolatzen duzuen modua da. Badira zenbait ikerketa eskola politak edukitzeari buruzkoak, politak barrutik, politak kanpotik, eta batzuetan politak iruditzen zaizkizu, baina ez diozu edertasunik ikusten pedagogia aldetik. Horregatik esan nahi dut zoragarria dela kolaboraziorako gelak edukitzea, horma bat ireki eta beste gela baterako sarbide edukitzea edo beste irakasle bat edukitzea edota ikasleak beste irakasle bat eskura izatea hormarik igaro gabe edo korridoretik igaro gabe, leku berean edukitzea. Beraz, espazio fisikoa da lehen gauza azpimarragarria.

Bigarrena da ezin dituzula irakasleak egoera horretan jarri, elkarlanean lagundu gabe, eta bisitatu ditudan ikastoletako batean, ez nago ziur bere izenaz, sentitu ahal izan nuen irakasleen arteko elkarlana. Eta hori niretzako oso hunkigarria da, Kanadan, beno Quebecen, ez dugulako horrelako egiturarik. Ia irakasle guztiek nahi dutena egiten dute euren geletan. Esan diezaiekezu “oso ongi ari zarete lan horretan” baina ez dugu ia partekatzen egiten duguna, ez dugu ikuspegi horrekin lan egiten, eta hori ez da batere ona guretzat.

Beraz, giro adiskidetsu bat duzunean eta elkarlana daukazunean,…  kapitalik handiena eskolan niretzako ez delako haurra, irakaslea da,… irakasle guztiak ez dira horren aldeko, baina elkarlana dagoenean zoragarria da!

Ikastoletan ikusi dudan hirugarren gauza aipagarria haurren adeitasuna izan da. Aukera izan dut ikasgela batzuetan irakaslearekin hamar minutuz edo gehiagoz hitz egiteko, eta bitarte horretan gelako giroa baketsua zen. Egizu hori Montrealen, irakasle batekin hamar minutuz berba egiten egon ikasgela berean, eta zerbait txarra gertatuko da. Ez dut esan nahi estresatuta gaudenik Montrealen, baina guk haurrak gehiago kontrolatu beharrean egoten gara. Zuek, hemen, zerbait desberdina egiten duzue haurrak babestuta sentitzeko, diren bezala onartzen dituztela sentitzeko, eta beste haurrak gogaitu beharrik ez izateko arreta deitzeko.

Bisitatu ditudan hiru ikastoletan ikusi ahal izan dudana da hori, eta deigarria egin zaidana.