JUUL Literatura-hauteskundeak Ikastoletan

Apirila hilabetearen izaera literarioa probestuz, apirilak 2 Nazioarteko Haur eta Gazte Literatura eguna ospatzen denez eta, apirilak 23, Nazioarteko Liburu eguna izango denez, bihar apirilaren 2an, Euskal Herriko Ikastoletan JUUL literatura-hauteskunde eguna ospatuko dugu. Aipaturiko hauteskundeak, ikastoletan irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egiten diren jardueren artean kokatzen dira; Euskaraz argitaratutako liburuak zein liburu ilustratzaileak hautagai izango direlarik. 
 
Bozketa Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko ikastoletan  egingo da, 16.600 ikasle inguru hartuko dute parte. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleak izango dira botaketara deituak. Benetako protagonista ikasleak izanik, aukeraketa egiteaz gain, hauteskunde-mahaian lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan beraiek arituko dira. Horrela, aldi berean, hauteskunde-prozesu bat zer den ikasten dute. Ikasleek botoa emateko bi era dituzte: batetik, boto-txartelaren bidez, eta, bestetik, boto-elektronikoaren bidez. 

Boto emaileak honako kategoria hauetan banatuko dira: A- Haur Hezkuntza – Ama Ikastola B- LH (1. eta 2. maila) – Lehen Maila (1. eta 2. urtea) C- LH (3. eta 4.maila) – Lehen Maila (3. eta 4. urtea) D- LH (5. eta 6. maila) – LM (5. maila) eta Kolegioa (6) E- DBH – Kolegioa (5., 4., 3.a) eta Lizeoa (2.a) F - Batxiler I- ILUSTRATZAILEAK 
 
JUUL web-orria, bozketa-elektronikoa egiteko plataforma izateaz gain, irakasleen irakurketa bultzatzeko baliabideen bilgune ere bada: http://www.juulkanpaina.eus 
Emaitzak, kontaketa egin ondoren eta, dena ongi joanez gero, egun horretan bertan, gauean, jakinaraziko dira.