Stephane Cotek abiatu ditu Ikastolen aurtengo Jardunaldi Pedagogikoak
Ikasgelan egiten diren esku-hartzeak aztertu dituzte, gaur, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan, Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoen lehen saioan. Elkarreraginez ikasle guztien eta bakoitzaren ikas-arrakastaren garapenaz, eta hori lortzeko bideaz hausnartu dute bertaratu diren berrehun irakasle, pedagogia arduradun eta zuzendariek. Stephan Cote hezkuntza aditu quebectarra izan dute bide erakusle.
Irakaskuntzan eman zituen lehen zortzi urteetan, bere ikasleak motibatu nahi izan zituen Stephane Cotek, IKTak integratzen zituzten proiektuen bidez. 33 proiektu desberdin garatu zituen, eta pedagogia horri esker, hezkuntza bikaintasunaren bi sari jaso ditu Kanadan, eta hamahirugarren geratu zen 2006an Kanadan egin zuten irakasle onenen ranking batean.
Gero master bat egin zuen hezkuntza psikologian, motibazioari buruzkoa, eta ostean IKTen aholkulari pedagogiko lanetan jardun zuen lau urtez, hura utzi eta gela barruan Pedagogia 3.0 probatzeari eta frogatzeari ekin zion arte.
Cotek asmatua da Pedagogia 3.0 kontzeptua. Horren bitartez, irakasleak gelan egiten duen esku-hartzean, bere ikasleengan, guztiengan eta bakoitzarengan, duen inpaktua neur dezake, eta ikasleen ikas-arrakastaren garapenean laguntzeko estrategia egokienak zeintzuk diren ebaluatu eta kuantifikatu daitezke.
Probatu eta frogatu du Pedagogia 3.0ren eragina Cotek. Sei urtez aritu da egiteko horretan Quebeceko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailaraino klaseak ematen, ingurune babesgabe, arrunt eta pribilegiatuetan. Irakasleen esku-hartzearen behaketa ere egin du denbora luzez.
Irakasle batek beti du inpaktu bat, eragin bat, bere ikasleengan. Baina eragin hori, estrategia desberdinak erabiliz, eta ikasleei ere erabili araziz, handitu egin daiteke, baldin eta estrategia bakoitzaren eraginak neurtu eta ebaluatzen badira.
Mezu hori eman du gaurko saioan. “Arrakasta aurrerapena da. Ikasle baten kasuan, aurrerapena da arrakasta izatea bere emaitza akademikoak hobetzen. Hori lortzeko bide bakar bat dago, estrategiak aldatzea edo batzuetan gehitzea”. Cotek hainbat estrategia azaldu ditu gelan praktikara eramateko, berak probatuak.
Gela barruko gatazkak ere hizpide izan ditu hezkuntza aditu quebectarrak, eta horiek era egokian kudeatzeko argibideak ere eman ditu, ikaslea gelatik kanporatu aurretik egin daitezkeen urratsak erakutsiz eta deskribatuz, zortzi urratsetan eta urrats bakoitzean hainbat estrategia erabiliz. Berak erabiltzen dituen urratsak dira, eta, aitortu duenez, 2002an kaleratu zuen gelatik bere lehen eta azken ikaslea.
Ikastolen praktika onak
Stephane Coteren bi saioen ostean, ikastoletako geletan egiten diren hainbat esku-hartze ezagutzeko aukera ere izan da jardunaldien lehenbiziko egunean. Oiartzungo Haurtzaro ikastolatik bizikidetza gelan nola lantzen ari diren azalpenak eman dituzte bertako ordezkariek. Oñatiko Txantxiku ikastolakoek eta Bilboko Abusukoek, berriz, ikasleek elkarrekin ikasteko eta elkarri eragiteko ikasketa kooperatiboa gelan lantzeko dituzten estrategiak azaldu dituzte.
Ikasleen profiletik irakasleen profilera
Jardunaldiei hasiera emateko Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk hartu du hitza. Berak azaldu duenez egiteko handi bat dute ikastolek eta, bereziki, irakasleek; “gure ikasle guztien eta bakoitzaren ikas-arrakasta lortzea”. Esfortzu handia egiten ari direla azaldu du, ikasleen irteera profila berregiten, egokitzen, definitzen. “Gure ikasleek ikastolan egindako ibilbidea amaitzerakoan zer nolako pertsonak izatea nahi dugun zehazten ari gara, zehaztu dugu, eta helburu hori lortzeko bidea marraztu behar dugu”, esan du Tellituk. Horrek, ezinbestez, irakasleen egitekoaz gogoeta egitera eraman behar duela gaineratu du: “Irakasleen profila marraztera eraman beharko gaitu. Ikasleari bide hori egiten lagunduko diozuen guztion egitekoa ere birpentsatu, egokitu eta zehaztu beharko dugu”.
Ikastolek hezkuntza eraldatzen ari direla diotenean baieztapen hori non oinarritu badutela azpimarratu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Era berean, gizarteak ere hezkuntzari gero eta gehiago exijitzen diola adierazi du. “Egungo oinarriak aldatu behar ditugu, eta aldaketa hori gelatik hasten da. Planteamendu berriek ikasle bakoitzarengan arreta handiagoa jartzera behartzen gaitu, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzea eskatzen digu, arreta pertsonalizatuago bat”.
Eta hori guztia “egoera normal batean” dagoeneko erronka handi bat dela nabarmendu du Tellituk. “Baina, egun, beste bi erronka handi ere baditugu. Izan ere, alde batetik daukagu ikasleen euskararen ezagutzak eta erabilera mailak behera egin dutela, eta bestetik, berriz, gure hizkuntzaz eta gure kulturaz deus ez dakiten gero eta ikasle gehiago iristen ari zaizkigula ikasgeletara”.
Bi gai hauek herri apustuak direla, esan du. “Euskal Herri euskalduna nahi dugu, eta kanpotik datozenak gure herrian txertatu nahi ditugu, inklusioaren bitartez. Ikastolok argi dugu ikasle etorri berriak gurean gizarteratuko badira, euskaratik eta euskal kulturatik gizarteratuko direla. Hori da gure apustua”.
Horretarako ezinbestekotzat jo du baliabide gehiago edukitzea; hezkuntza sistemak erronken araberako baliabideak edukitzea ezinbestekoa dela, alegia. “Erronka hauei aurre egiteko behar diren neurriei estaldura juridiko-politikoa emango dien akordio bat, Hezkuntza Akordioa, ere beharrezkoa dugu. Eta akordio hori garatzeko beharrezkoa da Hezkuntza Lege berri bat”, gaineratu du.
Katalunian gai honen inguruan hainbat eragileren artean akordio bat lortu dutela gogorarazi du Tellituk. “Ados jarri dira hezkuntza eskubidea aukera berdintasunean bermatzeko neurri sorta batean, eta besteak beste, onartu dute hori bermatzeko egungo inbertsio publikoa eskasa dela, eta berau Barne Produktu Gordinaren %6ra igotzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, eta hezkuntzaren benetako doakotasuna bermatzeko, itunpeko ikastetxeen finantzaketa progresiboki igotzea adostu dute. Han ikusi dute herri apustu bat dela. Hemen ere ekin beharko diogu lanari, ezta?”