21. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak
Korrikaren edukiak lantzeko unitate didaktikoa aurkeztu dute Bilboko Abusu ikastolan Korrikako eta Ikastolen Elkarteko arduradunek, bertako ikasleen laguntzarekin. Hemen duzue unitate didaktikora joateko lotura
Unitateak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik on-line lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.
Unitate didaktiko hau «elkarlan naturalaren fruitua» dela adierazi du Asier Amondo Korrika arduradunak, ia hogei urte baitira Korrikari buruzko lehen unitatea aurkeztu zutenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira.
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta balio handia eman nahi izan dio euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari.
Ikastolek Korrikari egiten dion ekarpena da unitate didaktikoa, eta horren bitartez, hamar egunez Euskal Herria zeharkatuko duen euskararen aldeko egitasmo handi horrekiko atxikimendua adierazten dio, herririk herri eta egunez egun tokiko ikastolek erakutsiko dioten bezala.
Orereta ikastolako irakasle Iñaki Zapirainek egin du unitate hau. Bera ere izan da aurkezpenean, eta Korrika.eus webgunean sartu eta unitatea probatzera animatu ditu ikasle guztiak. Gaurko agerraldian Abusu ikastolako ikasleak ere izan dira, eta haiek erakutsi dute unitatea nola erabili behar den.
Honatx unitate didaktiko honen azalpena.
HELBURUA:
Euskararen erabilera sustatzea eta indartzea. Helburu berarekin lanean diharduen AEK-k antolatutako KORRIKA ekimenaren zergatiaz eta beharraz ohartzea.
IRAUPENA:
Korrika 21 apirilaren 4ean hasiko da Garesen, eta apirilaren 14ean amaituko da Gasteizen.
Korrika kanpainak bi asteko iraupena izango du. Betiere, irakasleen esku geratuko da kanpaina bete-betean jarraitzea edo egun gutxiagotan burutzea.
PROZEDURA:
Bi asteko proposamena da hau, baina ez da ahaztu behar malgutasun osoa dagoela unitatea erabiltzeko garaian, jarduerak gehienak solteak baitira. Horrela, beraz, norberaren gustura antola daiteke lanketa. Bestalde, unitate desberdinetako jarduerak erabilgarri izan litezke beste adin tarte batzuetarako ere. Irakasleen esku geratzen da gainerako unitateak begiratu eta gustuko jarduerak beraien mailetara moldatzeko aukera.
Jarduera bakoitza garatzeko zenbat egun edo saio erabili jakiteko gomendioa ere bertan duzue.
Proposatzen diren jarduerak ez dira soilik Euskara arloan egiteko. Euskararen normalizazioa edozein jakintza-arlotako irakasleen ardura ere badenez, ikastetxeko irakasle eta gainerako hezitzaileen esku-hartzea oso garrantzizkoa izango da helburuak lortzeko garaian.
EGITURA:
Unitateak adinaren arabera antolatuta daude.
Adin-tarte bakoitzari egokia zaion lanketa proposatzen da.
- Haur Hezkuntza (Hegoaldean) eta Ama Eskolan (Iparraldean) lantzekoa.
- 6-8 urtekoekin lantzekoa.(LH 1.zikloa)
- 8-10 urtekoekin lantzekoa. (LH 2.zikloa).
- 10-12 urtekoekin lantzekoa. (LH 3.zikloa).
- 12-18 urtekoekin lantzekoa.(DBH eta DBHO)
MATERIALA ERABILTZEKO ARGIBIDEAK:
Webguneak bi atal nagusi ditu: unitate didaktikoen atala eta gida didaktikoena.
Unitate didaktikoen atala ikasleei zuzendurik dago, bertan aurkituko baitituzte landuko duten unitate didaktikoko jarduerak. Horretarako, beraien adin tarteari dagokion unitatean klika egitea besterik ez dute. HH, LH1 eta LH2 unitateetan gelako arbela digitalean proiektatzeko erabil liteke. LH3 eta DBHko kasuan ordea, ordenagailu eramangarrien bitartez, ikasleek beraiek sartu ahal izango dute webgunean.
Gida didaktikoen atala berriz, irakasleentzako da. Bertan, unitate bakoitzari dagozkion azalpenak aurkituko dituzte. Landuko duten unitatea aukeratu eta honen gida didaktikoa deskargatu beharko dute. Gidan agertuko zaizkie jarduera bakoitzaren nondik norakoak, txantiloiak…
Multimedia atalean, jardueretan erabili beharreko baliabide digitalak eskaintzen dira: aurreko Korrika edizioetako kantak, karaokea....
Azkenik, webgunea atalean, Korrikako webgune ofizialerako sarbidea topatuko duzue.
KIDETZE-PLANAK:
Plangintza hauek ikasle helduak eta gazteagoak kidetzeko proposamena egiten digute. Hainbat jardueratan, kidetze plana abian jartzeko azalpenak aurki daitezke: ipuina, mezu sekretuak eta dantzatzera jardueretan, esaterako.
Kidetzearen helburuak honako hauek dira:
- Elkarrekintzaren bitartez ikasle txiki eta nagusien euskara-erabileran eragitea.
-Ikastetxearen hizkuntz normalizazioan ikasle nagusiak subjektu aktiboak izatea eta ez hartzaile pasibo huts, horretarako ikasle helduenen protagonismoa bultzatzen da.
-Ikasle nagusiek ardurak eta konpromisoak har ditzaten bultzatzea.
-Ekintza honen bidez motibazioa indartzea, batez ere, ikasle nagusiekin.
-Ahozkotasunaren lanketan jardutea. Kontuan hartu unitatea adinen arabera banatu dugula, baina asmoa ez dela, inondik inora, bakoitza bere jardunean ibiltzea besteenaz ohartu gabe. Zilegi da ekintza elkarrekin egitea; kidetzea da horren adibide bat. Amaiera-ekitaldian zein sarrera-irteeretan antola daitezkeen ekintza osagarri guztiak, beraz, ikastetxe osoari zuzendutakoak izan daitezen ahalegintzea komeni da.