Etorkizunerantz, hezkuntza eraldatzen

• • • • • • • •

IKASTOLA

Ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak. Asko jota, susmatu egin dezakegu. Baina badakigu zer etorkizun nahi dugun. Eta, bereziki, badakigu gure ikasleak nolakoak izatea nahi dugun etorkizunean, ikastola utzi eta munduratzen direnerako. Horretarako ari gara hezkuntza eraldatzen, etorkizunari begira, biharko munduari begira.

Etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hezkuntza paradigma berri bat abiatu dugu, martxan da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta proiektu eraldatzaileak ditugu Haur Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren osteko ikasketetarako ere. Irakasle talde sendoarekin, familia konprometituekin, guztia elkarrekin ari gara aurrera eramaten. Hau ez da ikastola baten edo batzuen egitasmoa, guztiena baizik. 111 ikastola gara, 57.000 ikasletik gora ditugu, milaka familia, eta 4.500 irakasle eta langile ez irakasle. Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez. Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta, begirada etorkizunean jarrita ari gara. Etorkizun hori zer izango den ez jakin arren, zer izatea nahi dugun jakin badakigulako; egungo gizartea eraldatu nahi dugu, etorkizunekoa izan dadin hobea, euskalduna, parekidea, berdea, bidezkoa, zoriontsua.

Gizarte berri hori eraikitzeko, gure ikasleak ikastola uzterakoan nolakoak izatea nahi dugun ere badakigu, gure irteera profilean marraztua dugu, eta horretan dihardugu egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.

 

 

Haurra ikastolan sartzen den momentutik haren garapen osoaren ikuspegitik eraldatu dugu pedagogia. 0-6 urteetan, haurrengan ematen diren aldaketak, kognitiboak, zein bere identitate propioa eraikitzetik etorritakoak, edota fisikoak eta emozio aldetikoak, oso handiak dira. Hasi oinez ikastetik, hitzak ikastetik, komunikaziora, sozializaziora… bizitzan ez dago horrenbesteko garapena duen beste etaparik. Haurra ulertzeko moduan izan da eraldaketa, printzipio hauek oinarri hartuz: haurraren izate osoaren errespetua; konfiantza haurraren berezko garapen ahalmenean; haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionalaren bermea. Haurraren izate osoa errespetatuz, irakaslea haren bidelagun izango da, haurrari zer egin behar duen esan beharrean, egiteko gai dela eta egiteko horretan lagundu egingo diola erakutsiko diona.

• • • • • • • •

 

Ikastolan egindako lehen urratsen ondoren, derrigorrezko etapetan sartzen direnerako oinarriak finkatuta, horiek sakonduko dituzte, eta pixkanaka oinarrizko konpetentziak (ikasten eta pentsatzen jakitea, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, nor bera izaten eta egiten eta ekiten jakitea) garatzen eta bereganatzen joango dira ikasleak. Curriculumeko gaiak arloka ikasteaz gain, arlo desberdinak uztartuz ere jardungo dute, proiektu edo erronken bitartez arloak landuz eta bereganatuz joan daitezen. Betiere, irakasle talde prestu eta prestatuen akonpainamendu funtsezkoaren bitartez.

• • • • • • • •

 

Curriculum ofizialaz gain, Euskal Curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian (egoera errealetan oinarritutako erronken eta proiektuen bitartez) oinarritutako eredu pedagogiko eraldatzailea dute ikastolek. Euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, etorkizunerako funtsezko baliabideak eskaintzen dizkie ikasleei. Eredu pedagogiko horren arabera bereganatuko dituzte ikasleek edukiak. Baina, edukiak bereganatzeaz gainera, derrigorrezko ikaskuntza etapak amaitzerakoan, horiek eguneroko bizitzan, egoera errealetan, aplikatzen jakingo dute.

• • • • • • • •

 

Derrigorrezko etapak gaindituta, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen ditu ikastolak. Bai batean, zein bestean, aurreko etapetatik ikasleek ekarri duten ikasteko eta jakintzak eskuratzeko modu berrian sakontzen jarraituko dute. Proiektu eta erronken bitartez jakintzak mobilizatuz ariko dira, edota ikasketak eta praktikak edo lana uztartuz, ikastolako ibilbidea amaitu osteko hurrengo urratsak egiteko (dela unibertsitaterako sarbidea lortzea, dela lanpostu bat lortzea) prestatuago irten daitezen.
 

ETORKIZUNERANTZ, HEZKUNTZA ERALDATZEN