Arizmendi, lehen ikastola ‘changemaker’
Arizmendi da lehenbiziko ikastola ‘changemaker’. Aste honetan, azaroaren 13an, jaso du izendapen hori Ashoka nazioarteko sarearen eskutik, eta sare horretan sartu da. Gizarte berrikuntzaren alde apustua egiten duen fundazioa da Ashoka, aldaketa eragilez osaturiko gizarte bat eraiki nahian. Bost kontinentetan eta 87 estatutan zabalduta dago.
Kalifikazio hau lortu du ibilbide luze baten ondotik, proposatu ziren 456 eskolen behaketa eta hautaketarekin hasi zena. Ikastetxeei bisitak, profesionalei elkarrizketak eta dokumentazioaren azterketak osatzen zuten kanporaketa aldi zenbait igaro ostean, azken txanpa aurtengo urriaren 10ean egin zen, azalpen eta kontrastea burututa zortzi aditurekin eta hogeita hamabi behatzailerekin.
Eskola ‘changemaker’ izendatzeko azken erabakia bideratzeko, zazpi irizpide baliatu ziren:
- BISIO ERALDATZAILEA: Aldaketa-eragileak prestatzeko hezkuntzan ari diren eskolak dira.
- Ikaskuntza aktiboa: Haurrak eta gazteak eguneroko jardunean dira partaideak, erabakiak eta erantzukizunak hartzen dituzte.
- BERRIKUNTZA: Ikastetxe “bereziak” dira, bere buruari galdegiten diotenak eta beren praktikak etengabe hobetzeko arreta mantentzen dutenak.
- ERAGINA: Aitortza jaso duten ikastetxeak dira, beste sare batzuetan ari direnak. Eraldaketa beren eskoletan baino haratago zabaltzean konprometituta daude.
- EKIPOA: Bisio eta helburuak lortzeko ahaleginean pertsona talde edo multzo jarraitua dute (ohiko irakasle taldea baino anitzagoa).
- JARRERA IREKIA: Beste batzuekin euren eredua partekatzeko eta besteengandik ikasteko prest daude.
- PROIEKTU INTEGRALA: Ikastetxearen osagai guztiak hartzen dituztenak dira: Ikaskuntza-espazioak, ebaluazioa, harreman profesionalak, metodologiak, inguruarekin eta komunitatearekin harremanak, curriculum aplikazioa….
Arizmendi kooperatiba integrala da, Hezkuntza- eta gizarte-komunitate bat aktibatzen duena: 3.203 haur, nerabe eta gazte, 4504 guraso, 246 profesional, 696 lankide, 6 entitate kolaboratzaile eta 276 begirale.
Arizmendi ikastola Leintz bailarako Hezkuntza-kooperatiba euskalduna da, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate udalerrietan hedatua. Mondragon taldeko kidea da eta Ikastolen Elkartekoa.
Ashoka sarean aritzeak, ikastolako ordezkarien hitzetan, Arizmendi ikastolaren konpromisoa areagotzea dakar, hezkuntzan Ikastolek eginiko ekarpen eraldatzailea ezagutarazteko, eta -aldi berean- beste testuinguruetatik datozen ekarpenez ikasteko eta hobetzeko.