"Kale?" Ikastolen erantzuna Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformari
Kale?
Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Artikulu honen bitartez, Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformako bi kidek, Ainhoa Astigarragak eta Maribel Lopez de Luzuriagak, urriaren 30ean BERRIAn argitaratutako ‘Ikastolek segregazioari kale’ artikuluari erantzun nahi diogu ikastolok.
Iazko ikasturtean atzerritar jatorriko 4.314 ikasle matrikulatu ziren epez kanpo. Horietatik 250 inguru ikastoletara bideratu zituzten Eskolatze Batzordeek, Hezkuntza Sisteman dugun pisuaren arabera 650 inguru bazegozkigun ere. Esan behar diguzue hori ez dela arrazoi nagusi bat ikastoletan legozkigukeen baino jatorri horretako ikasle gutxiago edukitzeko? Adibide bat jarriko dizuet: bi hilabete pasa dira ikasturtea hasi zela, eta, iaz bezala, oraindik Armentia ikastolari, zuek jomugan jarri duzuenari, ez diote matrikula biziko ikasle bakar bat ere bideratu.
Orain arteko politika ez da zuzena izan, Administrazioak ikasle hauek matrikulazio zailtasunak zituzten ikastetxeetara bideratu ditu, eta ez du kontutan hartu sare eta eskolen arteko oreka; aitzitik desorekatu egin ditu, bai sareak bai sare barruko ikastetxeak. Joera hori antzinakoagoa da, Arartekoaren 2006ko publikazio batean ere ageri baita Gasteizko kasuan jazotakoa –Mugarik gabeko eskola, ikasle etorkinen irakaskuntza Araban, Jesus Manuel Septien Ortiz (2006,) “3.3.2. Ikasle etorkinen banaketa Gasteizen, zentroen arabera”, 77. orrialdea –. Eta ez dugu soilik, zuek diozuen moduan, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea proposatu (zuek ere proposatu zenuten 2016ko otsailaren 15ean aurkeztutako Manifestuan), gaur egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea ere eskatu dugu (hau ere agertu zen zuen Manifestuan). Proposamenak, ikastoletatik datorrenean, egokia izateari utzi dio? Iritzia aldatu duzue?
Gelak “gotortzen” ditugula leporatu diguzue, matrikula biziko ikasleak ez hartzeko xedearekin. Gustatuko litzaiguke matrikulazio garaian gela guztiak betetzea, baina ez da horrela, eta horrela izango balitz ere, eta diozuen xedea izango bagenu ere –eta hori salaketa faltsu eta iraingarria da— behartuta geundeke (ikastetxe publikoak bezala, arautegia guztiontzat baita), legez jarriak dauden matrikulazio kanpainaz kanpoko gelako bina ikasle hartzera. Hori bai, ez diogu uko egingo gure printzipioari: ikastolan matrikulatu nahi duten guztiei ateak irekitzeari. Baita kontzerturik gabeko gelak ireki behar baldin baditugu ere, gertatu izan zaigun moduan. Eta era berean, ez diogu uko egingo beste printzipio honi ere: ez diegu aterik itxiko matrikulazio kanpainatik kanpo gurean matrikulatu nahi dutenei, edo gurera bideratzen dituztenei.
Kuotak atzerritar jatorriko ikasleei edo baliabide urriko familiei ateak ixteko erabiltzen ditugula leporatu diguzue. Agerraldian esan genuen, nahiz eta zuek ezezkoari eutsi, aitortzen dugula kuotak oztopo izatea baliabide urriko familiak gureganatzeko. Baina, era berean, adierazi genuen kuotak ez direla eragozpen izango gurean matrikulatzeko, orain ere ez diren moduan, eta Administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantendu, berritu eta indartuko dugula. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko dela gure ikastoletan. Eta hau ez da karitatea, gizarte ekintza baizik.
Dena den, eta kuotei gagozkiolarik, ezinbestean kobratu behar ditugu. Zuek diozue diru publikoz finantzatuta gaudela ehuneko ehunean. Eta hori ez da egia. Eskola Kontseiluaren azken txostenak jartzen duen bezala –gogoratu erakunde horretatik kanpo utzi gaituztela berriro ere–, itunek irakaskuntzaren %66 estaltzen dute gure ikastoletan, eta gurasoen ekarpenek %21. Eta ikastolok hezkuntzaren doakotasunaren defendatzaile sutsuak gara. Baina baldintza hauetan ezinezkoa zaigu familia bazkideen diru sarrerarik gabe irautea.
Egungo egoeran, luzaroan jarraitu beharko dugu horrela; heldu den urteko aurrekontuetan Hezkuntza Sailaren ekarpenei begiratzen badiegu hauxe da panorama: 1.295 milioi euro bideratu ditu administraziopeko titularitateko ikastetxeetara, eta 643 itunpeko ikastetxeetara (igoera %8,5ekoa izanda publikoan eta %3,2 itunpekoan), bi sareek pisu bera duten arren Hezkuntza Sisteman.
Atzerritar jatorriko ikasleak hartzearen truke dirua eskatzen ari garela leporatu diguzue. 20milioi euro eskatu ditugula itunpeko sarearentzat. Prentsa oharrean oker ageri zen, baina prentsaurrekoan argi esan genuen hezkuntza sistema osoarentzat ari ginela eskatzen (gure webgunean ere hala ageri da). Bestalde, ez al zarete bada zuek ere eskatzen ari baliabide gehiago (baita diru gehiago ere) atzerritar jatorriko ikasle kopuru handiak dituzten ikastetxeentzat?
Gure kontuak lausoak direla ere badiozue. Ikastolok, kooperatiba gara, eta gure kontuak bazkide diren familia guztiek ezagutzen dituzte. Ezagutu bakarrik ez, beraiek onartzen dituzte aurrekontuak eta aurreko urteko balantzeak. Era berean, auditoriak egiten ditugu urtero, eta kontu horiek guztiak Erregistroan daude. Kontu gardenak izatea gure nortasunaren oinarrizko printzipio bat da; ikastolan denak gara gu. Ezin genezake esan gauza bera sare publikoko eskolen kontuen gardentasunaren inguruan.
Hizkuntza ereduen gainean xehetasunetan ez sartzea leporatu diguzue, guk proposamen argi bat jarri dugunean mahai gainean: ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea, gure ikasleek Hezkuntza Sailak bere proposamenean jaso dituen euskarazko gaitasun mailak lortzeko (gutxienez B2 derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan, eta gutxienez C1 Batxilerra amaitzean). Ezin dugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioari aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu behar dira. Araban iazko ikasturtean epez kanpo atzerritar jatorriko 956 ikasle matrikulatu ziren; heren bat A ereduan, heren bat B ereduan eta beste heren bat D ereduan (D eredu itunduan 37 ikasle bakarrik!). Lurralde horretan A eredua ikasleen %7,8 daude matrikulatuta, %34,8 B ereduan eta %57,3 D ereduan. Oraindik hamar ikasletik lau euskararik gabe uzten ditugu Araban, eta matrikulazio epez kanpoko hamar ikasletik sei. Horrek hizkuntza segregazioa betikotzen du.
Urbanismoaz diogu hezkuntza eragileok gutxi egin dezakegula, arlo politiko orokorrean hartu behar direlako erabakiak hiriguneetan gettho-ak ez sortzeko. Hala ere, hori ezin bada ekidin, bi neurri hartu beharko lituzke Hezkuntza Sailak: 1) Eremu horietan dauden ikastetxeen arteko orekari eustea; 2) Baliabide berezien politika: integratzeko politikak ezartzeko behar diren baliabideak eskaintzea ikastetxe horietan. Eta uste dut, zuen plataformatik ere eskaera horiek egin dituzuela.
Hezkuntza Lege berri bat eskatzen ari gara, bai, egungoak hezkuntza sistemaren erdia bakarrik biltzen duelako, zaharkitua dagoelako, ez dielako erantzuten etorkizuneko erronkei eta publiko/pribatu dikotomia faltsua alboratu behar delako hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta. Guk proposatzen dugun legea ez da Eusko Jaurlaritzarena. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastola guztien artean landu genuen iaz. Proposamen hori publikoa da eta kontsulta dezakezue.
Gatozen harira gu ere, zuek aipatzen duzuen azkeneko puntura, azken batean horixe baitzen zuen artikuluaren funtsa, gainerakoa puntu horretara iristeko zeharbidea baitzen. Gure buruaz beste egiteko proposatu diguzue, desagertzeko, eskola publikoaren sarean diluitzeko, gaur egun indarrean dugun sistema publiko jakobino eta españolistan diluitzeko… gurea gainetik kenduta, “benetako” batailari, kristau eskolen aurkakoari, heltzeko aukera izango duzue eta.
Hori bai, Jaurlaritzaren eskuzabaltasunarekin. Eskuzabala izan beharko, publifikatuko bagina egun jasotzen duguna baino %34 gehiago beharko baikenuke soil soilik egungo egoerari eusteko.
Baina lasai bego Eusko Jaurlaritza, ez dugu-eta suizidiorako gonbite hori onartzen. Aukera hori proposatzeak aditzera ematen du erakunde publikoei lotutako publikotasunaren ikuspegi hertsia, herri honetako herri mugimenduenganako errespetu falta, auzolanari begirunerik eza, kooperatibenganako mespretxua, erakunde publikoetatik at egiten den herrigintzarenganako herra, ‘Euskal erditik’ begirako ikuspegia … edo, sinpleki, berea defenditzeko itsukeria hutsean, etsai bat asmatu beharra. Gure mugimendua ezagutzeko bi irakurketa proposatzen dizuegu: Euskaltzaindiak argitaratutako Ikastola Mugimendua, dabilen herria liburua, batetik; eta, bestetik, aurten bertan Elhuyar Aholkularitzak kulturaren, nortasunaren eta identitatearen inguruan egin duen ikerketa Euskal Herriko hiru proiektu oinarri hartuta (Ikastolen Elkartea, Elkar eta Argia).
Segregazioaz, inklusioaz, murgiltze ereduaz, hezkuntza legeaz, publikotasunaz… gai horiez guztiez eztabaidatu eta akordioak lortu beharrean gaude hezkuntza eragileok, agintari eta hautetsiok, eta gu prest gaude horretarako; guretzat Euskal Herriko hezkuntza sistemaren gaineko eztabaidak lehentasuna du. Baina azken lau hilabeteotan, hedabide desberdinek antolatuta, hiru mahai ingurutara gonbidatu gaituzte. Horietatik bi bertan behera utzi behar izan dituzte, zenbait gonbidatuk azkenean atzera egin dutelako. Guk, dena den, prest jarraitzen dugu gure ideiak partekatzeko, eztabaidatzeko eta adosteko.