Atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzeaz
Ikastolok argi dugu: atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea herri apustu bat da, eta, herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu segregazioaren arazoari aurre egiteko; hau da, hezkuntza eragile guztiok konpromisoa izan behar dugu horretan eta Ikastolok, geure erantzukizunak betetzeko prest egoteaz gainera, gurekin nahi ditugu. Segregazioa arazoa delako guretzat ere, eta geuk ere bukatu nahi dugu bazterketa hori.
Orain dela 40 urte ikastolok integrazio bidean apustu egin genuen euskalduntze prozesuan 2 urteko gelak irekita, nahiz eta horrek kostu handiak ekarri zizkigun bere finantzazioan. Eta orain ere politika bereziak aurreikusita dauzkagu etorkin jatorria duten ikasleak eskolatzeko bidean (10 urte baino gehiago dira gure plana diseinatuta eta martxan dugula).
Dena den, ezin dugu ahaztu hezkuntza aukera inklusiboak ikasleen egoera desberdinak hartu behar dituela kontuan, ez bakarrik jatorri atzerritarra duten ikasleena: beharrizan bereziko ikasleena, genero desberdintasuna, sexuarena, gizarte desberdintasuna, erlijioena …, eskolak aprendizaiarako beharrizan-aniztasunari arretaz erantzun behar baitio.
Noski, ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean: atzerritar jatorria duten ikasle gehienak, Eskola Kontseiluaren azken txostenaren arabera, eskola publiko zein kontzertatu batzuetan eskolatzen dira, eta horrek ez du laguntzen eskolatze hori modu inklusibo eta orekatuan eta aniztasuna ziurtatuz izan dadin.
Aitortu behar dugu, beste sareetan bezala (publikoan eta Kristau Eskoletan, Eskola Kontseiluaren azken txostenean jasotzen den bezala), gure ikastoletan ere ez dela egoera homogeneo bat ematen; zenbait ikastolatan atzerriko jatorria duten ikasleen ehuneko azpimarratzekoa ematen da, beste batzuetan, aldiz, oso txikia da presentzia hori. Eta gure azken ikerketaren arabera, kuotak ezin dira erabili arrazoi gisa esplikatzeko zergatik dagoen ikastola batzuetan besteetan baino atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia handiagoa.
Gainera, hizkuntza ereduek nabarmen eragiten dute desoreka honetan, kanpotik datozen ikasleen familia askok hizkuntza eta kultura hegemonikoen eredura jotzen baitute. Eta horrela, euskara da zenbait herritan, gurean ez matrikulatzeko arrazoi nagusienetako bat. Beraz, txosten honetan proposatzen dugun aldaketak, murgiltze eredua ezartzearekin elkartuta (hizkuntza ereduak gaindituz) aukera paregabea ireki lezake gure hizkuntzaren normalizazioan beste urrats bat egiteko.
Beraz, galdetu behar dugu nola iritsi garen egoera honetara, zeintzuk diren desoreka honen arrazoiak. Ikastolon ustez ez dago arrazoi bakarra, bat baino gehiago daude; hona hemen, gure ustez, garrantzitsuenak (ordena kontutan hartu gabe):
- Atzerriko jatorria duten ikasleak bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen dira, eta horien matrikulazioa Administrazioak bideratzen du. Matrikulazio garaitik kanpo datozen ikasleak ezin dira zuzenean matrikulatu ikastetxe batean edo bestean; Eusko Jaurlaritzak erabakitzen du non matrikulatuko diren, Eskolaratze Batzordeen bidez (Hezkuntza Saileko organo bat da, guztiz teknikoa). Eta ia beti, dagokion herrian matrikulazio arazoak dituen ikastetxera bideratzen du ikaslea. Ikastolen esperientziaren arabera, behin ikasleak leku batean matrikulatu ondoren ez dira joaten beste ikastetxe batzuetara.
- Urbanismoa: herri eta hiri handietan, desoreka handia dago auzoetan, familia etorkinen eta baliabide ekonomiko urrikoen kopuruetan.
- Ikastetxeen hezkuntza-proiektuan hizkuntza ereduak eta erlijioak duten pisua.
- Kultura eta hizkuntza hegemonikoaren eragina.
- Ekonomikoak: sare kontzertatuan kuotak kobratzen diren neurrian, familia batzuentzat honek arazo bat suposatzen du.
- Baliabideak: Administrazioak ez ditu jartzen baliabide berak itunpeko sarean edo administrazio sarean eskolatzen diren etorkin jatorriko ikasleen egokitzapena bideratzeko.
Eta honen aurrean zer egin? Zer proposatzen dugu ikastolok?
1.- Matrikulazioa garaitik kanpo eskolatzearen aurrean: Orain arteko politika ez da zuzena izan, Administrazioak ikasle hauek matrikulazio zailtasunak zituzten ikastetxeetara bideratu ditu, eta ez du kontutan hartu sare eta eskolen arteko oreka. Beraz, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea eta gaur egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea proposatzen dugu.
2.- Urbanismoa: Atal honetan hezkuntza eragileok gutxi egin dezakegu, arlo politiko orokorrean hartu behar dira erabakiak hiriguneetan gettho-ak ez sortzeko. Hala ere, hori ezin bada ekidin, bi neurri hartu beharko lituzke Hezkuntza Sailak:
- Eremu horietan dauden ikastetxeen arteko oreka.
- Baliabide berezien politika, integratzeko politikak ezartzeko behar diren baliabideak eskaini ikastetxe horietan. Administrazioak, arreta eman behar die profil sozioekonomiko baxuena duten eta bazterkeria arriskuan dauden ikasleak dituzten ikastetxeei. Ikastetxe hauek beharrezko baliabideak jasoko dituzte.
3.- Ikastetxea hautatzea. Eskolatzerako orduan herritar guztien aukera berdintasuna (baldintza berdinak bermatuz) eta hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatu behar dira. Horrela Ikastetxeek argibideak emateko eskubidea izango dute eta “Lurralde eskolatze guneak” sortzea egoki ikusten dugu, baina batez ere herri anglosaxoietan erabiltzen den metodologiari deritzogu egoki: gune independenteak eta eskolen funtzionamenduari buruzko adierazle objektiboak argitaratuz.
4.- Kultura eta hizkuntza hegemonikoen eragina: Honen aurrean proposamen argi bat daukagu: ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea, gure ikasleek gutxienez Hezkuntza Sailak bere proposamenean jaso dituen euskarazko gaitasun mailak lortzeko. Ezin dugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleek gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioei aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu behar dira.
5. Ikastolen Harrera planak. Behin ikasle hauek ikastoletara etortzea lortuta, lortu behar dugu bertan geratzea. Ikastola bakoitzak bere harrera plana du. Aniztasunaren integrazioa ikastolaren jardueraren ildoa da, beharrizan bereziko ikasleek ikastola guztietan tokia dute. Horretarako konfiantza eman behar diegu gure ikastoletara iristen diren atzerriko jatorria duten ikasleei.
6.- Ekonomikoak: itunpeko ikastetxeetan kuotak kobratzen ditugu. Eskola Kontseiluaren azken txostenak azaltzen duen bezala, Administrazioak ikastetxe hauen gastuen %66 finantzatzen du, eta gainerako guztia gurasoek ordaintzen dute (txosten horren arabera hezkuntza gastuen %21a familiek ordaintzen dute). Horren aurrean ezin dugu asko esan, baina Administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantenduko dugu. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko da gure ikastoletan. Hori bai, hainbat berritasunekin, eta horrela oso ezaguna izan beharko da ikastolaren ingurune geografikoan, jendeak (behar dutenek) sistema horretara jotzeko posible den naturaltasun eta diskrezio handienarekin. Ez dadila izan eta ezta iruditu ere karitatean oinarritutako sistema bat dela; objektibatua egon behar da, ikastolako urteroko aurrekontuetan aurrez ikusita egon behar da, aukera ezberdinak eskaini behar dizkie ordaindu ezin duten familiei, hainbatek zerbaitetan “laguntzea” nahiago izaten baitu ordainketatik salbuetsita egotea baino.
7. Udaletxeen parte hartzea. Segregazioaren arazoa ez da bakarrik hezkuntzarena, eta horregatik ikastoletako harrera planak aipatzen ditugun bezala, era berean herri eta auzoetan administrazioek bultzatutako harrera plan integralak egon behar direla pentsatzen dugu. Horrela egokia izango litzateke eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duten ikasleekin.
8.- Orain dela 11 urte ikastolok atzerritar jatorria duten ikasleen integrazioa bideratzeko ikerketa bat egin genuen, eta proposamena egin genion Hezkuntza Sailari. Egin beharreko urrats guztiak azaltzen genituen, baita horretarako beharko litzatekeen diru kopurua kalkulatu ere. Ordutik ez dugu inolako erantzunik izan, eta Administrazioak ezartzen dituen baliabideak gero eta urriagoak dira. Gure ustez, horretarako bideratzen den diru kopurua biderkatu egin beharko luke, eta urteko 20 milioitik gora inbertitu beharko lituzke helburu honekin, hezkuntza sistema osoan.
Amaitzeko, gai honek, beroni lotutako zeharkako beste gai batzuek, eta aipatu ez ditugun beste batzuek agerian uzten dute hezkuntza sistema osotasunean arautuko duen lege bat egiteko premia.