Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista komiki albumaren aurkezpena
Gaur goizean aurkeztu dugu HAUR BESOETAKOA: PARISTIK DATORREN ARTISTA komiki liburua, Xabiroi Bildumaren hamaikagarren zenbakia. Donostiako Komikigunean egin da aurkezpena, eta bertan izan dira albumaren egileak, Unai Iturriaga bertsolaria eta Alex Sanvi ilustratzailea, Xabiroi komiki aldizkariko zuzendari Dani Fano, eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artola.
Haur Besoetakoa sailaren bilduma da aurkeztutakoa, Xabiroi aldizkariaren hainbat zenbakitan argitaratzen joandakoa, baina bilduma egiteko orduan moldatua izan dena. Gainera, sail honetako bigarren albuma da hau, aurretik, Haur Besoetakoa: Litxarrerien jauna argitaratu baitzen.
Haur Besoetakoa komiki ganberroa da, nobela beltz bat, haurren munduan girotua, egia handi eta biribilak kontatzen dituena, mozorrotuta. Aurreko albumetik hona, denbora bat igaro da, eta gauzak asko aldatu dira Haur Besoetakoaren munduan.
“Ihes egitea zaila bada, are zailagoa itzultzea, ahaztuen zerrendatik irten eta gailurreraino berriro iristea. Horrela dabil HB [Haur Besoetakoa]. Lehengo lagunak bizirik ote? Lo-li-ta izan zuen salbatzaile, baina aldi berean etsai; ezin inorekin fidatu. Zailtasunak zailtasun, HB ez da jaio erdipurdikoen lohian plisti-plasta ibiltzeko. Kosta ahal kosta bereganatuko du berriz Litxarrerien Jaunari dagokion lekua. Itzuli da HB!”. Horrela dio album honetako sinopsiak. Eta jarraitzen du: “Baina oraingo honetan Beste Aldetik dator mehatxua. AIMAk saldoka datoz ihesi haurren mundura, helduen mundutik errefusatuak. Zertaraz datoz ordea? Ba al dago heldu onik? Lo-li-taren eta HBren mundua arrisku larrian dago”
Xabiroi aldizkaria 50. zenbakira iristen
Ikastolen Elkartearentzat ohore bat da, urteotan guztiotan, eta jada hamahiru badira, Xabiroi egitasmoa bultzatu izana. Duela hamahiru urte sortu, eta berrogeita hamargarren zenbakira iristear da Xabiroi aldizkaria, abenduko uzta izango denak izango baitu ohore hori.
Ikastolen Elkartearen baitan sortu zen Xabiroi komiki aldizkaria, eta zehazki Euskaraz Bizi proiektuaren barruan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko bitarteko erakargarria izan zitekeela pentsatuta. Euskaraz Bizi Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan zentratuta egonik, DBH eta Batxilergorako gauza gutxi zeuden gazteak euskararen erabilerara erakartzeko, eta erabilera hori zein irakurzaletasuna biak batean bultzatzeko sortu zen Xabiroi.
Era berean, beste bi helburu ere bete zituen: batetik, gazte eta helduentzako euskarazko komiki eskaintza egitea, ordurako desagertu baitziren Xabiroiren aurrekoak; bestetik, berriz, kaleko euskara jasotzeko eta berritzeko aukera eman zuen komikiak, hizkuntza zuzena erabiltzen baitu.
Helburu nagusiak horiek izanik ere, Xabiroik beste batzuk ere lortu ditu. Nagusietakoa izan da euskal komikigintzari erakusleiho handi bat eskaintzea, irudigile eta gidoilariak harremanetan jartzea, eta horientzako sare bat osatzea. Gaur egun, Xabiroiren inguruan dabil euskal komikigintza
Berrogeita hamar zenbaki laster, eta hamahiru mila etxetara iristen da Xabiroi. Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak esan duen bezala, “harro gaude emaitzarekin, harro kopuru horiekin, baina bereziki harro ekimen honen bitartez lortu dugunarekin: goi mailako komikigintza euskararen munduari eskaintzea”.