Baxoa euskaraz egitea galdegin dute ikasleek, beste behin
Unibertsitatean sartzeko derrigorrezko azterketak hasi dituzte gaur ikasleek, eta beste behin ere Baxoa osorik euskaraz egiteko aldarrikapenari eutsi dio Seaskak. Iparraldeko ikastolen ordezkariek elkarretaratzera deitu dute gaur goizean, eta ehun ikasle inguru batu dira deira, Rene Cassin azterketa zentroaren atarian, Baionan
Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aldetik "inolako borondaterik ageri" ez dela salatu du Seaskak agiri batean. Promesak ez direla betetzen gaineratu du, izan ere, urteak dira Hezkuntza Ministerioak, Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez Baxoaren azterketak euskaraz egiteko urratsak hitzeman zituela. Baina ordutik ez dute urratsik egin.
Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek ikasketa guztiak euskaraz egin arren, ezin dute euskaraz egin Baxoaren azterketa guztiak. Aitzitik, Historia, Geografia eta Matematika azterketak bakarrik egin ditzakete euskaraz.
Euskal Konfederazioak ere bat egin du gaurko elkarretaratzearekin.